2018-11-05 12:28

Urteak joan dira izarren hautsa bizigai bilakatu zenetik, baso eta zelaiak aldatu egin dira, eta haietan barrena ibiltzen diren mendizaleak ere bai. XXI. mendeko lehen bi hamarkadak betetzear daude, denbora aurrera etengabean, eta gu izan ginenari eusten saiatzen gara, teknologian, harremanetan, komunikazioan edo lan-munduan aurkitzen ditugun berrikuntzetara egokituta.

Garai honetan, gure hizkuntzak ere zabaldu ditu bideak eta aireak, hartu du arnasa, egin ditu urratsak, elkartu ditu eragileak, aktibatu ditu euskaltzaleak, gainditu ditu hainbat eta hainbat oztopo. Euskaraz mintzatzen eta jolasten gara, eta lan eta bizi ere halaxe egin nahi dugu. Horretarako, 2018a Euskaraldiaren urtea izango da, pertsonon artean, bestelako hizkuntza-praktikak bultzatzeko ekimenarena, hain zuzen.

Alabaina, hitz margotu hauek eskutitz batean bidaltze hutsa ez da nahikoa; guztiok (euskaltzaleak, herri-eragileak, administrazioak...)elkarrekin egin behar dugu aurrera, gogotsu, indartsu eta ilusioz. Egun, euskara itsaso gardena dugu, eta inoiz baino baldintza aproposagoak daude erabilera lur gozoko landarea balitz bezala has dadin. Aktibazioaren unea iritsi zaigu, apustu sendoa da!

Maite dugun hori zaintzen ari gara, eta, horretarako, euskaraz dakitenak eta aldekotasuna erakusten duten herritar eta eragile erdaldunak aktibatu behar ditugu. Harrotasunez erakutsi nahi diogu munduari Euskal Herria prest dagoela, XXI. mendeko gizarte aurrerakoi eta eraldatzaile honetan, berritzailea izateko, euskara guztion artean arnasberritzeko, nolabait. Halaxe izango baikara zoriontsu edozein munduko plazatan, KORRIKA eginez.

AEK
AEK-k (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea) euskararen berreskurapena eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea ditu helburu. Helduen euskalduntze alfabetatzean aritzen den elkarterik garrantzitsuena dugu eta, Euskal Herri osoan lan egiten duen bakarra, administrazio-banaketen gainetik. 100 euskaltegi eta gau-eskola baino gehiago eta 600 irakasle inguru ditu. Bi urterik behin, AEK-k Korrika antolatzen du, euskararen aldeko ekitaldirik garrantzitsuena.