John Bergerren gutun nafarrak

  • Azaroaren 5ean ehun urte bete dira John Berger jaio zela. Nobelagile, poeta, arte kritikari eta margolari britainiarra izan zen. 2017an hil zen, Antonyn (Frantzia). Irudiari buruz idatzi zuen Bergerrek, lengoaiari buruz, kapitalismoaz eta naturaz. Gutunak ere idazten zizkien lagunei eta haren korrespondentziaren bildumak argitaratu dira hainbat lekutan. Artikulu hau Iruñeko postari batekin izan zuen gutun trukearen istorioa da, idazlearen unibertso eta pentsamendu samurrera hurbiltzeko gonbidapena.

Pau Fabregat / Directa CC BY SA
Pau Fabregat / Directa CC BY SA
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

John Berger duela ehun urte jaio zen Londresen. 6 urte bete zituenean gurasoek barnetegi batera eraman zuten. 16 urtera arte egon zen bertan, harik eta 1942an ihes egin zuen arte. 18 urte betetzean, armada britainiarrean sartu behar izan zuen, eta hor hasi zen bere ibilbidea idazle publiko gisa: bost soldadutik batek ez zekienez ez irakurtzen ez idazten, Bergerrengana hurbiltzen ziren beren sentimenduak idaztea eskatzeko. Gerra amaitu ostean hasi zen pintura klaseetan, margolari izaten trebatzen, baita modu sistematikoan idazten ere. Bi seme alaba izan zituen bere bigarren emaztearekin, eta 1970eko hamarkadan Beverly Bancfort ezagutu zuen, literatur editorea. Seme bat izan zuten elkarrekin: Yves Berger. Landa eremura bizitzera joatea erabaki zuten, eta Frantziako Alpeen mendi-hegaletan bizi izan ziren hil arte. Bitarte horretan, Bergerrek gutun truke bat izan zuen Iruñeko irakurle batekin, hamarkada batez baino gehiagoz.

Lehen gutuna
Istorio hau 1998ko uztailean hasi zen. Hilero bezala, Iruritako (Nafarroa Garaia) postari anarkista batek korrespondentzia bidezko liburu eta disko salmenta katalogo bat jaso zuen. Postariak Juan Izquierdo du izena, baina lagunek Katxo deitzen dute. Bera da artikulu honetako bi protagonistetako bat.

Pau Fabregat / Directa CC BY SA

Interesgarria iruditu zitzaion izenburu bat ikusi zuen katalogoan: Y nuestros rostros, mi vida, breves como fotos [Eta gure aurpegiak, maitea, argazkiak bezain laburrak]. Egilea John Berger zen, ez zuen ezagutzen. Ale bat eskatu zuen, eta handik egun batzuetara  etxean jaso. Irakurketak liluratu egin zuen Katxo, eta orduan Te mando este rojo cadmio [Kadmio gorri hau igortzen dizut: John Berger eta John Christiren arteko korrespondentzia] liburua ere eskatu zuen. Hala, gaztelaniaz lor zitekeen Bergerren obra guztia irakurri zuen, eta, bukatzean, Bartzelonara deitu, Actar argitaletxeko bulegora, Bergerrez galdezka. Editorearekin hitz egitea lortu zuen, eta hark Bergerren etxeko helbidea eman zion; Katxok, hala, lehen gutuna bidali zion 2003ko urtarrilean. Haren zirriborroa gordetzen du oraindik.

Jaso zuen erantzuna, Marisa Camino delako batek idatzia. Caminok zioen Bergerrek poz handiz jaso zuela Katxoren mezua. Camino ere Bergerren zalea da, margolaria eta arte zaharberritzailea, 1990eko hamarkada hasieran bere bi zaldiko Citroen zaharrarekin joan zen Bergerren etxera, idazlea ezagutu nahian. Heldu bezain laster Bergerrek eta Caminok argazki bat egin zuten lorategiko aranondoaren azpian, Caminoren argazki-kamera estenopeikoarekin. Irudia lauso atera zen, baina Photocopies [Fotokopiak] liburuko azala bilakatu zen gerora. Liburuak bi autoreen autofikziozko kontakizun laburrak jasotzen ditu, eta haietako bat lehenbiziko topaketa horri buruzkoa da.

Caminok bidali zion gutunaren barruan bazen beste zerbait: Bergerrek arkatzez egindako marrazki bat, hegazti txiki bat, hegalak bilduta zituena. Marrazkia xumea zen, zirriborro bat, baina estuki lotuta zegoen naturarekin; naturak toki nabarmen bat izan zuen Bergerren literaturan landa eremura bizitzera joan zenetik. Esaterako, In Their Labours [Haien beharrean] trilogia ezaguna idatzi zuen Bergerrek, landa bizitzaren eta inposatzen hasi zen hiriko bizitzaren arteko tentsioari buruzkoa. Hantxe idatzi zuen ere Why Look Animals [Zergatik begiratu animaliak], animaliak kontsumitzetik aldentzen den perspektibarekin begiratzeko gonbidapena, eta To the Wedding [Ezkontzarantz] ere bai. Azken horretan, Bergerrek paralelismo bat egiten du birigarro baten eta 23 urteko Ninon protagonistaren artean. Ninon hiesarekin kutsatuko da, baina inguruko lagun gutxi batzuen laguntzaz, heriotza eta patua gaindituko ditu, eta zentzu berri bat emango dio bizitzari: "Birigarroak biziraule batek bezala kantatzen du, ibaiko urak gurutzatu eta gauaren bestaldean babesten den igerilari batek bezala, eta zuhaitzeraino egiten du hegan, isatseko ura astindu eta adierazteko: Hemen nago!".

2003ko apirilean, Katxok Bergerren beste gutun bat jaso zuen. Honakoan Bergerrek berak idatzia. Etxeko telefonoa eman zion, eta Katxori berea eskatu. Iruñeko etxera bisitatzera joango zela zin egin zion Bergerrek, "edozein modako abeslari eta, jakina, edozein futbolari baino famatuagoa zen" hirira. Geroztik, Bergerrek eta Katxok liburuak elkartrukatu zituzten, baita argazkiak eta gutunak ere. Esaterako, Katxok Ana Blandianaren poema-bilduma bat bidali zion, eta Bergerrek, bueltan, Esa belleza [Edertasun hori] bere liburuaren gaztelaniazko edizioa bidali zion. Liburu hori Alberto Giacomettiren eskulturei egindako argazkien inguruko hausnarketa da, saiakera bilduma bat. Giacomettiren obra aitzaki, Bergerrek esan zuen artista bakoitzaren lana haren heriotzarekin batera aldatzen dela eta, azkenean, inork ez duela oroitzen nola interpretatzen zen obra artista bizirik zegoen bitartean. Alegia, heriotzak obra sententziatzen duela eta behin betiko bilakatu. Orain antzeko zerbait gertatzen da Berger beraren gogoetekin, haren jaiotzaren mendeurrenean.

Pau Fabregat / Directa CC BY SA

Banketea
2006ko udazkeneko goiz batean, Katxo autobusera igo zen Iruñean eta, Madrilera heldu arte, bere baitarako zera errepikatu zuen bidaia osoan: "Bonjour, Monsieur Berger. Je suis le facteur navarrais à qui vous écrivez”. Eguerdian heldu zen Madrilera, eta zuzen-zuzenean joan zen Bergerrek eta Caminok elkarrekin zabaldu zuten Cómo crece una pluma [Nola hazten da luma bat] erakusketara. Atean elkartu ziren; Katxok ondo gogoan du Bergerrem txaleko urdin argi bereizgarria. Besarkada eman zuten, indarrez eman ere Bergerrek, bere gutunetan agurtzen zuen moduarekiko fidel, “besarkada indartsu bat”. Gero, besaurreak eutsi zizkion. Nekazaritzan lan egiten zuen gizon baten eskuak ziren Bergerrenak, handiak, lodiak eta haziak, eta hatz erakuslearen azazkala apurtuta zuen.

Jean Mohr argazkilariak badu album liburu bat, John by Jean: Fifty years of friendship [John Jeanen begietatik: berrogeita hamar urteko laguntasuna], Bergerrek bizileku zuen inguruarekin zer nolako harremana zuen jasotzen zuena. Bi artisten laguntasunaren inguruko liburua ere bazen. Argazkietan, zelaiak segatzen ageri da Berger, egurra mozten eta sastrakak jasotzen. Landaguneko laborarien esperientziak partekatzen zituen, eta naturaren erromantizazioa ukatzen zuen, berarentzat lana baitzen naturari zentzua emateko modua, eta gainerako guztia folklorea zen.

Erakusketa ikusi ostean Katxok alde egin zuen, baina Nacho Martínezek, Sur Exprés aldizkariko editore eta egun hartan Bergerren interprete zenak, gelditzeko eskatu zion, Bergerrek haiekin bazkal zezala nahi zuen. Halaxe egin zuten, elkarrekin bazkaldu zuten, haren emazte Beverlyrekin, Marisa Caminorekin, bere bikotekidearekin eta Juan Miguel Hernándezekin (Arte Ederren Zirkuluko zuzendaria zen), eta Bergerren itzultzaile Pilar Vázquez ere bertan zen. Katxok oraindik gogoan du Bergerrek mihi-arraina eskatu zuela plantxan, baina postrerik ez zuela hartu nahi izan, kafea bakarrik. Piku krema zeraman yogurt izozki bat eskatu zuen Katxok. Priorato ardoa edan zuten.

Arratsaldean, Bergerrek Arte Ederren Zirkuluko domina jaso zuen. Hurrengo goizera arte gelditu zen Katxo hirian; autobusez itzuli zen Iruñera.

Postdata
Madrilgo topaketaren ostean, Katxok eta Bergerrek elkarri gutunak igortzen jarraitu zuten. 2010ean, adibidez, Katxok Víctor Ericeren El sol del membrillo [Eguzkiaren irasagarra] dokumentala bidali zion. Filmean, Antonio Lópezek bere estudioko lorategian duen irasagarrondoa marrazten du; margolariak koadroa margotzean argia jasotzeko egiten duen ahalegina kontatzen du Ericek. Bergerrek eskertze gutun motz eta xelebre batekin erantzun zion, postdatan honela ipinita: “Borrokatu behar bada, borrokatuko dugu”.

1948 eta 1955 artean, Bergerrek harreman estua izan zuen Erresuma Batuko Alderdi Komunistako (CPGB) kideekin, nahiz eta ez zuen bertan inoiz militatu. Hala ere, 1960an argitaratu zuen lehenengo saiakera bildumatik, politika izan zen haren idatzi askoren motibazioa. Permanent Red [Betirako gorria] bildumaren hitzaurrean zera idatzi zuen: “Ikasle nintzenetik kontziente izan naiz gure gizarte burgesaren injustiziaz, hipokrisiaz, krudelkeriaz, zarrastelkeriaz eta alienazioaz, artearen esparruan islatzen eta adierazten den bezala. Eta nire helburua laguntzea izan da, hein txiki batean bada ere, gizarte hori suntsitzeko”.

Halaber, jakin izan zuenean 1972an G nobelarengatik irabazi zuen Booker sariak lotura historikoa zuela esklaboen salerosketarekin, sariaren erdia Pantera Beltzen alderdiari eman zion dohaintzan, eta beste erdiarekin bere hurrengo proiektua finantzatu zuen, Europako etorkinen lanari buruzkoa izango zena: Zazpigarren gizona (euskarara ekarri du Katakrek 2026an). Obra horretan, Bergerrek eta Jean Mohrek konbinazio handi bat egiten dute: kazetaritza, poesia, teoria sozial eta politikoa eta argazki erreportaje bat ageri dira. Elkarrekin, Europan zeuden inmigranteen bizitzak kontatu zituzten: “Ez da inoiz egon hainbeste jende deserrotu. Emigrazioa, behartua zein hautatua, muga nazionaletan barrena ala herritik kapitalera, gure garaia hoberen deskribatzen duen esperientzia da, haren muina da. Esklabuen merkatuaren hasierak XVI. mendean pertsonen garraio hori iragartzen zuen, inoizko eskala handienean eta biolentzia mota berriarekin, geroago industrializazioa eta kapitalismoa eskatuko zituena”.

Omenaldi intimo bat
The Red Tenda of Bolonia [Boloniako olana gorria] liburuxkan idatzi zuen Emilia-Romagnako (Italia) hiriburuari kolorea ematen dioten olanekin maitemindu zela, Neptuno iturritik gertu zegoen ehun-denda batera abiatu zela, leihateetako oihal berbera erosi nahi zuelako. Dendara bidean, pareta zabal eta altu baten aurrean gelditu zen: zuri-beltzeko argazkiak zeuden zintzilik. Emakumeen eta gizonen erretratuak ziren, beren izenekin eta jaiotza zein heriotza datekin. Faxistek hil zituzten partisano gazteak ziren, II. Mundu Gerran Boloniako askapenaren borrokan hil zituztenak. Bergerrek zera galdetu zuen: “Zenbatek aurreikus zezaketen euren erretratuak beste milaka martiriren erretratuekin batera jarriko zituztela hiriaren erdiguneko horma batean?”.                                                                         

Berger 2017an hil zen, eta Katxok bere lagunari omenaldi txiki bat egitea erabaki zuen. Jean Mohr argazkilariak Bergerri egindako argazki ezagun bat hartu eta, erradiografia zahar batekin, grafitiak egiteko txantiloi bat prestatu zuen. Urtarrileko gau hotz batez, txanoa jantzita atera zen etxetik Katxo, eta Iruñeko horma eta harresietan John Bergerren aurpegia margotu zuen. Iluntasunean San Frantzisko plazako liburutegira hurbildu zen, eta tinta beltza bota zuen sarrerako harriaren gainean. Iruñerria korritu zuen bizikletaz, Arrotxapetik Arreraino Argako ibaiertzean zehar. Azken grafitia bere etxe parean egin zuen.

Hurrengo goizetik aurrera, Katxok bere lagunaren aurpegia ikusi zuen egunero. Beste inork jakingo al zuen silueta haren atzean nor zegoen?. 


Literatura kanalean gehiago
2026ko urriaren 21
Argentinako Filba literatura jaialdia
Gosaria Buenos Airesen

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.