2021-01-17 20:44

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO AUZITEGIA, UHARTEKO UDALAREN  AURKA?

 

Nafarroako Administrazio Auzitegiak jada jo du euskararen kontra eta Antsoaingo, Berriobeitiko, Berriozarko eta Zizur Nagusiko udalen kontra: haien plantilla organikoak ez ditu ontzat eman, ustez euskarari soberako balioa eman diotelako,  justifikaziorik gabe. Hala, lanpostu batzuei elebidun izateko eskakizuna kendu die. Baina 1986ko Euskararen Legeak eremu mistoko Administrazioei ahalmena ematen die euskara eskatzeko edo meritu gisa puntuatzeko, 17. artikuluan.

Oraingoan, Uharteren txanda da. Uharteko Udalak 2020ko plantilla organikoa onartu zuen uztailaren 3an (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2020ko abuztuaren 7a). Euskaldunon etsaiek jada errekurritu dute plantilla organikoa Nafarroako Administrazio Auzitegian. Udalak berak 2020ko abenduaren 9an argitaratu zuen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Uharteko biztanleak jakinaren gainean jartzeko.

Aurrekariak ikusita, pentsatzekoa da berriz ere euskararen kontra eta Uharteko Udalaren autonomiaren kontra joko duela. Lanpostuen ezaugarriak zehaztea herritarren ordezkariei dagokie, eta ez epaileei, edo, kasu honetan, Nafarroako Administrazio Auzitegiko mahaikide edo bokalei. Euskararen eta demokraziaren kontrako jokabidea da. Hala, Nafarroako Administrazio Auzitegiak kontra egiten die euskarari eta udalen autonomiari, eta ez dagozkion ahalmenak hartzen ditu beretzat.

Administrazioa euskalduna izatea bilatzen dugu. Batez ere Nafarroan aritzen gara.