dokumentala
Eta gazteok zer? (dokumentala)
2012-02-24
Eta gazteok zer? (dokumentala)

Ikerketa honen bidez Euskal Herrian bizi den gazteria jarri nahi dugu ikusmiran. Gazteria, gizarte honetan independentziaz bizitzea ukatzen zaion subjektu gisa ulertzen dugu: adinak determinatutako pertsona bat izatetik harago. Ikerketa hau beraz ez da ohiko ikerketa ereduan oinarritzen, zeinetan sistemak objektu soila bilakatzen gaituen.

Esku artean duguna, gazteok gazteontzat egindakoa da, Euskal Herriko zazpi lurraldeak aintzat hartu ta guk geuk gazte gisa errealitatea ikusteko eratik burututako lana. Gazte gisa, ondorengo beharrizanak eraman gintuen diziplina ezberdinetako gazte ikerlarioi Julio Araluze Beka deialdira aurkeztera: ikuspegi estruktural batetatik gazteriaren baitan ematen ari diren aldaketak ikertzea. Ikuspegi global batetik, gizartearen antolaketa ereduaren baitan ematen ari diren aldaketen aitzinean, gazteriarengan gertatzen ari den bilakaerak ikertu nahi izan ditugu. Bestetik, gure kasu zehatzera mugatuta, gazteoi gure identitatearen ulerkera eta garapenean zelan eragin digun.

Azken mendean emandako paradigma aldaketen isla gazte sormen espresioetan eman da adibidez, musikan, dantzan, literaturan… aurki ditzakegu. Hauengan sentitu dezakegu garai bakoitzeko gazteriaren jarrera nolakoa den. Bide horretan, Euskal Herrian beste adierazpen askoren artean “no future” mugimendua, Negu Gorriak, Ez Dok Amairu, Eskorbuto bezalako taldeak… Adierazpen hauen mezuen oinarrian paradigma baten edukia aurkitzen dugu: dena da alperrik, ez dago zer eginik, ezer ezin da aldatu… edota bestetik demokrazia posible da, parte hartzea garrantzitsua da, utopia posible da… Gaur egun iraganeko hainbat balorerekiko eta mezuekiko atxikimendua eta nostalgia nabaria da, aintzineko garaietako mezu zein diskurtsoen eguneraketa ahalbidetuz.

Beste alde batetik, egun gazteekiko ematen den interpretazio eta irudi soziala zein soziologikoa ez dugu osoki partekatzen: axolagabea, indibidualista hutsa, arduragabea eta orokorrean despolitizatuaren etiketa… Hauek kolokan jarri behar direla uste dugu orain arteko logikak eta kontzeptuak egungo euskal gizarte zein gazteriari egokitzeko.

Egungo jendarteak etengabeko aldaketan dihardugu, orain arte ziren instituzio zein baloreak ahulduz doaz, norbanakoak indarra hartuz, gauza gutxi dira epe luzerako ikuspegiarekin egiten ditugunak. Horrek, orainaldi konstante batean bizitzera garamatza, eta aldi berean gazte mailan galdera asko sortzen ditu:

  • Nola sortzen eta ulertzen da egun gazte identitatea?
  • Egun politika egiteko egitura berrien agerpenak agertu dira, zeintzuk dira praktika berri hauek?
  • Zein praktika eta diskurtso berri du egungo gazteriak aldaketa hauen aurrean bizi duen errealitatearekiko? Galdera hauek dira, beste askoren artean, ikerketa proiektu honetan ikertu nahi ditugunak. Honetarako, marko teorikoa egiteaz gain, landa lan kualitatiboa egin dugu.

Ateratako ondorioak, egungo gazteriarentzako etorkizunerako tresna baliagarria izatea espero dugu. Esku artean duzun lan honek barnean genituen zenbait galderari erantzuna ematen lagunduko digulakoan eta  zinegon berriak sortuko dizkigulakoan gaude. Beraz, hau, hausnarketa prozesu baten lehen atala besterik ez da eta landa kualitatiboko atala ez dugu hemen aurkezturik uzten. Lan hau eskura heldu zaion irakurle orori  eskatzen zaio kritikak eta ekarpenak egitea.

Erlazionatutako bideoak
dokumental gehiago