“Talde elkarreragileak” proiektua ezagutzera etorri gara Lekunberriko Ibarberri eskolara. Haur Hezkuntzan hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaraino heltzen da dinamika hau: gelako ikasleak lau taldetan banatzen dituzte eta talde bakoitzari laguntzen ikas-komunitateko kide bat aritzen da: izan ikasle horietako baten gurasoa, aiton-amona edo herriko bizilaguna: edonor izan daiteke boluntarioa. Irakasleak jarritako erronkari taldean erantzun behar diote ikasleek, taldeko guztien parte-hartzea bermatuz, batzuen eta besteen azalpenetatik ikasiz, eta iritzi eta erabakiak adostuz. Horretan guztian, rol funtsezkoa du heldu boluntarioak.
Proiektu honen berri Nerea Labayen eskolako zuzendariak eman digu, eta lehen eskutik entzun ditugu boluntario lanetan dabiltzan Edurne Barbajero eta Idoia Garmendiaren bizipenak.

