EAJ nagusi Gipuzkoan, EH Bildurekin lehia estuan


Mikel Asurmendi @masurmendi  |  Asier Iturralde Sarasola @aldatsa
2015eko maiatzaren 22a

2015eko Gipuzkoako udal hauteskundeen emaitzen mapa interaktiboa.

Emaitzak ohi baino mantsoago ezagutzen ari gara, beraz, artean botoen ehuneko ehun zenbatu gabe, Gipuzkoan EAJ nagusitu dela baieztatu daiteke.

EAJ Donostian garaile atera da 9 eserlekurekin. EH Bilduk 7 izan ditzake, zeukanak baino bi gutxiago. PSE-EEk 7, eserleku berdinak. PPk 2 eta Irabazik 2. PPk bi eserleku galdu ditu, bera da alderdi galtzailea. Agian, PPren hainbat boto EAJra lerratu dira. Herritarrek ez dute babestu EH Bilduren lana eta Eneko Goia jeltzalea aurreikusten da alkate berria.

Gipuzkoako udalerrietan oro har, EAJk hainbat plaza berreskuratu ditu, aspaldi galdu zituenak horietako batzuk. Zarautz, Arrasate, Beasain edo Azkoitiko udalerriak, besteak beste. EH Bilduren kaltetan eman diren emaitzen aldaketen arrazoiak aztergarriak izanen dira datozen egunotan. EH Bilduk udalen kudeaketan nolabaiteko higatze bat jasan du.

PSE-EEk Eibar eta Irunen irabazi du, alkatetza horiek atxikiko ditu. Halaber, Lasarte-Oria edota Andoainen emaitza onak lortu ditu. Bere ohiko plazetan sendo samar agertu dela dirudi.

PP izan da guztietan galtzaileena. Alderdi gutxitua izatera iragan da Gipuzkoan. Halaber, Podemosen eta Irabazi inguruko indarren eragina neurtu eta zehaztu beharko da, baita tokian toki egin beharko diren itunek agertuko dute euren politikaren norabidea.

EH Bilduk plaza inportanteak galdu baditu ere, Hernani, Azpeitia, Errenteria edo Usurbilen berretsi dute alkate kargua. Edonola ere, beherakadak zer esana eta aztertua emanen du datozen hilabeteetan.

Markel Olano ahaldun nagusi izan liteke berriz ere

EH Bildu eta EAJren arteko lehia arras hertsia izan da. 17-18 eserlekuren inguruan dabiltza biak. PSE-EEk zortzi, Podemosek 6 eta PPk 1.

EAJk lau batzarkide irabaziko lituzke eta EH Bilduk 4 galdu ditzake. PPk hiru galduko lituzke. Aldundiaren gobernagarritasuna PSE-EEren eta Podemosen esku legoke neurri batean.

Itxura batez, PSE-EEren sostenguak Markel Olano jeltzalea jar dezake berriz ere Gipuzkoako ahaldun nagusiaren karguan.   

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Udal eta foru hauteskundeak 2015

Udal eta foru hauteskundeak 2015 kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEAK
Eguneraketa berriak daude