Euskaldunok ohituta gaude munduko leku batetik bestera mugitzen. Fenomeno hori ez da oraingoa, herri txiki gisa ogi bila edo bizimodu egokiaren atzetik mugitu baikara. Horregatik, gure arbasoen sustraiak barreiatuta daude, batik bat Ameriketan; adibidez, Argentinan hamar biztanletik batek euskal jatorriko arbasoren bat omen dauka.
Euskal migrazio puntualez gain, egon dira makro-migrazioak ere. Izan ere, 1876ko karlistaldia amaitu ostean, euskal herritar andanak Amerikarako bidea hartu zuen eta, bitartean, Bizkaira eta Gipuzkoara migrazio uholdea iritsi zitzaigun Espainia aldetik, eskulan merkea behar zelako industrializazioan.
XX. mendearen hasieratik aurrera ere migrazioa ezagutu zuen Euskal Herriak. Ezagunak ditugu galiziarren borrokak lansariak hobetzeko. Borroka horren seinalea hor daukagu, Donostiako Ategorrietan, non guardia zibilek sarraski odoltsua egin zuten 1931n.
1936ko Gerran ere emigratu genuen. Uste denez, ehun bat mila euskaldunek ihes egin zuten erbestera; migratzaile horien artean 40 bat mila haur zeuden. Gerra zibila amaitu ostean, hainbat euskaldun itzuli zen Euskal Herrira, baina kopuru handia migratzaile gisa geratu zen eta beraien egoera legeztatu zuten.
Hurrengo migrazio uholdea XX. mendeko 50eko eta 60ko hamarkadetan izan zen. Izan ere, Bizkaiko populazioa 600 mila ingurukoa zen hamarkada horretan, eta beste hainbeste etorri ziren Espainiako lurralde txiroetatik, gehienak gerrako galtzaileak. Gipuzkoan ere antzeko zerbait gertatu zen. Espainiar kultura zekarren kolektiboak –gainera sasi-babes politikoarekin– topo egin zuen gehienbat euskal kultura genuen jendartearekin. Halere, euskaldunok gai izan ginen egoera horretatik berpizte bidea hartzeko, garai horretan sortu baitziren ikastolak, euskara batua, kantagintza, artea, zinea, antzerkia, kooperatibak, eta abar. Hots, pairatu genuen migrazio mugimendutik bizirik irten ginen eta gaur ezagutzen dugun egoerarako oinarriak ipini genituen.
Kapitalismoa garatu ahala, populazioa biderkatu zaie kolonia ohiei eta bizitza duin baten bila antzinako metropolietara datoz
Egungo migrazioa, Latinoamerikakoa edo Afrikakoa, beste arrazoi batzuen ondorioz izaten da. Izan ere, europarrok herrialde horietara joan ginen eta bazter guztiak arpilatu genituen, eta miseria besterik ez genuen utzi, Bernardo Atxagaren Zazpi Etxe Frantzian liburuan azaltzen den bezala.
Arpilatutako herrialde horietan ez genuen utzi ez industriarik, ez taxuzko nekazaritzarik, ez hezkuntza edo osasun sistema egokirik ere. Halaber, menpeko herrialde horien independentzia bideari oztopoak ipini genizkien edo liderrak erail genituen. Horrela, kapitalismoa garatu ahala, populazioa biderkatu zaie kolonia ohiei eta bizitza duin baten bila antzinako metropolietara datoz.
Bestalde, migratzaile horien eskulana merkea da eta oligarkiaren negoziotarako oso egokia, Mendebaldeko jendeak ez baititu gura lanpostu horiek. Beraz, euskal oligarkiari ere ondo datorkio eskulan merkea etortzea eta bertako langile sindikatuetatik urrun egotea. Are, etorkin horien legeztatzea ez zaio komeni. Egoera ez-erregular horrek jarrai dezan, etorkinen aurka dauden erakunde politikoak finantzatuko ditu.
Horrelakoa da Mendebaldeko oligarkiaren joko bikoitza, alde batetik etorkinak kontratatu huskeria baten truke, horrela gain irabaziak erdietsiko baititu, eta bestetik, eskuin muturreko alderdiak finantzatu, langile txiroak ez daitezen nahasi bertakoekin, are gutxiago langile sindikatu baten kide bilakatu. Halaber, etorkin horiei, batik bat Latinoamerikatik datozenei, gure kultura eta euskararen berri eman behar liekete, bai sindikatuek bai ad hoc sortutako kultur elkarteek ere. Bestela jai dugu.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.