Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Bolivia egunez egun

12. eguna

Hankaz gora

Egilea: Amets Arzallus

zapata garbitzailea

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Indigenen begiak jaiki direnotan zapatistaz betea agertu da La Paz. Tira, nik deitzen nien zapatista, ez nien galdetu ea Marcosen jarraitzaileak ote ziren. Baina zapatista ezizendatu nituen, kale kantoian eserita, zapata arrantzan egoten zirelako. Ea zein lokarri harrapatuko, zein zapata ekarriko, txanpon baten truke, distira emateko. Eta txiste merke hori pixka bat garestitze aldera, zapatista deitzen nien, burua estalirik zeramatelako. Begirada bakarrik zuten agerian, zapata zikinak nork zituen ikusteko behintzat. Gainontzean, zapata garbitzaile denak kapusaidunak ziren. Eta La Paz osoan zegoen zabaldua Armada Zapatista.

erantzunak (3) guztia irakurri
11. eguna

Esku ezkerrari

Egilea: Amets Arzallus

eraztuna

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Eskuina eta ezkerra borrokan bizi dira beti. Ezkerrak ukabila erakutsiko dio eskuinari, eta eskuinak erdiko behatza ezkerrari. Naturak ere, elkarri bostekorik ez emateko moduan egin zituen. Saiatu nahi baduzue, alferrik da, ezin dute elkar egoki hartu. Baina nago, eskuinak eta ezkerrak, elkarren beharra dutela bizitzeko. Bat bestea gabe ez litzatekeelako ezker, eta bestea bata gabe ez litzatekeelako eskuin.

erantzunak (1) guztia irakurri
10. eguna

Ehun kilometro oinatz

Egilea: Amets Arzallus

emakumea oinez

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Andeetako goi mendietan badira Tata Intik bakarrik ezagutzen dituen herrixkak. Bidea ere galdu egiten omen da haien bila abiatzean. Hango zuhaitzek ez dute sekula inkarik ikusi, hain gutxi kolonizatzaileen zaldi zuririk. Mundua ez da iristen han goooraino. Baina gutunak bai. Eta ez ditu haizeak eramaten.

erantzunak (1) guztia irakurri

Egurrezko zubia

Egilea: Amets Arzallus

Hotel Latino

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Egurrezko zubi baten gainean nator egun batetik bestera; kartzelatik hotelera. Zubia zalantzaka hasi zait bide erdian, eta beherantz begiratu dut. Begiak eroriko ote zaizkidan beldur, atzera egin dit buruak, amildegi baten gainean nabilela ohartu naiz. Bertigoaren kontra hitzak baino ez ditut, eta hitzen gainean hanka jarriz, pausoz pauso, iritsi naiz hotelera: Hotel Latinora.

erantzunak (1) guztia irakurri
8. eguna

Ernesto

Egilea: Amets Arzallus

La Pazeko San Pedro kartzelako irudia

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Ernesto izena zuen Che Guevarak. Askapen Nazionaleko Armadako gudaria zenean Bolivian harrapatu zuten. Gorpu itzuli zen bere jaioterrira. Diario bat utzi zuen herentzian. Diarioarekin ari naizenez ni ere, Ernestori buruz idatziko dut gaur. Ez da nikietako Ernesto hori, ez du bere begiradak halako indarrik, baina hau ere askatasunaren alde ari da borrokan. Ez duelako Chek bezala itzuli nahi bere herrira, Bartzelonara.

Preso dago La Pazen. Eta preso denek bezala ihes egitea amesten du. Baina San Pedro kartzelan, badago ateak ongi itxita ote dauden begiratzen duen teniente koronel bat. Eta hark ere Ernesto izena du. Izenkide txarra tokatu zitzaion beraz Ernesto gaixoari ihes egiteko. Gaixoa, hala da Ernesto, eta preso batentzat iraingarria izan litekeen gaitza du: HIESa.

erantzunak (2) guztia irakurri
7. eguna

Azalaren kolorea

Egilea: Amets Arzallus

Emakume indigena eskean

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Animaliek kamuflatzeko erabiltzen dute, eta pertsonak salatu egiten ditu. Azalaren koloreak. Olagarroa arroka bilakarazten du, eta marokoarra itsaso. Azalaren koloreak.

Eta zuk itsasoa zeharkatu baldin baduzu, bueltan zatozenean, ez duzu esan beharrik non izan zaren. Azala kolorez aldatu zaizu, eta berak bakarrik hitz egiten du: “Jesus neska, kubatarrentzat ere utziko zenuen ba eguzki pixka bat!”, edo, “hori da hori Patagonia kolorea!. Elurra soinean dakarkizu!”. Jantzi erantzian dabil azala zure gorputzean, eta joandako lekura egin egingo zaizu. Kameleoia zara zu.

guztia irakurri
6. eguna

Mutil koskor bat

Egilea: Amets Arzallus

Boliviako neska txikiak autobusean

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Bolivia izango da munduko herri bakarra mutil koskor bat duena presidente. Hala da Evo, mutiko bat oraindik, un muchacho, indigenentzat. Eta alferrik du gainera gizon plantan ibiltzea, alferrik herria ongi gobernatzea, alferrik bizarrari bere bidea egiten uztea, Andeetako komunitate indigenetan mutil zaharra ez da sekula gizon izatera iristen. Ezta ehun urte baldin baditu ere. Ezta Errepublikako presidentea bada ere.

Komunitateetako izpirituak dio neska mutilak ezkontzerakoan bihurtzen direla pertsona. Eta ezkontzea aski ez, haurrak ekarri behar dira gero. Zenbat eta haur gehiago ekarri, orduan eta pertsonago, eta orduan eta errespetatuago auzoan. Autobus gidari batek esplikatu zidan hori, eta azaldu nion gure hizkuntzan haur bat ekartzeari erditzea esaten zaiola. Eta kuriosoa dela, erditzeak handitzen baitu pertsona. “Bizitza ez da matematika, hermano” atera zitzaidan ba al dakit nondik. “Nola izango da ba? –hark- Pentsa, bi pertsona behar dira bakar bat egiteko, eta hala ere gero eta gehiago omen gara munduan. Nork ulertzen du hori hermanito?”.

erantzunak (1) guztia irakurri
5. eguna

Artistak

Egilea: Amets Arzallus

Amonaren belarritakoak

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Arotzarena. Ezaguna da apaizak enbor puska batetik Jesukristo ateratzeko galdetu zion arotzaren istorioa. Niri aitonak kontatu zidan. …baietz, ez zela milagro, eta enbor puska hartatik Jesukristo ateratzeko azkar… bi aldiz esan omen zion, eta zozoak alde egiterako okila hasia zen lanean. Handik bi egunera, apaiza, lana bide onean ote zen ikustera pasa zenean, arotzak enborra “txotx” esateko moduan ezpaldua omen zuen. Sermoia botatzen hasi zitzaion orduan: “aitaren eta semearen! Baina, zer ari haiz moteil? Ez al diat esan hortik Jesukristo ateratzeko?” Eta okila, abila: “hemen baldin bazegok laster atera beharko dik!”.

guztia irakurri
4. eguna

Evoren sudurra

Egilea: Amets Arzallus

Evo Morales Xabi Alonsoren kamisetarekin

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Bushek irakurtzen badu pentsatuko du kokainaz hitz egin behar dudala. Baina ez da oso usaimen finekoa Bush. Evo ez baita kokaina zalea, nahiz eta sudurreko trenkadatik operatua dagoen. Hori ederki asko dakigu guk, tamalez. Esplikatuko dut zergatik.

Euskal Herritik Boliviara abiatu ginenean, esku batean hegazkin txartela genuen, eta beste eskuan Evoren baietza. Baina hara iristean jabetu ginen Bolivian hitzak zein gutxi balio duen. Han baietz dioenak, agian dio. Eta agian bai da agian ez. Pazientzia handia behar da. Jauregi Presidentzialeko eskailerak oso luze egin zitzaizkigun. 3.500 metroan geunden… Zorabiatuta erortzekotan egon ginen behin baino gehiagotan, eta gora iritsi baginen, suerteagatik baino gehiago izan zen egoskorragatik. Ez dut esango zein giltzarekin zabaldu genuen azken atea, batik bat, ez baitzen giltza bakarra izan, baina esan nezakeena da presidente gaixoari armiarma sare oso bat josi geniola inguruan. Eta kostata baina erori zen.

erantzunak (6) guztia irakurri
3. eguna

Han goitik ez da itsasorik ikusten

Egilea: Amets Arzallus

La Pazeko aitona

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Suitzatik ere ez da ikusten, baina ez da berdina. Boliviak galdu egin zuen itsasorako irteera Pazifikoko Gerran, Txilek kendu zion, lehendik gutxi zeukala-eta. Eta galdutakoa beti sentitzen da are norberago. Hankamotza ere falta duen zangoarekin oroitzen da beti. Eta Bolivia hankamotz gelditu zen gerran.


Denek landatuko zuten zuhaitzen bat, eta haurren bat ere ia denek ekarriko zuten mundura. Baina Bolivian liburua idaztera iritsi denak ere ez du itsasorik ikusi. Badirudi, lapurtu ez ezik, bistatik kendu ere egin zietela. Pentsa, hiriburu administratiboa ere, La Paz, itsas mailatik 3500 metrora dago. Urruti badaezpada, murgilaldia egiteko tentaziorik izan ez dezan.

erantzunak (4) guztia irakurri
2. eguna

El Rayo

Egilea: Amets Arzallus

El Rayo taxista

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

Ez da Boliviaraino iritsi hamabi puntuko karneta. Baina taxi bakoitzean igotzen ginenean hamabi puntuk hari zenbat iraungo ote zioten kalkulatzera jolasten ginen. Ez dut uste inork kilometroa osatu zuenik. Eta izan ziren lehenengo stopera ere iritsi ez zirenak. Baina marka guztiak hautsi zituena, gaztetxo bat, nik atea itxi baino lehen aireratu zena: “Kaixo compañeros, niri El Rayo deitzen didate”.

guztia irakurri
1.eguna

Hizki zopa

Egilea: Amets Arzallus

La Paz ilunabarrez

Photo © Txomin Txueka / ARGIA Magazine

IMA. Hegazkin txartelak eskura luzatu zizkigun bulegaria: “Hemendik hiru ordura aterako da hegazkina”. Banku batean eseri ginen, Barajasen. Pasa ziren orduak, hiru, lau, bost, sei... eta gu han. Marmol berdezko estatua bat nuen ondoan, eseria, konpainia egiten. Artista zahar bat omen zen, isilik egon zen, kexatu gabe. Galdetzekotan egon nintzen ea berak ere Air Madridekin hartu zuen hegaldia. Madrid- Lima.

erantzunak (1) guztia irakurri


© 2005 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan