2020-05-16 12:25

EGUESIBARKO UDALAK MUZIN EGIN DIO ARARTEKOARI ETA, EUSKARA PUNTUATU ARREN, BESTE MERITUEKIN DEIALDIETAKO PUNTU GUZTIAK LORTZEKO AUKERA ZABALIK UTZI DU

 

2020ko apirilaren 22an, Eguesibarko Udalak ez du onartu Nafarroako Arartekoak 2020ko otsailaren 19an egindako gomendioa: Euskararen Ordenantzak dioen moduan euskara balora dezala, baina euskaraz jakin gabe lehiaketa aldiko puntu guztiak lortzea ekiditeko moduan.

2019ko azaroaren 6an argitaratu zuen lan deialdi bat: Zerbitzu anitzetako peoi izateko lanpostua betetzeko. Oposizio-lehiaketa zen. Euskararen puntuazioa puntu guztien % 3 zen, horko Euskararen Ordenantzak ezartzen duen moduan. Baina merituen muga 20 puntukoa zen eta beste merituekin ere 20 puntuak lor zitezkeen, euskaraz jakin gabe.

Erantzunaren arabera, Eguesibarko Udalak hemendik aurrera ere deialdi bakoitzean erabakiko du nola banatu merituen puntuak (euskara ere barne, ezarritako portzentajean). Arartekoak bere atsekabea adierazi du jarrera horren aurrean.

Euskararen Ordenantzek euskarari ematen dioten balioaren puntuak beste merituekin lor badaitezke, hori da euskararen balioari emandako garrantzia murrizteko edo ezabatzeko trikimailua. Euskaraz jakitearen meritua dutenek ezin baitute beste merituen puntuak beren osotasunean lortu, merituen atalak puntuak lortzeko ezartzen duen mugarengatik.

Kritikagarria eta salagarria bada Navarra Sumak zuzentzen duen Eguesibarko Udalaren erantzun hori, erran beharra dago ez dela hori egiten duen erakunde bakarra. Oso praktika hedatua da. Lau alderdietako aurreko koalizioaren garaian haiek zuzendutako erakundeetan ere ohikoa izan zen askotan.

Euskararen Ordenantzak aldatu edo baliogabetu gabe, badira moduak haiek urardotzeko, praktika zabalak erakutsi duenez.

Dena den, gaur Eguesibarko Udalak jaso dezala gure kritika. Arartekoa bera ere gutxietsi du erantzun horrekin (hau ere ohikoa da, euskararen aldeko gomendioak egiten dituenean).

Administrazioa euskalduna izatea bilatzen dugu. Batez ere Nafarroan aritzen gara.