2018-11-19 10:16

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte egingo da Euskaraldia eta ekimena babestu dugu 21. KORRIKAren aurkezpenean. Era berean, euskaltegietan, ikasleek nahiz irakasleek egunero bat egin dute ekimenarekin. AEKren mintzapraktika egitasmoetako partaideei gonbitea egin zaie, eta, horrez gain, Ahize-AEK-k prestakuntza eskaintzen du Euskaraldia 11 egun euskaraz ekimeneko parte-hartzaileak trebatu eta ahalduntzeko.

AEK Euskaraldiaren sustatzaile eta babesleetako bat da, euskara normalizatzeko eginkizunean elkarlanean, auzolanean eta aktibazioan guztiz sinesten duelako. Gainera, AEKn uste dugu Euskaraldiak lan egiteko bestelako moldeak ekarriko dituela, sareak eraikitzeko baliagarria izango dela, eta tresna indartsua bihurtuko dela euskarari prestigioa emateko.

Klika. KORRIKAren beraren mamiari erreparatuta, Asier Amondo KORRIKAren arduradunak eman ditu azalpenak. «Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea». Hala dio 21. KORRIKAren mezuak. Erabat lotuta dago, beraz, Euskaraldiarekin eta ohitura aldaketarekin. Konpromisoak hartzeko garaia dela esan du Amondok.

 Irudian, Galdakaoko Barandiaran AEK euskaltegiko ikasle eta irakasleak.

AEK
AEK-k (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea) euskararen berreskurapena eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea ditu helburu. Helduen euskalduntze alfabetatzean aritzen den elkarterik garrantzitsuena dugu eta, Euskal Herri osoan lan egiten duen bakarra, administrazio-banaketen gainetik. 100 euskaltegi eta gau-eskola baino gehiago eta 600 irakasle inguru ditu. Bi urterik behin, AEK-k Korrika antolatzen du, euskararen aldeko ekitaldirik garrantzitsuena.