2020-04-08 16:25

ARARTEKOAREN BIGARREN GOMENDIOA, ANTSOAINGO EUSKARAZKO HAUR ESKOLAREN ALDE

 

2020ko otsailaren 5ean, Antsoaingo guraso talde baten ordez, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak abiatu zuen kexa.

Horregatik, Nafarroako Arartekoak Q20/319 espedientean honako gomendioa eman zion Antsoaingo Udalari, 2020ko otsailaren 21ean:

“Antsoaingo Udalari gomendatzea bere titularitateko haur-eskolan euskarazko plazen eskaintza behar bestekoa ahalbidetzeko behar diren jarduketak burutu ditzala hala nahi duten gurasoen haurrentzat”.

ZEIN ZEN ANTSOAINGO UDALAREN JARRERA?

Bere txostenean gurasoen idazkiaren eskaerak aipatzen hasi zen.

’Eskaeren artean honakoak agertzen ziren:

1. “2020-2021 ikasturterako euskarazko lerrorik eskainiko den gurasoei argi informatzea”.

Udal honek adierazi izan duen bezala, ez da euskarazko lerrorik eskaintzen udal haur eskolan; eta ez da eskainiko 2020-2021 ikasturtean ere. Hala jakinaraziko da, berriz ere, matrikulaldia irekitzen den unean. Edonola ere, 0-3 urte arteko familia guztiei informatzeko gutun bat bidali zitzaien otsailaren 5eko datarekin (erantsita). Bestalde, Udal honetako alkatea, zinegotzi batekin batera, ikusirik Antsoainen haur eskolari buruzko bilera bat antolatu zuela guraso talde batek otsailaren 4rako, bilera aretora agertu ziren guraso horiek behar zitzaketen azalpenak eskaintzeko asmoz, eta hala egin zuten.

2, “Ezezkoa balitz, hurrengo urteetan emango diren pausu eta konpromisoak zehaztea (epeak). Hala balitz, progresiboki euskarazko lerroa bermatuko luketen neurriak zehaztuz”.

Udal honek, 2018an Arartekoari helarazitako bi txostenetan, Antsoaingo haur eskolaren egoera zein zen azaldu zion (erantsita). Era berean, azalpenak eman zizkien Behatokiari eta informazioa eskatu zuten gurasoei: garbi adierazi zuen euskarazko lerroa irekitzeko ezintasuna zegoela, behar adina hezitzaile elebidun ez zegoelako.

Ordurako, Antsoaingo Udalak hainbat neurri hartuak zituen arazo horri aurre egiteko:

  • Eskolaren antolamendua aldatzeko azterlan bat eskatu zuen. Azterlan horren arabera, aldaketak eginda ere (sistema pedagogikoari eraginez, edonola ere), gutxienez 4 hezitzaile elebidun beharko lirateke, eta, azaldu bezala, 3 besterik ez daude eskolan.
  • Bitartean, Udala langileen euskalduntzea sustatzen ari zen eta plana egin zuen langileen euskalduntzea inbertitu eta 2019-2020rako lerro euskalduna abiatzeko; izan ere, hezitzaile bat euskalduntzeko prozesua bukatzeko, klaseetara joanez gero, ordezko elebidun bat ekar zitekeen eskolara. Neurri hori exekutatzea baina, ez da osorik Udalaren eskumenekoa, ikas-prozesuetan parte hartzeko erabakiari buruzko azken hitza langilearena delako, legeak ezartzen duen bezala. Ezinezkoa izan zen bide horretatik jarraituz euskarazko lerroa irekitzea.
  • Legeak, orain arte, ez zuen aukerarik ematen haur eskolako hezitzaile plaza horiek betetzeko deialdi publikorik egiteko, eta, une honetan bertan, norabide horretan egin daitezkeen urratsak aztertzen ari da Udala.
  • Azkenik, esan behar da euskarazko lerrorik ez dagoela haur eskola honetan, baina euskarak baduela presentzia adinka banatutako lau taldeetako hirutan.

3, “2020-2021 ikasturterako Iruñeko Udalarekin hitzarmenik egongo bada, Antsoaingo guraso guztiei horren berri ematea”

Erantsitako otsailaren 5eko gutunean ikus daitekeen bezala, Antsoaingo Udalak 0-3 urteko guraso guztiei ematen die hitzarmenari buruzko informazioa.

4, “Iruñeko Udalean hurrengo 3 urtetarako iragarri dituzten aldaketak kontuan izanik, Antsoaingo gurasoon egoera berraztertu eta euskarazko plazen murrizteak ekarriko duen egoeraz jabetuta, Antsoaingo Udalak dagokion larritasun eta azkartasunez irtenbide bat planteatzea”.

Gaur egun ezin da Iruñeko Udalak har ditzakeen erabakien aurreikuspen zehatzik egin, ezta erabaki horien ondorioak noiz hasiko diren finkatu ere. Antsoaingo Udalak eta bere zerbitzu teknikoek kasu bakoitzean dagokion erabakia hartzeko dauden jarduketa alternatibak aztertuko dituzte.

Bestalde jakinarazi nahi dugu haur eskolan egin diren hobekuntzen artean, 2018 urtean derrigorrezko hizkuntza eskakizuna jarri zitzaiola haur eskolako zuzendariaren postuari plantilla organikoan, eta egungo zuzendaria elebiduna dela.

Bukatzeko, Udal honek Arartekoari azken azalpen bat eman nahi lioke gurasoen informazio faltari buruzko kexa dela eta: eskaera azaroan jaso zen, eta ohi baino denbora gehiago behar izan da eskaera zegokion unitatera heldu eta erantzuna emateko; izan ere, Antsoaingo Udala idazkaririk gabe egon da abuztuaren bukaeratik urtarrilaren erdira arte, eta horrek funtzionamendu eragozpen handiak eragin ditu udal barnean. Hala jakinarazi zitzaion Behatokiari, urtarrilaren 14an izandako bilera batean. Data horretan, Behatokiari gai hauen guztien inguruko informazioa helarazi zitzaion”.

ARARTEKOAREN HAUSNARKETA.

‘Guraso talde batek aurkeztu du kexa, eta Antsoaingo Udaleko haur-eskolan haien seme-alabak euskaraz matrikulatzeko aukera ematea eskatu dute.

Erakunde horrek Q/18/409 kexa bideratu zuen, egungo espedientearekin lotuta. Horretan, Antsoaingo Udalari proposatu zitzaion, dagoen eskaera eta eskaera potentziala kontuan hartuta, herriko familiek, hala nahi izanez gero, 0-3 urteko zikloaren irakaskuntza euskaraz egin ahal izateko neurriak azter zitzala, horrek halako zerbitzu publikorako ezohiko kostu gehigarririk eragin gabe. Iradokizun hori onartu egin zuen Antsoaingo Udalak.

Kexan azaltzen da egoera ez dela ia aldatu azken bi urtetik hona, eta gainera, baieztatzen da Antsoainen inguruko eremuetan euskarazko plazen eskaintza aldatu egin dela, Iruñeko Udalak hizkuntza alorretako plazen eskaintza aldatzeko hartutako erabakiaren ondorioz.

Antsoaingo Udalak transkribatutako txostena bidali du, eta horretan, bere titularitatekoa duen haur-eskolan euskarazko plazen eskaintza ezartzeko orduan aurre egin beharko lizkiokeen antolakuntza-arazoak zerrendatu ditu’.

2020ko PLANTILLA ORGANIKOA.

Sei hezitzaile, zuzendari bat, sukaldaria eta garbitzaile-sukaldari laguntzaile: Orotara, 9 langile, Haur Eskolan.

Sei hezitzaile lanpostuetan eta zuzendari lanpostuan euskarazko hizkuntz profila jarrita dago (C1 maila).

Hezitzaile bat finkoa da. Gainontzeko 5 hezitzaileen lanpostuak eta zuzendari lanpostua hutsik daude. Teorian, aldi baterako langileekin beteta baitaude. Beraz, langile finkoak hartzeko deialdia egin behar da.

ONDORIOA.

Austeritatearen Legeak dagoeneko eskua ireki du lan deialdiak egiteko.

Non dago arazoa?

Agian, UGT-k Plantilla Organikoa erekurrituta duela? UGT ez da epaile bat. Plantilla Organikoa indarrean dago. Helegiteek ez diote Plantilla Organiko bati baliorik kentzen.

Udalak ez ditu eskuak lotuta. Burua lotuta dauka, baina euren agintariek burua horrela edukitzea erabaki dutelako.

Ezin da errazagoa izan konponbidea. Hutsik dauden lanpostuak betetzeko deialdia egin, Plantilla Organikoak ezartzen dituen baldintzekin, eta kitto.

Antsoaingo Udalak ez du jakinen, baina beste udaletan Udalek horrela lortu dituzte langile elebidunak. Ez du zertan urez betetako edalontzitxoan ito behar.

 

Administrazioa euskalduna izatea bilatzen dugu. Batez ere Nafarroan aritzen gara.