2020-11-25 11:53

Azaroaren 19an, Euskaraldia hastearen bezperako egunean eta saskien banaketarekin hasi garen honetan, Errigorak, Ikastolen Elkarteak, Sortzen Elkarteak eta AEK-k prentsaurrekoa deitu genuen  Euskarari puzka kanpainak emandakoaren berri emateko. 

Sasi guztien gainetik, pandemia garai ilun honetan, ari-izpiak atera dira eta elkartasuna nagusitu da. Inoizko baldintza gaiztoenetan, inoiz baino ekarpen handiagoa bildu du Errigoraren kanpainak euskalgintzarako: 302.000€

Eskatu diren 16.000tik gora saskien balioaren %25ari dagokio ekarpen horren zati handiena, eta Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskarari hauspoa ematera bideratuko da. Zonaldeko ikastolen, euskaltegien eta hezkuntza publikoko D ereduko taldeen aldeko dinamiken lana indartzera. Baita Agerraldia egitasmo berrira ere. Baina aurten, pandemiak euskara eta euskalgintza hain estu hartu dituen honetan, Korrika atzeratu dela eta Herri Urrats zein Sortzenen jaia bertan behera geratu direla, saskiko 5 euroko ekarpen osagarria egin dugu, Korrika-ri, Seaskari eta Sortzeni zuzenean bideratzeko.

Izugarria da egungo baldintzetan herri ekimen bat 302.000 euroko ekarpena biltzeko gai izatea. Bihotzez diogu hitzez azaltzeko zaila den zirrara eragiten digula elkartasun erakustaldi honek eta inoiz baino harroago gaudela gure komunitateaz, Errigora osatzen duten sarekide, euskaltzale, ekoizle eta askotariko herritar ederrez. Eskerrik asko, beraz, erdi bakartuta gauden honetan taldean aritzeko hautua egiteagatik. Eskerrik asko egoera tamalgarri honetan euskararen alde konpromisoa hartzeagatik. Kanpainako leloak dioen bezala, egiten duguna gara.

Zorionak herriz herri kanpaina hau posible egin duzuen sarekide guztiei. Lodosatik Tolosara, Garestik Garazira, Zangotzatik Zornotzara, nork bere inguruan, dela ikastolan, eskolan, euskaltegian, elkartean edo lantegian egindako auzolanaren emaitza da hau. Biba zuek!
Errigoraren parte zareten ekoizleei, mila esker. Mila esker zuen lanaren eta maitasunaren emaitza diren produktu zoragarri hauengatik. Mila esker euskararen auziari elikadura-burujabetzarena eransteagatik, eta alderantziz. Eta mila esker aurten egindako ahalegin bereziagatik.
Eskerrik asko saskiak eskatu dituzuen herritar guztiei. Agur bero bat aurten ere errepikatu duzuen eskatzaileei, eta ongi etorri gure komunitatera lehengoz eskatu duzuenei. Alferrikakoa izango zen egindako lan guztia saskirik eskatu ez bazenute.
 
EGITEN DUGUNA GARA. ESKERRIK ASKO, EUSKAL HERRIA!! ZORIONAK eta MILA ESKER, ERRIGORA!!
AEK
AEK-k (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea) euskararen berreskurapena eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea ditu helburu. Helduen euskalduntze alfabetatzean aritzen den elkarterik garrantzitsuena dugu eta, Euskal Herri osoan lan egiten duen bakarra, administrazio-banaketen gainetik. 100 euskaltegi eta gau-eskola baino gehiago eta 600 irakasle inguru ditu. Bi urterik behin, AEK-k Korrika antolatzen du, euskararen aldeko ekitaldirik garrantzitsuena.