“Euskadiren subiranotasuna gauza sakratua da, niretzat”

  • 150 urte bete dira aurten herri honi foruak kendu zizkiotenetik. 50 urte, aldiz, 1976ko uztailaren 21ean Bergaran hainbat herritako alkate, agintari eta herritar andana bildu zenetik. Foruen abolizio hura salatzearekin batera, instituzioak demokratizatzeko jo zuten aldarri. Bergarako Udala izan zen lehen eragile, eta udal hartako zinegotzi zen Xabier Amenabar. Aurten, ekimen hura oroitzeko ekitaldietako argazkietan ageri da, bakar-bakarrik.

Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu
 Xabier Ignazio Leonardo Amenabar Landa (Bergara, 1942)

EAJko afiliatu eta militante historikoa. Gerraurrea gerra osteko giroarekin lotura egiten duen pertsona, Bergaran albaindutako alkateen mugimenduaren lekuko zuzena. Bidean, nahi beste bizipen, Sabino Aranaren abertzaletasunez mamiz beteak… zaborrontzian geratzeko arrisku gorrian, Alderdiaren orainaren erakusgarri tamalgarria.

Deigarri zaigu, bakarrik ageri zara ekitaldietako argazkietako batean, nabarmen.
Bai, bakarrik egon nintzen. Ekitaldira joateko gonbidatu ninduten, baina inork ez zidan kasurik egin, eta hantxe jarri nintzen, aulki batean, bakar-bakarrik. Hurrengo egunean, batzuek eta besteek deitu zidaten, [EAJ] Alderdiko zenbait agintarik eta Bergarako alkateak berak –EH Bildukoa–, barkatzeko, denek. Bergarako ekitaldia uztailaren 19an izan zen, eta, aurretik, hilaren 12an, beste ospakizun bat izan zen, Bilbon, Dendarikaleko batzokian lehenengo ikurrina jarri zutela 100 urte zirela gogoratzeko. Ni bietan izan nintzen...

Duela 50 urte Bergarako udalbatzako zinegotzi zinen…
1974ko otsailaren lehenengoan, Bergarako alkate izendatu zuten Jose Luis Elkoro. Hortik hasi zen mugimendua. Hiru zinegotzi eta Elkoro bera gara bizirik. Hala ere, Elkoro eta biok besterik ez ginen izan uztailean Bergaran, 50. urteurreneko ospakizunean; beste biak ezin izan ziren etorri. Elkorok [EH] Bildu osoaren babesa izan zuen. Ni, bakarrik egon nintzen. Baina esan dizut, ondoko egunetan batzuen eta besteen deiak jaso nituen, eta luze hitz egin ere bai.

Joan gaitezen orain dela 50 urte Bergaran egindako ekitaldira…
Bergaran hainbat elkarte lanean ari ziren, mota guztietakoak: Club Deportivo, Alkartu... Herrian, batzarrak egiten hasi ginen batzuk eta besteak, eta, poliki-poliki, indarra hartu zuen mugimendu hark. Garai hartan, udala osatzeko sistema ez zen oraingoa. Alkatea, gobernadore zibilak izendatzen zuen; zinegotziak ziren, berriz, familia-ordezkariak, sindikatuenak, eta erakunde frankistenak. Ni, familia-ordezkarien bidetik sartu ninduten herritarrek udaletxean. Alkatea zen Luis Laskurain Ugalde, eta herriko mugimendua indartzen ari zela konturatu zenean, udaletik erretiratzea erabaki zuen.

Horrela izendatu zenuten alkate Jose Luis Elkoro?
Bai. Gordeta dauzkat garaiko aktak, eta halaxe esaten du bertan: “Alkate kargua uzten duena: Luis Laskurain Ugalde. Alkate berria: Jose Luis Elkoro Unamuno. Zinegotziak…”. Aldi batez, [Gipuzkoako] gobernadore zibilaren ordezkoren bat ere etorri izan zen Donostiatik gure bileretara, baina ez askotan ere; segituan utzi zion etortzeari. Gu, berriz, handik laster, hau eta hura eskatzen hasi ginen –udal hauteskundeak erakundeak demokratizatzeko–, ikurrina legeztatzea, euskararen ofizialtasuna… Inguruko herrietako alkateekin bildu, eta haiek ere berdin egiteko eskatzen hasi ginen. Horrela, denon artean, Bergarako batzar handi hura egin genuen.

Ez hutsetik sortua, esan duzunez.
1964an hasi ginen lanean, klandestinitatean. Urte hartan bertan, gerra osteko lehenengo Aberri Agunean izan ginen, Gernikan. 21 urte neuzkan, bilatu nuen autobus bat, eta joan ginen jende mordo bat, denak gazteak, Gernikara. Baina, jakina, bidean Guardia Zibilarekin egin genuen topo. Kontrolak. Lehenengoa, Zornotzan. Ni Bergarako futbol taldeko zuzendaritzakoa nintzen, eta Guardia Zibilak geratu gintuenean, esan nien: “Gernikara goaz, futbol partida jokatzera”. Eta pasatu ginen.

"Franco gerran sartu zenean, gure aita Bilbon zegoen, lehendakariaren eskolta lanean. Ihes egin behar izan zuen, eta Bretainian egon zen, Frantzian, gerra bukatu arte"

Kar, kar!
Zornotza pasatu genuen, eta hurrengo kontrola, Muxikan, Gernikatik bertara. Berriz ere “alto!”, Guardia Zibilak. Futbolean jokatzera gindoazela esan berriz ere nik, eta haiek, berriz, oinez joateko, ez ginela autobusean sartuko Gernikara. Eta autobusa Muxikan laga eta oinez Gernikara!

21 urte zenituela esan duzu, etxean jasoa izango zenuen abertzaletasuna.
Bai, bada! Zer edo zer kontatu nuen Larrazabalgo batzokian, ikurrina jarri zutela mendeurrena ospatu genuenean. Hantxe izan zen Iñigo Ansola, eta egin zuen hitzaldia. Eta, gero, haren hitzaldiaren amaieran, hitza hartu nuen. Esan beharra neukala sentitu nuen, nik bizitako abertzaletasunaz zerbait adierazi behar nuela. Eta kontatu nuen zelan ni ume nintzela, eta oraindik gazte nintzela ere bai, gabonetan familia guztia biltzen zen gure mahaian, bai gabon gaueko afarian, bai gabon zaharretakoan. Bietan ere, etxekoek Sabino Aranaren eta Jose Antonio Agirreren argazki bana jartzen zuten mahaian; Agirrerena, sinadura eta guzti! Eta, ezer jaten hasi aurretik, kantatzen genuen: “Gora Euskadi, gora beti, gora Sabino Arana Goiri. Euskadi euskaldunentzat, Espainia espainolentzat, Gora Euskadi askatuta!”. Nik hori Larrazabalgo batzokian kontatu, eta kantatu, eta pertsona nagusiak negarrez hasi ziren!

Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Salatu didatenez, hiru zesta ere jartzen zenituzten gabonetako mahai haietan.
Bai, hori ere bai! Gure aita pilotari profesionala izan zen, puntista: Joxe Amenabar Gallastegi. Gernikan jokatzen zuen, baina Milanen ere jokatu zuen, Italian, han ere frontoia egon zen eta. Gure aitak neurtzen zuen metro bat eta 88, eta izan zen Jose Antonio Agirreren eskolta. Eta txofer, berriz, beste bat, bergararra, Muruamendiaraz, eta hau ere handia! Kontua da Monzon, bergararra,  Gobernazio kontseilaria izan zela Agirreren jaurlaritzan, eta Bergaratik bertatik ezagutzen zuela gure aita. Agirrek, berriz, Bergarara joateko ohitura zuen, denboraldi bat pasatzera. Ez alferrik, Jose Antonio Agirreren aita, Teodoro, Bergarakoa zen, eta Sabino Aranaren abokatuaren laguntzailea. 

Dena da Bergara!
Bai, bada! Agirreren aita, Monzon, gure aita –Agirrerren eskolta–, Muruamendiaraz –lehendakariaren txoferra–, dena Bergara! Nik gure aitarena kontatu dizut, baina beste pertsona bat ere izan zen, oso balio handikoa: gure izeko Juste [Amenabar], ezkongabea, eta herriko abertzaleen benetako burua! Harekin batera, Roman Uriarte eta beste hamarren bat lagun ere baziren han, abertzaletasunaren aldeko lanean. Ni, artean, gaztea nintzen, baina batzuen eta besteen mugimenduak ikusten nituen, zelan zebiltzan paperak-eta ezkutuan banatzen. 

Klandestinitateko lanak...
Esate baterako, bazen taberna bat, Lorelei izenekoa, azpian bodega zeukana. Hantxe egiten genituen gure batzarrak-eta. Bi sarrera zeuzkan tabernak, bata goitik, bestea behetik, eta atea ere modu jakin batean –pasa-hitz modu bat– jotzen genuen, sartzeko. Akordatzen naiz oso berandu arte egoten ginela han, eta handik sortu zela, 1976an, Alderdiaren Bergarako lehenengo junta ere. Xabier Zabaleta ipini genuen buru, eta han ginen Iñaki Osinaga, ni neu… Izeko Juste zahartuta zegoen ordurako, 1913koa zen. Aita, berriz, 1909koa. Berandu ezkondu zen.

"Gure alderdia horrexetan izan da ona, afiliatuen ondoan egoten, batzokiak ondo antolatzen, ekitaldiak organizatzen… Eta orain ez da halakorik egiten"

Berandu ezkondu, zuen aita, alegia.
Bai. Franco gerran sartu zenean, gure aita Bilbon zegoen, lehendakariaren eskolta lanean. Ihes egin behar izan zuen, eta Bretainian egon zen, Frantzian, gerra bukatu arte. Bergarara itzuli zenean, Langileen Batailoietara eraman zuten, Miranda de Ebrora, eta handik Larachera, Marokora! Hantxe eduki zuten 1941 arte. Horiek denak pasa eta gero ezkondu ziren gure gurasoak, aurretik nobio zirenak. Eta horrela jaio nintzen ni 1942an.

Zein dugu, hortaz, Leonardo Amenabar?
Hori beste historia bat da. Leonardo Amenabar izan zen gure aitaita, aitaren aita. Leonardo dugu, batetik, eta haren semea Iñaki, bestetik. Durango bonbardatu zutenean hil ziren. Hortik jaso ditut nire izenak ere, zeren, denek “Xabier” esaten badidate ere, ni naiz “Xabier Ignazio Leonardo”.

Xabier Ignazio Leonardo!?
Aitaita Leonardo gerraurreko EAJko juntakoa izan zen Bergaran, 1930 inguruan. Gerra sartu zenean, ihes egin behar izan zuen. Eta nora ihes egin zuen? Durangora. Izan ere, gure aitaita hura zapataria zen, tailer txiki bat zeukan herrian. Gerra sartu zenean, dena konfiskatu zioten, makineria eta dena. Etxean, gure aitak Frantziara ihes egin zuen. Aldiz, Bergaran geratu ziren amama eta izekoak: Maria, Juste eta Pidele. Ilea buru-arras moztu eta halakoak egin zizkieten, baina bizirik irten ziren, behintzat.

Leonardo eta Iñakiren heriotza Durangon…
Aitaitak lagun bat zeukan han, Berrio izenekoa, zapataria, bera bezala. Elkarren ezagunak zapatak egitetik, eta haraxe joan zen aitaita Leonardo, 16 urteko seme gazteena, Ignazio, berarekin zeramala. Durango bonbardatu zuten egunean, beti bezala, goizeko zortzietan lantokira abiatu ziren. Handik ordu erdira-edo, sirenak! Hegazkinak. Fabrikatik irten, non edo non babestera, baina bertan hil ziren biak. 

Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Ez diguzu errepaso makala egin! Sabino Arana, Agirre lehendakaria, gerra, gerra ostea, EAJ, Bergarako mugimendua… Hurrena, hortxe ETA ere.
Ez naiz sekula ETAkoa izan, baina, hasieran, haren aldekoak ginen. Poliziak edo Guardia Zibilak haietako bat hiltzen zuenean, min hartzen genuen. Baina [Anjel] Berazadi hiltzea [1976, apirilak 8], adibidez, definitiboa izan zen. Orduantxe utzi genion ETAren aldekoak izateari. ETAren kontrako lehen manifestazioetako bat egin zenean, Bilbon, [Jose Maria] Ryan ingeniariaren hilketaren [1981, otsailak 6] kontra, hantxe izan nintzen. Baina, handik aste bira-edo, Madrilen Poliziak ETAko Joxe Arregi torturatuta hil zuenean [1981, otsailak 13], orduan ere protestan irten ginen. Gero, ETA gero eta gogorrago hasi zenean, kito.

"Nik neurea esango dizut: “Alderdikoa izango naiz beti, independentziaren helburuari eusten diogun bitartean”

Eta heldu gara 2026ra, eta zelan ikusten duzu zeure alderdia, EAJ?
Nahiko kezka! Garai batean, dena zen gertutasuna. Orain, aldiz, bateko eta besteko sare sozialak direla-eta, ez dago halakorik, nahiz eta oso garrantzitsua den. Gure alderdia horrexetan izan da ona, afiliatuen ondoan egoten, batzokiak ondo antolatzen, ekitaldiak organizatzen… Eta orain ez da halakorik egiten.

EAJ eta gainerako: euskaldunak, bagara? Ez gara? Herri hau badoa?
Nik neurea esango dizut: “Alderdikoa izango naiz beti, independentziaren helburuari eusten diogun bitartean”. Niretzat, Euskadiren subiranotasuna gauza sakratua da. Helburu hori ez bada behar bezala defenditzen, ez diot Alderdiarekiko konpromisoari eutsiko. Gure etxean, aitaita-amamak, aita-amak, osaba-izekoak… denek ere gorriak ikusi zituzten. Batzuk hil ere egin ziren Euskadiren independentziaren alde. Ni haien bidean nabil. 

“Gora Euskadi, gora beti, gora Sabino Arana Goiri…”.
Horixe, bada! Eta Begoñako batzokian hori kontatu, eta kantatu nuen, eta gero, bat etorri zitzaidan eta zer esan zidan: "Eskerrik asko, Xabier, gure amari emoziozko negarra eragiteagatik!”. Horrexek balio du! Jendeak kontu asko ez dakizki, eta kontatu beharra dago. 
 


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.