2018-06-15 12:09

Aurten, euskararen normalizazioa ziztu bizian bizkortzen ari den lurraldea nabarmendu dugu, Araba, hain zuzen. Hori dela eta, 2018.urtean, Gasteizko AEK-ko euskaltegietan ari diren hiru ikaslerekin hitz egin dugu; are gehiago, hiru emakumerekin. Izan ere, datuen arabera, emakumeak dira nagusi euskaltegietan, eta, hori gutxi balitz bezala, emakumeek gehiago erabiltzen dute euskara.

Horrenbestez, Tamara, Leire eta Ainhoa ezagutuko ditugu. AEK jendea dira, eta guretzat plazer handia da tarte hau haiei eskaintzea.

Tamara eta Leire gazteak Arana eta Aixkiria AEK euskaltegiko ikasleak dira, hurrenez hurren. Tamara, Nafarroako hegoaldeko herri txiki batekoa bera, Gasteizen bizi da, eta bertan euskaldundu du bere burua. Jende askori gertatu bezala, lorpen horrek harro sentiarazten du, eta, gainera, pertsona irekiagoa izateko bultzada eman dio. Leirek, berriz, bestelako bidea egin du euskararekin. Txikitatik ikasi du euskaraz, eskolan nahiz unibertsitatean. Dena den, guztiz bat dator euskaltegietan ugaritzen ari den profil jakin batekin: C1 mailako egiaztagiria eskuratzeko azterketa prestatzeaz gain, euskara maila hobetzeko asmo tinkoarekin hurbildu da AEKra.

Tamara eta Leire, bide desberdinetatik datozen arren, antzeko egoeran daude: pozik eta harro euskaltegian, eta tinko eutsita euskaraz bizitzeko konpromisoari.

Azkenik, Ainhoa Zadorran bertan bizi da, eta bertako euskaltegian ikasten ari da.
Gasteiztarra da, eta, aitortu digunez, euskara gero eta gehiago erabiltzen du bere bizitzako hainbat arlotan. Horien artean, alabak rol garrantzitsua jokatzen du, euskara ikasteko eta hobetzeko arrazoi nagusietakoa baitu. Hori dela eta, Ainhoa eta alaba ohikoak dira udako familia-barnetegietan.

 

AEK
AEK-k (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea) euskararen berreskurapena eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea ditu helburu. Helduen euskalduntze alfabetatzean aritzen den elkarterik garrantzitsuena dugu eta, Euskal Herri osoan lan egiten duen bakarra, administrazio-banaketen gainetik. 100 euskaltegi eta gau-eskola baino gehiago eta 600 irakasle inguru ditu. Bi urterik behin, AEK-k Korrika antolatzen du, euskararen aldeko ekitaldirik garrantzitsuena.