Lamiak, deabrua, jauntxoak

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Lourdes Iriondo. Ipuinak eta antzezlanak
Lorea jainaga eta alex gurrutxaga 
Ilustrazioak 
Maite Gurrutxaga
Aztarna, 2025

-----------------------

Lourdes Iriondo 1937an jaio zen Donostian eta 2005ean hil zen Urnietan (Gipuzkoa). Xabier Leteren bikotekidea izan zen eta Ez dok amairu taldearen partaide. Horraino denontzat ezagunak izan daitezkeen datuak. Baina gehiago dago esateko Lourdes Iriondoren inguruan. Aingeruak nola kantatzen zuen, Juan Kruz Igerabideren hitzetan, eta bihotzeko gaitz bat izan zuen. Bere jendaurreko jarduera apaltzen joan zen 1970eko hamarkadan, baina orduan hasi zen haurrentzat –eta haurrekin– idazten: tradiziotik edan eta gaurkotasuneko gaiak jorratzen zituzten antzezlanak eta ipuinak.

Lorea Jainagari eta Alex Gurrutxagari esker, bi liburutan ditugu bilduta  egun. Batetik, ipuinak: Hego-haizearen ipuinak, Asto baten malura, Mateo Txistu, Maripetralin lamina, Lotara joateko ipuinak eta Ortzadarra. Bestetik, antzezlanak: Martin arotza eta jaun deabrua, Sendagile maltzurra, Buruntza azpian, Txorien baratzea eta Fabrika berria. Hori guztia Aztarna argitaletxearekin egin da, eta Maite Gurrutxagaren ilustrazioak daude bertan.

Datu bat azpimarratu nahiko nuke: 2025ean egin da lehen aldiz Lourdes Iriondoren idazlanen bilduma. Bera hil eta 20 urtera. Lanok idatzi eta 50 urte ingurura. Euskal literaturan berredizioak oso ezohikoak izaten dira. Liburuek oso gutxi irauten dute merkatuan, Durangotik Durangora, gehienez jota. Bestalde, emakume baten lana da, eta horrek esan nahi du filtro bikoitza pasatu beharko duela onarpen zigilua lortu ahal izateko. Adibidez, Xabier Leteren ospea handiagoa da eta lehenago berreskuratu da bere lana. Beste genero kontuek ere badute zer esanik afera honetan. Izan ere, Letek (helduentzako) poesia –eta bertsoak– sortzen zituen; Iriondok, ordea, haurrentzako ipuinak eta antzezlanak.

Baina esan ditzadan bi hitz edukiari buruz, amaitu aurretik. Ipuinetan asko gustatu zait ahozko literaturaren oihartzunak eta ipuin tradizionalen kosmologia aurkitzea, (zehazki, euskal mitologiako izakiak eta haien inguruko kontakizunak berritzea). Antzezlanetan berriz, garaiko kezkak eta gatazka sozialen islak interesatu zaizkit gehien. Hori bai, egilearen balio sistemaren aztarnek zipriztindutako eta haurren kodearen arabera apailatutako istorioak direla kontuan izan behar da irakurtzen hasi aurretik. 


Irakurri gehiago: Liburu kritikak Kultura Literatura
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.