Madril, 1941eko azaroaren 6a. Carmen Polo ohorezko presidente zuela, Patronato de Protección a la Mujer (Emakumearen Babeserako Patronatua) sortu zuen Francoren erregimenak. Emakumeak "bizioetatik apartatu eta erlijio katolikoaren ikasbidearen arabera edukatzea" zuen xede erakundeak, sorrerako dekretuan irakur daitekeenez. Funtsean frankismoaren beste tresna bat zen, neska gazte eta nerabeak diziplinatzeko.
Patronatuak Espainiako probintzia guztietan zituen ordezkaritzak, eta asko ziren bere sareetan eroritakoak: umezurtzegietako haurrak, putetxeetan atxilotuak edo, besterik gabe, egoera zaurgarrian zeuden familia pobreegandik banandutako neskatilak. Arrazoiak ere asko izan zitezkeen: guraso "gorriak" edukitzea, lesbiana izatea, haurdun geratzea, auzokoaren salaketa jasotzea...
Carmen Guillén Llorente historialariak, gaiari buruzko bere tesian oinarrituta, Redimir y adoctrinar El Patronato de Protección a la Mujer (1941-1985) (Askatu eta doktrinatu. Emakumearen Babeserako Patronatua 1941-1985) liburua idatzi du. Bere esanetan, zenbait hiriburutan patronatuak agenteak bidaltzen zituen parke, zinema zein hondartzetara zelatatzera: "Edozein zantzu edo jokabide nahikoa zen", dio. Aztertu dituen artxiboetan ikusi du, sinpleki "moral gutxikoak" zirela esanda barneratu zituztela emakume asko.
Emakumearen Babeserako Patronatu frankistak agenteak bidaltzen zituen parke, zinema eta hondartzetara, neskak zelatatu eta zentro erlijioso itxietara eramateko
Behin erakunde horren sarean erorita, COC (Centro de Observación y Clasificación) izeneko sailkapen zentrotik igaro eta ordena erlijiosoetako egoitza itxietara bideratzen zituzten emakumeetako asko –%40 inguru, Guillénen arabera–. Oblatak, Adoratrizeak, Trinitariak edo María Ianua Coeli (Zeruko Atearen María) ziren kongregazio horietako batzuk. Azkeneko hau Pilar Arechavaleta Iturrioz moja bilbotarrak sortu zuen 1940an, Madrilen.
Tratu txarrak, zigor-ziegak...
1880an Bilboko Zazpi Kaleetan jaioa, Arechavaleta 1936ko Gerra amaitzean joan zen espainiar hiriburura, eta frankismoaren altzoan hainbat egoitza zabaldu zituen kongregazioarentzat. Besteak beste, 1959an Villalba Colladon (Madril) bost solairuko Villa Almudena "eskola" jarri zuen martxan, berrehun neskentzako. Hara eramaten zituzten neska "zuzendu ezinak", eta lekukoen esanetan zentro gogorrenetako bat zen. Paca Blanco militante feminista eta ekologistak dioenez, birritan saiatu zen handik ihes egiten, Arechavaletari aurre eginda. Izan ere, Pikara aldizkarian Andrea Momoitioren erreportaje batean irakurri dugunez, halako zentroetan lan behartuak eta tratu txarrak ohiko ziren, elektroshockak erabiltzeraino.
1983an, Inmaculada Valderrama 14 urteko gaztetxoa hil zen Madrilgo erreformatorio batetik ihes egiten ari zela, izara batzuetatik zintzilikatu eta erori ondoren. Besteak beste, espetxe-funtzionarioek zaindutako zigor-ziegak aurkitu zituzten zentroaren barruan; 1985ean patronatuaren desagertzea ekarri zuen gertakari horrek
Garai haietan, Bilbon ere orube bat erosi zuen kongregazioak Artagango muinoan, eta 1971n egoitza eraiki zuen, Arabella, Zurbaranbarri, Santutxu, Otxarkoaga eta Txurdinaga langile auzoetako familia pobreetako gazteak hartzeko. Bizkaiko Gobernu Zibilak Ongintzako Gurutze Handia eman zion Arechavaletari 1972an, eskertza moduan. Hurrengo urtean hil zen.
1983an, Inmaculada Valderrama 14 urteko gaztetxoa hil zen Madrilgo erreformatorio batetik ihes egiten ari zela, izara batzuetatik zintzilikatu eta erori ondoren. Besteak beste, espetxe-funtzionarioek zaindutako zigor-ziegak aurkitu zituzten zentroaren barruan; 1985ean patronatuaren desagertzea ekarri zuen gertakari horrek.
Harrigarria da halako erakunde batek Frankismoaren ondoren hainbeste urtez irautea. Gaur egun, berandu bada ere, zentro horietan gertatutakoa ezagutzen ari gara pixkanaka. Baina patronatua desagertu eta berrogei urtera, María Ianua Coeli kongregazioak Arechavaleta goresteko hagiografia dauka oraindik webgunean, bere esaldi batekin: "Zailtasunen aurrean indartsu eta beti pozik".