2026ko otsailaren 18an, Emilio Delgadok (Más Madrid) eta Gabriel Rufiánek (ERC) ekitaldi bat egin zuten Madrilen: Bikoitza edo ezer ez: oraina lehiatu etorkizuna irabazteko. Martxoaren 30ean, zera ohartarazi zuen Oriol Junqueras ERCko presidenteak: “Kataluniagatik joan nintzen espetxera, ez Ada Colau ERCko zerrenda batean diputatua izateko”. Eta, egun batzuk geroago, Bartzelonan hitzaldi bat eman zuten Irene Montero (Podemos) eta Gabriel Rufiánek, Zer egin behar da (eta zer ez)? izenburupean.
Nahiz eta denek jakin nork agintzen duen ERCn, uda osoan elikatu dute batasuna posible delako ideia. Kontrako lubakietara mezulariak bidali dituzte, sinetsarazteko inplikatutako alderdiek kontzesioak egin nahi dituztela eta garrantzitsuena dela eskuin muturrak Moncloa ez hartzea. Rufiánek behin eta berriz errepikatu du aritmetika kontua dela: estatuko hauteskunde orokorrak barruti bakoitzetik begiratu behar direla, eta jokoan dagoen azken eserlekua Vox edo PPren eskuetan eror litekeen tokietan zerrenda bakarrak egin behar direla, eserleku hori kentzeko. ERCko Madrilgo buruak behin eta berriz esan du Sumarren eta Podemosen zerrendak bereizita aurkeztuta ezinezkoa dela berrogei probintziatan ordezkaritzarik lortzea. Baina, agian, dena antzerki hutsa izan da.
Urriaren 12an iritsi zen “sorpresa”. Aurretik abisatu gabe, ERCk eta Podemosek akordioa iragarri zuten Irene Monteroren hautagaitza Katalunian baztertzeko, Rufiánekin batera mitinak ematearen truke estatuko gainerako erkidegoetan. Airean sumatzen zen “ezkerren batasunaren” aritmetika. Lau hautesbarrutitako itun batek beste 48 barrutietako edozein akordio-aukera baztertzen zuen. Batzuek pentsa lezakete legitimoa dela, Pedro Sánchez eta Yolanda Díazek Podemos gutxietsi eta “historiako gobernurik aurrerakoienetik” kanporatu zutela, eta orain mendekatzen ari zela. Eta Junquerasek, azkenean, Ada Colauren burua moztu zezakeela –izen hori ziurrenik zerrenda beltzean idatzita zeukalako, Manuel Vallsekin akordio justifikaezina sinatu zuenetik Ernest Maragalli Bartzelonako alkatetza eragozteko–.
Argi dago Podemosek ez duela helburutzat Kongresuan ezkerreko gehiengoa lortzea, baizik eta bere marka mantentzea
Baina, funtsean, zein da emaitza? Rufiánekin indartutako Podemosek boto gehiago lortuko ditu, eta horrek, biztanle gutxien dituzten probintzietan, Sumarretik oso gertu jarriko ditu. D'Hondt legearen ondorioz, batura zero izango da, Vox beti aurreratuko baitzaie. Banatu beharreko azken eserlekua, gehienetan, ultraespainolisten eskuetan geratuko da. Argi dago Podemosek ez duela helburutzat Kongresuan ezkerreko gehiengoa lortzea, baizik eta bere marka mantentzea, probintzia jendetsuenetan lortzen dituen eserlekuekin, eta Feijoó eta Abascalen gobernuaren oposizio gogorrena izatea. Eta hori da, azkenik, Rufiánen apustua ere.
Negoziazioen nahaspilaren erdian eta ebazpena jakin aurretik, bai Rufiánek bai Colauk ziurtatu zuten batasuna lortu ezean pauso bat atzera emango zutela. Lehenik batasuna hitzeman dute, gero koherentzia; eta azkenean, ez bata ez bestea. Pentsatzen dut argudioa dela orain alde egiteak are nahasmen handiagoa sortuko lukeela ezkerreko boto-emaileen artean. Dena den, hilabete hauetan emandako urrats bakoitzak jada eragin ditu gainditzen zailak diren nahasmena eta atxikimendu eza. Ikusitakoak ikusita, ezingo du inork abstentzioaren alde egiten duena kritikatu. Ez da posible hauteskundeak deitzen dituzten bakoitzean gogoz kontra joan behar izatea botoa ematera.
Datorrenerako prestatzea beste aukerarik ez dugu. Voxek eta PPk 176 diputatu baino gehiago lortzen badituzte, Moncloa hartuko dute. Eta ez dute erreparorik izango. Suntsitu beharrekoen zerrendan dituzte independentismoa, feminismoa, ekologismoa edo etxebizitza-sindikalismoa; antifaxistatzat jotzen den egitura formal edo informal oro desagerraraziko dute. Duela hogei urte Bartzelonan edo Madrilen sigla marjinalen pean desfilatzen zuten neonazi batzuk orain ministerioetako mahaietan eseriko dira. Hotzikara eragingo digute Estatuko Fiskaltza Nagusiaren, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren buruzagitzetako izenek. Eta hori guztia, behetik baino ez dugu geldituko, jendea kaleetan, borrokaz, inteligentziaz, elkartasunez eta eskuzabaltasunez. Aro ilun honetako borroka antifaxista nola antolatzen dugun, halakoak izango dira munstroak isildutakoan etorriko den jendartearen oinarriak. Ekin lanari!
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.