2019-01-01 21:42

TUTERAKO UDALA: ZINISMOA?

 

Irudi du broma dela Tuterako alkateak, Eneko Larrartek, emandako erantzuna Arartekoaren gomendioa ez betetzeko. Kontua da maiatzaren 25ean Tuterako Udalak deialdi bat argitaratu zuela Udaltzaingoko inspektoreorde izateko. Hartan, alemanaren, frantsesaren eta ingelesaren ezagutza baloratu zuen, bakoitza 5 punturekin, eta ez, ordea, euskararena. Arartekoak Tuterako Udalari honako gomendio hau egin zion (Q18/535 espedientea): Deialdietan “euskararen ezagutza ez baloratzea edo puntuatzea atzerriko hizkuntzen (ingelesa, frantsesa edo alemana) ezagutza baino gutxiago”. Eneko Larrartek erantzun du ez dutela gomendioa beteko, eta hitzez hitz hau esan du: "Kontua ez da euskara beste hizkuntza batzuk baino gutxiago baloratu dela, baizik ez dela baloratu". A, tira, orduan lasaiago gelditzen gara! Erantzunean, gainera, esaten da ez dituela legeak Arartekoak bezala interpretatzen, eta ez duela uste euskarak alemanak (adibidez) jasotzen duen trataera bera izan behar duenik gutxienez. Bistan da, guk uste dugu baietz, hots, euskara, Nafarroa osoan, gutxienez ere alemana, frantsesa eta ingelesa adina baloratu behar dela, hizkuntzak oro har puntuatzen direnean.

Administrazioa euskalduna izatea bilatzen dugu. Batez ere Nafarroan aritzen gara.