Euskararen aldeko hitzordu inportantea izanen da Baionan azaroaren 21ean, Euskararen garaia da lelopean, koofizialtasunaren aldarria jarriko duelako lehen lerroan Euskal Konfederazioak. Horrez gain, euskararen aldeko "hizkuntza politika eraginkor" bat eta "hizkuntza gutxituen aldeko lege babes ausart" bat aldarrikatzeko unea izanen da. Nola ez, azken aldiko euskararen kontrako prefetaren erasoak salatuko dituzte. Iazko abenduaren 27an Bilbon eta ekainaren 13an Iruñean bildu ondoren, euskalgintzak abiaturiko ziklo berriaren ondoko urratsa Baionakoa izanen dela argi dute antolatzaileek, eta Lapurdiko hiriburuan batzeko deia luzatu diete euskararen alde diren guztiei.
Kasik urtea pasa da Ipar Euskal Herriko euskalgintzaren prentsaurreko jendetsu hartatik. Urtarrilaren 26an eskaini zuen prentsaurrekoa Euskal Konfederazioak, hortik hamar hilabetera bideratuko zuen manifestazioaren berri emateko: azaroaren 21ean Baionako karrikak hartzera doaz euskararentzako koofizialtasuna aldarrikatzeko. Kasik 200 kolektiboren babesa jasorik, jendetsua eta askotarikoa aurreikusten da mobilizazioa.
Koofizialtasuna, horra hor aspaldian lehen lerroan egon gabeko aldarria. Deiadar manifestazioak gogoan ditugu, baina azkenetik hamaika urte pasa dira. 2015ean hartu zituzten Lapurdiko hiriburuko karrikak, koofizialtasuna aldarri, Euskara hizkuntza ofiziala. Herri elkargoa! lelopean 5.000 lagun inguru elkarturik. Orduz geroztik ez da erabat baztertua izan eskakizuna, finean, azterketak euskaraz pasatzearen aldeko borroka zein hizkuntza politika eraginkor baten aldeko eskakizuna, aldarri guztiek dutelako euskararen aitortza eza muinean. Baina, "funtsezkotzat" jo du Euskal Konfederazioak koofizialtasunaren galdeari "bultzada berri bat" ematea, "hizkuntza gutxitua biziberritzeko helburua duen hizkuntza politika bat hankamotz gelditzen delako hizkuntza hori ez bada behar bezala legez babesten".
Ipar Euskal Herrirako azken inkesta soziolinguistikoak azaleratu datuek kezkatzen dute Euskal Konfederazioa, eta EEP Euskararen Erakunde Publikoaren baitako desadostasunek ere handitu diote koofizialtasuna lehen lerroan ematearen beharra. Gaur egun %20,1 dira euskal hiztunak Bidasoaren iparraldean –55.000 hiztun izatetik 51.500 izatera pasa dira azken 20 urteetan– eta erabilpena %21,5ekoa da –horietan bakarrik %7,7ak du euskara frantsesa baino gehiago edo bezainbat erabiltzen–. Larritasunaz kontziente, euskalgintzaren erronka bere egin eta 2050erako euskal hiztunak %30 izatera heltzeko prospekzio soziolinguistikoa aurkeztu zuen EEPk 2024ko ekainean: bilakaera demografikoan eta inkesta soziolinguistikoaren emaitzetan oinarrituta, 40.000 euskal hiztun gehiago beharko lirateke langa horretara heltzeko.
Aurrekontuaren emendiorik gabe nekez lortu daiteke, ordea, helburu anbiziotsu hori eta hori izan da mobilizazioari bultzada berri bat emateko Euskal Konfederazioaren arrazoia. Gaur egungo testuingurua sinplea delako: edo, azken aldietako aurrekontuarekin segitzen da eta Euskal Konfederazioak dioen bezala "euskara hiltzera kondenatzen" da, edo, %30eko helburua iparrorratz hartuta aurrekontua behar bezala emendatzen da. Hilabeteetako blokeoaren ondotik, aurrekontuaren emendio epelegiaren alde egin zuen EEPk iazko abenduan. Kide bakoitzak –Euskal Hirigune Elkargoa, Departamendua, Eskualdea eta Frantziako Estatua– 650.000 euroko emendioa onartu beharko bazuen ere, 100.000 euroko emendioaren alde egin zuen –euskalgintzaren helburuetatik eta egoera soziolinguistikoak eskatzen duen aurrekontutik biziki urrun–.
Ipar Euskal Herrian euskararen erabilpena %21,5ekoa da –bakarrik %7,7ak du euskara frantsesa baino gehiago edo bezainbat erabiltzen–
"Nola egin euskara biziberritzeko prozesua berriz abiatzeko? 2050erako %30 hiztunen langa erronka handia da, baina uste dugu ez dela fatalitaterik. Helburu hori ez dugu lortuko hizkuntza politika eraginkorrik gabe eta horrentzat euskararen estatutua aldatu behar da, koofizialtasuna behar da. Euskara frantsesa bezainbat garatua izatea nahi dugu, eta hori arlo eta sektore guztietan; ez gehiago, baina ez gutxiago ere", dio Euskal Konfederazioko ordezkari Sebastien Castetek.
Euskararen pizkunde berri baten beharrean, Bilbon elkartu ondoren abenduan eta Iruñean, berriz, ekainean, dinamika horren baitako hirugarren geldiune gisa kokatzen du Baionako hitzordua Castetek. Hain justu, koofizialtasuna galdetzeaz gain, hizkuntza politika ausart eta emankor baten aldeko eskakizuna berresteko hitzordua izanen da, eta nola ez, hizkuntza gutxituen aldeko lege integral baten eskaera entzunaraziko dute.
Koofizialtasunaren beharra ezin hobeki baieztatzen dute azken hilabeteetako Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako prefetaren jarrera erasokor sistematikoek, eta horiei erantzuteko hitzordua bihurtu da azaroaren 21eko manifestazioa. "Jendeak ez ditu ulertzen eraso horiek, jendea haserre da eta koofizialtasuna galdetzeaz gain, 'eraso horiei stop!' oihukatzeko momentua izanen da", Casteten hitzetan.
Urriaren lehenean egindako prentsaurrekoan berretsi zuen bere postura gobernuaren ordezkariak: euskarari aitortza ofiziala egiteko herriko etxeek harturiko deliberoak deuseztatu behar dira, bere hitzetan, euskara hizkuntza ofizial gisara aitortzeko eskumenik ez dutelako. Sarako (Lapurdi) eta Baionako herriko kontseiluen deliberoen kontrako salaketak jarriz abiatu zuen bere gurutzada uztailean. Sarako Herriko Etxeak uztailaren 2an euskara ofizialki aitortu zuen herriko hizkuntza gisa, frantsesaren ondoan; eta uztailaren 23an antzeko deliberoa hartu zuen Baionakoak. Bien kontrako helegitea jarri zuen orduko prefet Jean Marie Girierrek. Lehen instantzian ontzat eman zituen helegiteak epaileak, baina dei egin dute bi herriko etxeek. Bordeleko Administrazio Auzitegiaren epaiaren beha dira, eta Frantziako Estatu Kontseiluraino iristeko borondatea agerturik du Baionako auzapez Jean-René Etchegarayk.
"Errealitateaz baino, beldurrez ari dira, uste dutelako koofizialtasuna nahi dugula. Zilegiak sentitzen gara, gure aitortzak sinbolikoak direlako eta ez dutelako arriskuan jartzen Frantziako zuzenbide estatua", adierazi zuen Etchegarayk epaia jakin bezain laster. Funtsean hori da delibero horien estrategia: euskarari ofizialtasuna aitortu beharrean, ofizialki aitortzea euskara lurraldeko hizkuntza dela. Zergatik? Euskarari ofizialtasuna aitortuz gero, Frantziako Konstituzioa luketelako parean deliberoa deuseztatzeko. Urrats argi hori eman zuen Uztaritzeko (Lapurdi) Herriko Etxeak 2014an eta berehala moztu zion bidea orduko prefetak.
Baina adierazpena ofizialtzat eginda ere, badirudi berdin-berdin problematikoa zaiola Estatuaren ordezkariari. Hain justu, beste delibero batzuk eraman ditu auzitara prefetak: gutxienez, Lexantzü (Zuberoa), Itsasu (Lapurdi) eta Arberatzeko (Baxenabarre) herrien kontrako prozedurak abiaturik ditu, eta funtsean, adierazpen berdintsua idatziriko hamabost bat herriko etxe ditu jomugan.
Frantziako Estatuko ordezkariaren hitzeta n, "ofizialki" terminoa erabiltzea da arazoa, euskarari frantsesaren heineko estatusa ematea dakarrelako. Baina Gamarteko (Baxenabarre) kasuak kontrakoa erakusten digu, hitz hori agertzen ez bada ere bere hizkuntza politika kentzeko edota berrikusteko eskaera jaso duelako gutun bidez auzapezak. Hitzez hitz, irailaren 29an bozkaturiko deliberoan zehazturik dute herriko kontseiluak berresten duela "euskara komunikazio-hizkuntza dela, frantses hizkuntzarekin batera". Ondoko azalpena eman dio herriari suprefet den Mathieu Duhamelek: "Idazketa anbiguo horrek pentsaraz lezake ez dela ondare aitortza hutsa, baizik eta badela euskara administrazioko hizkuntza gisa, herriko hizkuntza gisa, frantsesaren pare finkatzeko borondatea". Herriko kontseilarien euskarazko hitzartzeak bultzatu nahi ditu hizkuntza planak, beti ere momentuko itzulpena bermaturik, baita herriko etxearen harreran lehen hitzak euskaraz egitea ere. 120 herritar ditu Baxenabarreko herri horrek, eta beraien artean euskaraz aritzea dute ohitura anitzek, frantsesez trukatzea arrotza eta arraroa zaielarik. Beskoitzeko (Lapurdi) Herriko Etxeari ere gauza bera gertatu zaio.
Orotara hamabost
bat herriko etxek dute ofizialki euskara aitortu herriko hizkuntza gisa,
eta delibero guztiak aztertzekoak dituela argi
utzi du prefetak
Larresororen kasua ere hor da, karriken euskarazko izendapena delibero bidez onartu zuena, 2016an. Deliberoa ezeztatzea erabaki du prefetak.
Orotara hamabost bat herriko etxek dute ofizialki euskara aitortu herriko hizkuntza gisa, eta delibero guztiak aztertzekoak dituela argi utzi du estatuaren ordezkariak: Lapurdin, Baiona, Sara, Itsasu, Hiriburu, Uztaritze, Senpere, Azkaine, Hendaia eta Lekuine, Baxenabarren, Baigorri, Donapaleu, Izura, Arberatze, Ortzaize eta Aiherra; eta Zuberoan, Lexantzü. Eraso horiek salatzen ditu Euskal Konfederazioak, are gehiago jakinda orain artean gisa bereko adierazpenak hartuak izan direla, trabarik gabe. Adibiderik esanguratsuena da Euskal Hirigune Elkargoak 2018an egindako aitorpen ofiziala, gaur egun oraindik zutik segitzen duena.
Baina herrien kontrako erasoez gain, EEP ere begi-bistan harturik du. Harrigarria badirudi ere, Maider Behotegi EEPko lehendakaria eta Euskal Hirigune Elkargoko ordezkari Anita Lopepe galdekatu berri ditu Polizia Judizialak, prefetaren seinalamendu baten ondotik. Ekainaren 25eko biltzar nagusian "interes gatazka bat" izan zelakoan ireki du prozedura, Seaskari bideraturiko dirulaguntza baten harira. Afera da Lopeperen bikotekidea Seaskako lehendakaritako bat dela eta hori izan dela EEPren kontrako ekintza judiziala irekitzeko aitzakia.
Aitzin ere, martxoko biltzar nagusian, suprefetak zalantzan jarri zuen EEPren eta CNFPT Lurraldeetako Funtzio Publikoaren Frantziako Zentroaren arteko hitzarmena. 2013az geroztik martxan da eta funtzio publikoko langileak euskalduntzea du xede. Kasu horretan ere Frantziako Konstituzioko 2. artikulua esku artean, hitzarmena deuseztatu nahi izan zuen –azkenean, gibel egin zuen apirilean–. Ekainean eman zuen kolpe berri bat, Eusko Jaurlaritza jomugan harturik: EEPri zuzenduriko ekarpena emendatzearen alde agertu zen EAEko Gobernua eta hori "atzerriko potentzia" baten esku-sartze gisa ikusita, Atzerri Ministeritzara jotzeko galdetu zien EEPko partaideei –errefusatu zioten berehala–.
Berria-k elkarrizketatu berri du EEPko lehendakaria eta erasoak sistematiko bihurtzeak galdekatzen eta kezkatzen duela dio: "Iduri du kisketak jartzen dizkiela lurralde honetan gure eskualdeko hizkuntzaren iraupena bermatzeko aktiboago izan nahi dutenei. EEPren helburua argia da, eta partaide guztiek izenpetu dute: bi hizkuntzak maila berean menperatzea nahi dugu. Hori izenpetzen badugu, eta horretara engaiatzen bagara, zer egiten dugu bermatzeko? Gure rola da, gure ardura. Beraz halako artikuluak baldin badaude [Konstituzioko 2. artikulua], eta pragmatikoki ohartzen bagara traba edo freno bat direla, horren ondorioa da parlamentariek gaiari heldu nahi izatea". Begi onez ikusten du, beraz, Peio Dufau eta Paul Molac diputatuek konstituzio lege proposamena aurkeztu izana urriaren 6an. Zehazki, Konstituzioaren 2. eta 34. artikuluak aldatzea proposatu dute, hizkuntza gutxituei frantsesaren nagusitasuna kontrajarri ez diezaieten, eta dagoeneko 80 bat parlamentariren babesa dute.
2. artikuluak dio Frantziako Estatuko hizkuntza frantsesa dela. Aurkezturiko proposamenean "eskualdeko hizkuntzen erabilera, sustapena eta babesa errespetatzearen" baldintza gehitu diote artikuluari. 34. artikuluak lege esparrua zehazten du eta ondoko paragrafoa gehitu diote: "[Legeak arautzen du] eskualdeko hizkuntzen estatusa, bereziki administrazioan eta zerbitzu publikoetan duen erabilera". Bidea ez dute erraza, Legebiltzarrean eta Senatuan gehiengoa jaso ondoren, Kongresua bildu beharko litzatekeelako, parlamentarien bostetarik hiruen babesa lortzeko.
Peio Dufau eta Paul Molac diputatuek konstituzio lege proposamena aurkeztu izana begi onez ikusten du Euskal Konfederazioak
Euskal Konfederazioak arras begi onez ikusi du diputatuen saiakera, eta babesa adieraziko die azaroaren 21eko manifestazioaren bitartez. Frantziako Estatuan menderaturiko hizkuntza gutxituen aldeko kolektiboak biltzen dituen Pour que vivent nos langues [Gure hizkuntzak bizi daitezen] sareak ere txalotu egin du urratsa: "Pozten gara legebiltzarkideek 2. artikuluaren gaiari heltzen diotelako, prefetek eta epaitegietako aginduek sistematikoki erabiltzen baitute artikulu hau, irakurketa murriztaile baten bidez, gure hizkuntzei ikusgarritasun handiagoa emateko eta bizitza publikoan erabilera handiagoa ahalbidetzeko edozein neurri oztopatzeko".
Oztopoak oztopo, indartsu segitzen du Ipar Euskal Herriko euskalgintzak, eta Parlamentutik, karriketatik zein herriko etxeetatik ematen ari dira euskararen aldeko urrats ausartak. Duda gabe, azaroaren 21 izanen da euskaraz bizi nahia berresteko hitzordu handi horietariko bat.