2019-04-15 23:26

EUROPAKO ADITUAK ETA EITB NAFARROAN

 

Iazko abenduan etorri ziren Iruñera Eskualdeetako edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren jarraipena egiteko Europako adituak.

Orduan, jakinarazi zitzaien zein zen euskarazko hedabide publikoen egoera Nafarroan. Espero dezagun arazoei konponbideak laster aurkitzea! Bai adituek bai Nafarroako eta Estatuko erakundeek kontuan hartzeko informazioa hauxe izan zen:

EITBren euskarazko hedabideen egoera Nafarroan

Espainiak, Nafarroan, ez du betetzen Europan hartutako konpromiso hau: “Irrati- eta telebista emisioak modu zuzenean jasotzeko askatasuna (...) eta irrati- eta telebista-emisioen aurka EZ egitea.” (Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Ituna, 11.2 artikulua).

Hau da Euskal Autonomia Elkargoko euskarazko hedabide publikoen egoera Nafarroan:

ETB3 (haurren euskarazko telebista publiko bakarra):

Herri hauetan hartzen da, behar den lizentziarekin: Iruñerria, Lizarra, Tafalla, Zangoza eta Tutera. Herri eta hiri horietatik kanpo, ezin da ikusi, edo, toki batzuetan, babes legalik gabe hartzen da.

Aipatzekoa da Legeak “eremu euskaldun” izendatzen duen eremuan ez dagoela lizentziarik ETB3 hartzeko, eta zati handi batean ezin dela hartu, esaterako Sakanan eta Baztanen (eremu euskaldunean daude).

Gaztea irratia (gazteentzako euskarazko irrati bakarra):

Nafarroan oso toki gutxitan hartzen da. Artxuetako (Sakana-Lekunberri), Gorramendiko (Baztanaldea) eta Lizarrako antenetatik ez da emititzen. Ez du lizentziarik irratiz emititzeko, ezta Legeak “eremu euskaldun” izendatzen duen eremurako ere.

LTD telebista bidez emititzeko lizentzia du, baina oso-oso jende gutxik entzuten du irratia telebista bidez.

Euskadi irratia (euskarazko irrati publiko generalista bakarra):

Espainiako Gobernuak egindako bosgarren txostenean esaten denaren kontra, ez da Nafarroa osoan entzuten. Esaterako, Lizarratik Ebrorako eskualdean ez da entzuten, hain zuzen ere Espainiako Gobernuaren erruz, 2015ean EITB behartu zuelako Joarko antenatik Nafarroa aldera egiten zituen emisioak murriztera.

Ez du lizentziarik irratiz emititzeko; LTD telebista bidez emititzeko lizentzia du, baina oso-oso jende gutxik entzuten du irratia telebista bidez.

ETB1 (euskarazko telebista generalista):

Kate hau Nafarroa osoan har daiteke, eta lizentzia ere badu.

Horrenbestez, gure eskaerak hauek dira:

1.- Espainiako Gobernuak Nafarroako Gobernuari beste multiplex bat eman diezaiola ETB3 Nafarroa osoan emititzeko, edo, bestela, Nafarroak orain duen multiplexadorearen bidez beste kate bat emititzeko baimena ematea (teknikoki posible da). Nafarroako Gobernuak jada egina dio eskaera Espainiako Gobernuari, baina ez du erantzunik jaso.

2.- Lizentzia ematea Euskadi Irratia eta Gaztea Irratia Nafarroa osoan irrati bidez emititzeko (ez bakarrik LTD telebista bidez).

3.- EITBri isunik eta salaketarik ez jartzea Nafarroan emititzeagatik.

Bestalde, Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Ituna alderdi honetan zaharkitua gelditzen ari da. Gero eta indar handiagoa dute, telebistaz gain, Netflix bezalako plataformek, eta horrelakoen beharra dute hizkuntza gutxituek ere. Katalanez filmin.cat plataforma dago, katalanezko edukiak ikusteko, eta euskaraz ere horrelako zerbait beharko litzateke, izan publiko nahiz pribatu.

2019-04-15.

ETB3-REN ALDEKO PLATAFORMA.

Administrazioa euskalduna izatea bilatzen dugu. Batez ere Nafarroan aritzen gara.