2026-10-01 15:19

PSOE BURLATAN: EUSKARAREN KONTRAKO ERREKURTSOA, 24 LANPOSTUTAN

 

2026ko apirilean, Burlatako zinegotzi eta Nafarroako parlamentari den Kevin Lucerok errekurtso bat jarri zuen Burlatako plantilla organikoaren kontra, Nafarroako Administrazio Auzitegian.

Orain eskuratu dugu haren edukia: Susmatzen genuen bezala, euskararen kontrako errekurtso bat zen. Eskatu du 4 lanposturi profil elebiduna kentzeko, eta 20 lanpostutan euskara jakitearen balorazioa kentzeko.

Aurretik ere horrela jokatu du: 2023an, Sergio Barasoainekin batera (gaur egun PSOEko senataria da Espainiako senatuan), errekurtso bat jarri zuen, profil elebiduna kentzeko koordinatzaile kulturalaren lanpostuari. Zorionez, galdu egin zuten. Bide batez, ezin dugu ahaztu euskarazko profila defendatzeko euskaltzaleek ere alegazioak aurkeztu zituztela eta, hala, horrek irabazten lagundu zuela.

Bada, PSOEk horrela jokatzen baldin badu, zergatik esan zuen Txibitek, joan den ekainean, “administrazioa euskaldundu behar dela, eremu euskaldunetik harago eta ahal den neurrian” (“Txibitek zehaztu du Foru Hobekuntzak hizkuntza propiotzat jo behar duela”, Berria, 2026-06-26)?

Berriki, Orkoiengo Udaleko langileek salatu dute udaleko zerbitzu publikoak desegiten ari dela PSOEko Álex López alkate gaztea, UPNrekin eta Juntxs por Orkoien taldeekin batera (“Desmantelamiento de los servicios públicos en Orkoien”, Noticias de Navarra, 2026-09-04). Salatu dutenez, besteak beste, lanpostu batzuetarako deialdiak ez dira egin, alkateak profil elebiduna kendu nahi dielako aurretik, esaterako Berdintasun teknikariari eta Kultura teknikariari. Idazkian diotenez, “bete ez den lehenbiziko postua, jakina, Euskara teknikariarena izan da”.

Ikusten denez, PSNko gazteak PSNko helduak bezal-bezala heldu dira.

Beste alde batetik, hortxe dugu PSOEko Carlos Gimeno, Hezkuntzako kontseilaria: Bi legealdi daramatza ahal duen guztia egiten euskararen kontra. Azkeneko adibideak, Lekarozkoa eta Corellakoa. Bidenabar, Gimeno zoriondu behar da, Nafarroak PISA txostenean jasotako emaitzengatik. Ikusten da oso emaitza onak eman dituela PAI programa inposatzea, dena barna, ingelesez eman beharreko ordu kopurua handitzea, esaterako Zientzia irakasgaia ingelesez emanaraztea...

Beste behin ere eskatzen dugu PSOEk bertan behera utz ditzala euskararen kontrako erasoak!

Administrazioa euskalduna izatea bilatzen dugu. Batez ere Nafarroan aritzen gara.
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.