2020-11-20 21:21

LAN DEIALDIETAN EUSKARAREN BAZTERKETA SALATU DUTE BEHATOKIAK ETA AET-K

 

Nafarroako Gobernuak euskara hizkuntza eskakizunetatik kanpo uzten duela salatu dute Behatokiak eta Administrazioa Euskaraz taldeak.

  • Eremu mistorako lan deialdietan euskarak ez du baliorik, legeak horretarako bidea eman arren, eta bai beste hizkuntza batzuek.
  • Nafarroako Gobernuak euskara hizkuntza eskakizunetan baloratzea ezinbestekoa da hizkuntz eskubideak bermatzeko.

2020-11-20

Nafarroako Gobernuak euskara lan deialdietako hizkuntz eskakizunetatik kanpo uzten duela salatu dute ohar bidez Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak eta Joseba Otano Administrazioa Euskaraz taldeko kideak. Ia deialdi guztietan euskaraz jakiteak ez du punturik ematen (Osasunbideak eta Foruzaingoak eremu euskaldunean puntuatzen dute, besterik ez). Frantsesa, ingelesa eta alemana, bai, puntuatzen dute Nafarroa osoan, ordea. Ondorioz, bermerik gabe jarraitzen dute nafar guztien hizkuntza eskubideek, euskara Nafarroako berezko hizkuntza izan arren.

Izan ere, «oso lanpostu gutxik dute Nafarroan hizkuntz eskakizuna», ohartarazi du Otanok. «Irakasleak salbu, Nafarroako Gobernuko lanpostuen %99 inguruk ez du hizkuntz profilik». Gainera, euskara puntuagarria denean ere, ia baliorik gabe gera daiteke: Euskaraz jakitea praktikan %1eko abantaila soilik izan daiteke, merituen 40 puntutik 39 euskaraz jakin gabe lor daitezkeelako.

Egoera are kezkagarriagoa da eremu mistorako lan deialdietan. Epaileek Euskararen Foru Dekretuari buruz emandako epaia interpretatu du Nafarroako Kontseiluak, Nafarroako Foru Komunitateko kontsulta organo gorenak, eta ezarri du eremu “ez euskaldunean” euskara baloratzea legezkoa dela (beraz, eremu mistoan ere bai), baina, hala ere, Nafarroako Gobernuak ez du baloratzen ez "eremu ez euskaldunean", ez, lehenbiziko aldiz, "eremu mistoan" ere. Osasunbiderako azken lan deialdia da horren adibide: 283 mediku espezialistei ez zaie euskara kontuan hartuko; frantsesak, ingelesak edo alemanak, aldiz, bina puntu emanen dizkie.

Beste adibide bat udalak dira. «Zenbait lanpostutan hizkuntz profilak ezarri dituzte eta epaileek edo Nafarroako Administrazio Auzitegiak baliogabetu dituzte (adibidez, Zizur Nagusian, Berriobeitin, Antsoainen eta Berriozarren). Atzerapausoak ere gertatu dira, hala nola, Eguesibarko Udalean (lanpostu askori hizkuntz profila kenduta) eta Iruñeko Udalean. Azken honetan Euskararen ordenantza berriak elebitasunarekiko konpromiso asko eta lan deialdietan euskara aintzat hartzeko betebehar oro baliogabetu ditu, Iruñeko haur-eskoletan euskarazko plazak murriztu ditu, euskara sustatzeko proiektuetarako dirua murriztu du, eta euskarazko hedabideak publizitate instituzionaletik kanpo utzi ditu, besteak beste.

Hori dela eta, Gaubekak dio kezkatuta dagoela: «Inork ez du onartu nahi herritarrei eskubideak bermatzen ez zaizkienik, baina lanpostu publiko horiei beharrezko hizkuntz eskakizuna ezarri ezean, nekez berma daitezke eskubide horiek». Are deigarriagoa da hori Nafarroako Gobernuaren kasuan. «Nafarroako Gobernuan lehiaketa edo lehiaketa-oposizio bidez egiten diren deialdietan euskara baloratzeko proposamena ez da parlamentuan onartu. Gure ustez, administrazio publikoan herritarrei zerbitzu publikoa emateko eskakizuna izan beharko litzateke, baina baloratzeaz ere hitz egin nahi ez denean, ezin da esan herritarren eskubideak bermatzen direnik».

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak «herritarren eskubideetan oinarritutako zerbitzua ez da behar bezala bermatzen», ondorioztatu du Gaubekak. Eta egoera ez doa hobera, gainera: «Azken hilabeteotan argi ikusi dugu are atzerago geratzen ari direla herritarren hizkuntza eskubideak».

Administrazioa euskalduna izatea bilatzen dugu. Batez ere Nafarroan aritzen gara.