2021-01-21 11:10

Egun hauetan 55 urte bete dira Rikardo Arregik, beste euskaltzain batzuen babesaz, gerora AEK bilakatuko zen ekimena abiatzeko eskaria igorri ziela Euskaltzaindiko kideei; alegia, Helduen Alfabetatze eta Euskalduntzearenpremia lehendabizikoz azaldu zienetik.

55 urte geroago, AEK-k berretsi egin nahi du egun ere Helduen Euskalduntze eta Alfabetatzeak berebiziko garrantzia duela, inoiz Euskal Herria euskalduna izan dadin erdietsiko badugu.

Gertaera hura gogoan, gaurko ohar hau baliatu gura dugu euskal jendarteari adierazteko —KORRIKArik egin ezin izango dugun urte honetan, eta Helduen Euskalduntze-Alfabetatzearen garrantzia aldarrikatzekotan— Korrikak amaitu behar zuen egun berean (martxoaren 28an), Euskal Herriko hainbat
tokitan* elkartzeko asmoa dugula; eta dei egiten dizuegu euskaltzale guztioi egun hori zeuen agendetan gorde dezazuen. Ekimen horren nondik norakoak aurrerago jakinaraziko ditugu.

Gora Euskal Herri euskalduna!
*ekitaldi xumeak izango dira, unean uneko osasun-neurrietara zeharo egokituak

AEK
AEK-k (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea) euskararen berreskurapena eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea ditu helburu. Helduen euskalduntze alfabetatzean aritzen den elkarterik garrantzitsuena dugu eta, Euskal Herri osoan lan egiten duen bakarra, administrazio-banaketen gainetik. 100 euskaltegi eta gau-eskola baino gehiago eta 600 irakasle inguru ditu. Bi urterik behin, AEK-k Korrika antolatzen du, euskararen aldeko ekitaldirik garrantzitsuena.