2020-12-04 12:27

Ohi duten moduan, AEK-k eta AIZU! aldizkariak aurten ere hartuko dute parte Durangoko Azokan. Dagoeneko jakina da Azokaren 55. edizioa guztiz eraldatua datorrela pandemiaren eraginez. Ondorioz, www.durangokoazoka.eus webgunean online denda sortuko da estreinakoz, eta hori izango da salerosketa gune bakarra aurten. Azokazaleek bertan eskuratu ahal izango dituzte produktu guztiak, baita AEK-AIZU! erakusmahai birtualean aurkituko dituztenak ere: AIZU! aldizkariaren harpidetza egiteko bi modu, urteko azken bi zenbakiak eta Primeran! langai didaktikoak. Abenduaren 4tik 8ra bitartean erositako DA! produktu sorta etxean jasoko du kultur zaleak.

AIZU!ri dagokionez, edizio honetan salmenta beste modu batean egingo denez, erosleak AEKren aldizkariaren azken bi aleak eskuratzeko aukera paregabea izango du, oso modu onean: bost euro, 451. eta 452. zenbakiak (abendukoan, labetik atera berria, Izaro abeslaria da elkarrizketatu nagusia). Bestalde, esan bezala, harpidetza bi eratan egin ahal izango da. Alde batetik, harpidetza murriztua (4 zenbaki, 10 euro), berariazkoa, batik bat, aldizkaria ezagutzen ez dutenentzat; eta bestetik, urteko harpidetza (10 zenbaki, 23 euro). Eskaintza guztiek izango dute, hortaz, beherapen polita Durangoko Azokan, aldizkari batek 3,10 € balio baitu. Gainera, harpidetzaren bat egiten dutenek (murriztua zein urte osokoa) Izaroren azken disko sinatuaren (Limones en invierno) zozketan parte hartuko dute.

AEKren “erakusmahaian”, bestalde, Primeran! langai didaktikoak ere aurkituko ditu bisitariak. Helduen euskalduntzean aurrez aurreko eskuliburu edo klaseko material modura erabiltzeko pentsatuak, bost elementu ditu B1 mailako unitate bakoitzak: ikaslearen liburua (ikasleak ikasgelan burutu beharko dituen jarduera nagusiak egiteko materiala), ikaslearen lan-koadernoa (ikasgelan burutzeko jarduera osagarrien zerrenda eta materialak), irakaslearen liburua edo gida, ikus-entzunezkoen DVDa, eta lan-koaderno digitala (klaseko programazioaren online osagarria).

Eskaintza ederra, hortaz, euskara ikasten zein irakasten ari den ororentzat, eskolarako material iturri garrantzitsua.

AEK
AEK-k (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea) euskararen berreskurapena eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea ditu helburu. Helduen euskalduntze alfabetatzean aritzen den elkarterik garrantzitsuena dugu eta, Euskal Herri osoan lan egiten duen bakarra, administrazio-banaketen gainetik. 100 euskaltegi eta gau-eskola baino gehiago eta 600 irakasle inguru ditu. Bi urterik behin, AEK-k Korrika antolatzen du, euskararen aldeko ekitaldirik garrantzitsuena.