2018-10-10 10:31

AEK-k bultzada eman nahi dio iaz sorturiko eta kirolari eskainitako euskarazko aldizkariari. Hala, hitzarmenaren ondorioz, AEKren euskaltegi guztiak Harmailaren harpidedunak izango dira, eta irakasle eta ikasleek beste tresna bat izango dute eskura. Are gehiago, aldizkariak harpidetza-eskaintza berezia bermatuko die AEK-ko kide guztiei, bai eta AEK-ko zerbitzu-erabiltzaile guztiei ere.

Horrez gain, Harmailak eta AEK-k beste aukera batzuk jorratzeko konpromisoa hartu dute; adibidez, AEK-k sortzen dituen baliabide didaktikoetan aldizkariaren edukiak erabiltzea. Era berean, aukera ikusiz gero, mahai-inguruak, bisitak... antola litezke.

Hitzarmenaren iraupena urtebetekoa izango da.

 
AEK
AEK-k (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea) euskararen berreskurapena eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea ditu helburu. Helduen euskalduntze alfabetatzean aritzen den elkarterik garrantzitsuena dugu eta, Euskal Herri osoan lan egiten duen bakarra, administrazio-banaketen gainetik. 100 euskaltegi eta gau-eskola baino gehiago eta 600 irakasle inguru ditu. Bi urterik behin, AEK-k Korrika antolatzen du, euskararen aldeko ekitaldirik garrantzitsuena.