argia.eus
INPRIMATU
2026ko azaroaren 4a
Violetta zoragarria

Olbek antolatutako La traviata opera 
Euskadiko orkestrako zuzendaria: Francesco Ivan Ciampa.
Bilboiko operaren abesbatzeko zuzendaria: Esteban Urzelai.
Non: Euskalduna Jauregian, Bilbon.
Noiz: urriaren 23an.

--------------

Mundu osoan ezagunak diren opera-tituluak programatzea ikuskizun mota horretara normalean joaten ez den publikoa erakartzeko modu bat da. Baina horren ordainetan, nahitaez eskaini behar da zerbait bikaina eta atentzioa ematen duena. Bestela, ikuskizuna "bat gehiago" bihurtzen da, besterik ez.

Zorionez, OLBEk ekarri zigun Verdiren Traviata artxifamosaren ekoizpenak oso interesgarria izateko adina osagai izan zituen, baita opera hau dozenaka aldiz entzun eta ikusi dutenentzat ere. 

Eszenografiarekin hasiko naiz. Asko gustatu zitzaidan, erabat orekatua zen. Ekoizpen horren ekintza joan den mendeko 1920ko hamarkadan kokatu zen. Berritasun puntu bat, Verdiren ekintza hamarkada batzuk lehenago kokatzen baitzen, baina obraren usain klasikoa hutsaldu gabe. Testuinguru horretan, dekoratuak aberatsak ziren, baina ez kargatuegiak. Obrari zegozkion sentsazioak transmititzen zituzten. Nolabaiteko oparotasuna, atzealde xumearekin. Eta estetikoki oso apaingarri ederrak ziren. Obraren giroak oso ondo islatu ziren. Francesco Zitok eta Antonella Contek lan bikaina egin zuten zalantzarik gabe.

Musikari dagokionez, taldea oso orekatuta egon zen. Orkestra, Francesco Ivan Ciamparen gidaritzapean, beti egokitu zen ahots eta bakarlarien eskakizunen aurrean. Bestalde, korua oso egokia izan zen uneoro.

Baina, dudarik gabe, Jessica Pratt izan zen Traviata-ren ekoizpen hau kalitate maila gorenera igo zuena Violetta Valéry-ren rol protagonistan. Lehenik eta behin, bere ahotsaren erabateko kontrola erakutsi zuen. Pianissimi ia irrealak ziren. Esaldi luzeak ahots-hari batean mantentzeko gaitasuna, emisio perfektuarekin, adimen artifizialaren emaitza zela zirudien. Adibide bat jartzearren, Addio del passato aria abestu zuen lurrean etzanda, ahotsaren kontrol ezin hobearekin, eta uneoro edertasun handiko tinbrea erakutsita. Eta ikuspuntu aktoraletik, Prattek interpretazio soila egin zuen. Gehiago nabarmendu zuen pertsonaren umiltasuna pertsonaiaren boluptuositatea baino. Ikuspegi barnerakoiagoa eman zion Violettari, oso samurra.

Baina Javier Cámarenak Alfredo Germonten pertsonaian egin zuen lanari ere balioa eman behar zaio, nahiz eta bere ahotsa ez zen beste batzuetan bezain sendo egon. Eta batez ere, Gabriele Vivianiren aktuazioa azpimarratu behar dugu, Germont aitaren paperean. Ahots sendoa erakutsi zuen, bikain fraseatzen, eta sinesgarritasun handia eman zion bere paperari. 

Gainerako bakarlariek, beren paper txikietan, osotasunaren arrakastan lagundu zuten. Horien artean, Marife Nogales nabarmenduko nuke, Floraren paperean, ahots-lan onagatik eta agertokian erakutsitako aisetasunagatik. Funtzio ederra, azken batean.