Irakurritakoa ulertzeko gaitasunaren gainbehera eta irakurmena lantzearen garrantzia bolo-bolo dabilen honetan, Sarrigurenen (Nafarroa) irakasle den Juan Cruz Ripoll adituarengana jo dugu pista bila. "Inportantzia ematen diot testuen inguruko galdera onak egiteari eta ikasleek kultura orokor zabala garatzeari".
Irakurketa konpetentziarako markoaren eta materialen egile prestigiotsua da Ripoll (1973, Barakaldo, Bizkaia), eta gaiari buruzko formakuntza ematen die irakasleei.
Irakurmena hobetzeko, asko irakurtzea omen da errezeta.
Asko irakurtzea beharrezkoa da, baina ez da nahikoa. Aintzat hartu behar dira, baita ere, besteak beste, irakurtzen dugun horrekiko ezagutza izatea eta askotariko testuak irakurtzea, genero ezberdinetakoak, eta horietako batzuk luzeak izan daitezela. Testu horietan sakontzeko estrategia eta erremintak erabiltzen ere ikas daiteke.
Zer behar du Irakurketa Plan on batek Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan?
Edozein etapatan, garrantzitsuena da dokumentu bizia izatea eta erabiltzea, eta ez egin beharra dagoelako egin eta gero txoko batean ahaztuta uztea. Ongi legoke planak jasotzea irakasleen formakuntzarako eta familien parte-hartzerako ekintzak.
Haur Hezkuntzan oso inportantea da ahozko hizkuntza garatzea, kontakizunak lantzea eta idatzizko hizkuntzarekin ohitzen joatea, bereziki hizkiak ezagutzea eta kontzientzia fonologikoa garatzea.
Lehen Hezkuntzako hasierako mailatan, batez ere deskodifikazioa eta jarioa landu behar da: zuzentasunez eta erritmo egokian irakurtzen ikastea. Etapan aurrera egin ahala, fokua aldatzen doa ulermenerantz eta hainbat estrategia ikasterantz.
Bigarren Hezkuntzan, garrantzitsua da motibazioa jorratzea eta era askotako estrategiak erabiltzea, hala nola testuak modu kritikoan analizatzeko eta, gai beraren inguruko testu bakar bat ez, baizik eta hainbat testu lantzeko.
"Irakasleek planteatzen duten zailtasuna da nola landu irakurmena gelan, ikasleek irakurketa konpetentziaren garapenean maila ezberdinak dituztenean"
Zertan jartzen duzu indarra irakasleentzako formakuntza saioetan?
Hasierako mailetako irakasleak direnean, irakurtzen ongi irakastearen garrantzia azpimarratzen diet: zuzentasunez eta solturaz irakurtzea oinarrizkoa da ulermenerako. Eta orokorrean, inportantzia ematen diot testuen inguruko galdera onak egiteari eta ikasleek kultura orokor zabala garatzeari.
Zein estrategia, dinamika eta material aholkatzen dizkiezu?
Nahiko ezagunak diren estrategiak gomendatu ohi ditut: aurretiko ezagutzak aktibatzea, galderak egitea, testuaren zati nahasgarriak argitzea, laburtzea, ulertzen ari diren ala ez antzematea, eskemak egitea, testuaren gainean oharrak egitea. Inferentzien eraikuntzan apur bat gehiago sakontzea gustatzen zait, alegia testua ditugun ezagutzekin argitzea edota osatzea. Eta materialari dagokionez, askotariko testuak lantzea da gakoa: historiak, albisteak, olerkiak, txostenak eta abar, tartean testu luzeak, zeren testu motzetan aurkitzen zailagoak diren egitura konplexuak izan ohi dituzte.
Zein zalantza planteatzen dizkizute irakasleek? Zer kostatzen zaie gehien?
Askotan errepikatzen dizkidaten galderak dira ea zein hizki mota erabili irakurtzen eta idazten ikasteko, zein adinetan hasi ulermen estrategiekin, buruketa eta problema matematikoetako ulermena nola hobetu eta ea zer iritzi dudan derrigorrez irakurtzeko liburuen inguruan. Planteatzen dituzten zailtasunak: nola landu irakurmena gelan, ikasleek irakurketa konpetentziaren garapenean maila ezberdinak dituztenean; eta nola jorratu irakurketa hizkuntzari lotutako ikasgaiak ez direnetan, bereziki Arte Hezkuntza edota Gorputz Heziketa gisakoetan, non testu idatzien erabilerarik apenas egiten den.
"Problema matematikoak testu motz baina konplexuak izan ohi dira eta sarri ikasleek azkar irakurtzen dituzte erantzuna bilatu nahian, planteatzen dietena ulertzen saiatu ordez"
Argitu ditzagun, bada, irakasleen zalantzak. Zein hizki mota erabili irakurtzen eta idazten ikasteko?
Dakigunagatik, hizki lotuak eta askeak bakoitzak abantailak eta desabantailak ditu, eta baleko aukerak dira biak. Hizki larriak errazagoak izan ohi dira idazteko, baina ez diot zentzu handirik ikusten hizki larriak dituzten testuak irakurtzeari.
Noiz hasi ulermen estrategiekin?
Aurretiko ezagutzak aktibatzea edo aurreikuspenak egitea [ondoren zer gertatuko den asmatzen saiatzea, testuak emandako pistetan eta norbere ezagutzetan oinarrituta] irakurtzen ikasi aurretik ere erabili daitezkeen estrategiak dira, entzunezko testuen bidez. Estrategia gehienak Lehen Hezkuntzako hasierako mailen ostean sar daitezke, irakurtzeko nolabaiteko soltura daukatenean. Eta badira batzuk, adibidez auto-azalpenak [norbere buruari azaltzea ikasten ari denaren esanahia, ahoz gora edo isilean], ez diruditenak ongi funtzionatzen dutenik nerabezarora arte.
Nola hobetu problema matematikoetako ulermena?
Galdera eta datuak identifikatzea, horien egitura grafikoki adieraztea eta soluzioa aurkitzeko plan bat egitea prozedimendu baliagarriak dira. Testu motz baina konplexuak izan ohi dira eta sarri ikasleek azkar irakurtzen dituzte erantzuna bilatu nahian, planteatzen dietena ulertzen saiatu ordez.
Zer iritzi duzu derrigorrez irakurtzeko liburu zerrenden inguruan?
Ez da bai ala ez kontua. Batez ere pentsatu behar da zein den helburua. Zerbait irakur dezatela bilatzen badut, eraginkorragoa izan daiteke eurei uztea hautatzen, esaterako aukera ugari eskainita, kalitatezkoak. Baina liburuaren inguruan lanketa jakin bat egin nahi badut ikasgelan, ongi etorriko zait denek liburu berdina irakurtzea.
Nola landu irakurmena gelan, ikasleek maila ezberdinak dituztenean, dislexiak eta bestelako irakurketa arazoak tarteko?
Mailaren arabera material ezberdinak irakur daitezke edota ez dute zertan denek material osoa irakurri. Testuak egokitzea eta erraztea ere aukera bat da. Audioliburu eta antzekoen bidez testuak entzutea gai polemikoa da, batzuen iritziz kaltegarria delako, ez baita irakurtzea, baina nik esan ohi dut beharbada irakurtzeko beste modu bat dela. Antzerkiak ongi irudikatzen du ideia hori: antzezlan bat ikustera banoa, inork ez du pentsatzen gidoia irakurri beharrean obra ikusten ari naizenez ez naizenik ahaleginik egiten ari edo ez didanik ezertarako balioko.
Gauza bat da egoki eta arin irakurtzen jakitea, eta bestea irakurritakoa ongi ulertzea. Azken boladan entzuten dugunez, ikasgai jakinetako testu espezifiko eta konplexuagoak ulertzeko zailtasunak dituzte ikasleek. Nola eman buelta horri?
Irakurtzen trebatzea bera ongi datorkit testu espezializatuei aurre egiteko, baina jorratzen den gaiaren inguruko ezagutza on batzuk ere behar ditut eta testuaren generoa ezagutzea oso baliagarria gerta dakidake. Normalean, egitura narratiboa oso ongi irakasten dugu, baina lege bat, artikulu zientifiko bat, saiakera bat edo galdara baten argibide teknikoak ulertzeko, narratiboak ez diren bestelako egiturak ezagutzea ere komeni da.
Etxean, zein da gurasoen rola eta zertan egin behar dute indarra?
Inportanteena da irakurketari eta ezagutzari garrantzia ematen zaion lekua izatea etxea. Lan asko aurreratua izango dugu familiak irakurtzen badu, eskura liburuak baldin badaude, liburutegiarekin harremana badugu, liburuak erosten badira, txikienei ipuinak kontatzen badizkiegu, irakurtzen ikasten ari denari entzuten badiogu, gaurkotasuneko gaiak edo interesgarri deritzogunak komentatzen baditugu eta irakurketa aisialdirako alternatibatzat jotzen badugu.
IRAKURMENAREN LAU HANKAK NOLA LANDU
DESKODIFIKAZIOA: “Nahastu gabe irakurtzea, abiadura eta intonazio egokiarekin. Teknika baliagarri bat da irakurketa lagundua: irakurle on baten akonpainamendua izatea, heldua edo ikaskidea; laguntzaileak eredua eta erreferentzia emango dio, testuak zein intonazio izan behar duen eta ikasleak zein akats egin dituen jakiteko, eta motibatu ere egingo du, zorionduta eta mezu positiboak transmitituta. Beste teknika bat dira irakurketa errepikatuak, jariotasuna irabazteko: testu bera behin baino gehiagotan irakurtzea aspergarria izan daitekeenez, estrategia bat da antzezlan bat balitz bezala aurkeztea ariketa, testua behin eta berriz entseatuz saia dadin gero eta hobeto egiten, edo esaldi laburrak erabiltzea, zailtasun gero eta handiagoa dutenak, eta lehenengo berak irakurriko du, gero nik, eta ondoren berriro berak. Pixkanaka saiatu behar du nire irakurketarekiko ahalik eta antzekoen egiten”.
ULERMENA: “Hiztegiarekin, ezagutzekin, testuan dagoena baino informazio gehiago emateko irakurleak duen gaitasunarekin zerikusia duen guztia. Hona estrategia batzuk: erreferentzien jarraipena (adibidez, Martin… gizona… albaitaria… hura… erreferentzia bera da denbora guztian, beraz, kolore berarekin markatu); testuak ordenatzea (manipulatiboki ere egin daiteke, esaterako, testua fisikoki moztu eta puzzle gisa paragrafoak berrosatuta); close teknika (testuan hutsuneak uztea, ikasleak bete ditzan); organizatzaile grafikoak (eskemak, mapa kontzeptualak, kausak/ondorioak, narrazio mapak, denbora lerroak…); eta TWA teknika (laburrean, irakurri aurretik pentsatzea, irakurri bitartean pentsatzea, eta irakurri ondoren pentsatzea)”.
MOTIBAZIOA: “Normalean irakasleek eskatzen dute irakurritakoaren laburpena egiteko, baina bestelako aukerak ere badira, hala nola pertsonaia bat aukeratu eta haren inguruko idazlan bat egitea edo testuaren kokalekuen mapa bat osatzea taldean. Motibaziorako funtsezkoa da irakurketa mezu positiboekin lotzea”.
TESTUAREN EZAUGARRIAK: “Testu motzagoak eta luzeagoak daude, zailagoak, intereseko ditudan gaien edota generoen ingurukoak edo ez, gehiago edo gutxiago ezagutzen ditudan gaiei buruzkoak hiztegi pobreago edo aberatsagoarekin, egitura sintaktiko eta ideien kohesio garbiagoekin eta korapilatsuagoekin, hitz ezohikoen azalpenak dituztenak eta ez dituztenak… eta hori guztia aintzat hartu behar da, ulermenean eragiten duen heinean. Edukiaz gain, forma ere inportantea da, aurkezpen garbia izatea, hizki tamaina egokiarekin, atsegina diseinu eta formatuan. Zeren testu berak zailagoa baitirudi batzuetan, hizki tamaina txikia baldin bada, orri guztia hizkiz beteta ikusten badugu…”.