Kontu desberdinak dira etika eta politika; bakoitzak bere eremua, funtsezko printzipioak, analisi-esparruak, arauak eta helburuak ditu. Modernitatearen etorrerarekin batera, gizarteko esparruak –politika, zuzenbidea, morala, ekonomia edo erlijioa kasu– independente bihurtu eta beren funtzionamendu-arau propioak garatu zituzten. Horren aurretik, eta denbora luzez, esparru horiek guztiak elkarri lotuta zeuden, erlijioaren aterkipean. Hala, adibidez, bekatutzat jotzen zena delitua ere bazen, eta botere politikoa jainkozko borondatea aipatuta justifikatzen zen. Modernitateak hautsi egin zuen ordena teozentriko hori, eta errealitatea sistema autonomotan zatitu zuen.
Esparruak bereizteko eta boterea sekularizatzeko prozesu horretan, inoiz defendatu izan dut hain kritikatua izan den Makiaveloren ekarpena: haren arabera, agintari batek ez du boterea Jainkoarengandik jasotzen –mendeetan nagusi izan den sinesmenaren aurka–. "Politika zuzena" definitzen duen horrek ez du zertan bat etorri "ongi morala" definitzen duenarekin. Hortik ondorioztatu dugu politikan ez dagoela lekurik moralkeriarentzat. Eremu politikoan, erabaki edo ekintza bat ez da ona edo txarra Hamar Aginduen edo Ongiaren ideia platonikoaren arabera. Aitzitik, ebaluatzen da kontuan hartuta eraginkorra den ala ez guztien ongizatearentzat eta estatuaren egonkortasunarentzat (azpimarratuko dut: onura komunaren alde, eta ez, ordea, delako politikariaren interes partikularren alde).
Baina, egia da, halaber, pentsalari florentziarrak gauza batzuk idatzi zituela justifikatzen dutena Makiavelotik eratorritako adjektiboari gaur lotzen zaion kutsua: behar izanez gero, agintari batek jokatu behar du ez fedearen aurka soilik, baita karitatearen eta gizatasunaren aurka ere. "Haren izpiritua prest egon behar da moldatzeko zoriaren haizeek eta gorabeherek eskatzen dutenaren arabera". Eta, komeni denean, "gaiztakerian sartzen" jakin behar du. Are, ahalegin handiena egin behar du (adi!) guztiek hauteman dezaten ontasunez, fede onez, zintzotasunez eta gizatasunez jokatzen duela. Beste hitzetan: bai, makiavelikoa izan behar du.
Printzipio etikorik ez izatea da nor bere helburuak lortzeko edozer egiteko prest egotea, mugarik eta eskrupulurik gabe; eta, jakina, behar izanez gero, lotsaren arrastorik gabe gezurra esatea
Ulergarria bada ere etikaren logika eta politikarena ez datozela guztiz bat, zaila da onartzea erabat loturarik gabekoak direnik. Badirudi printzipio etikorik ez duenak ez lukeela lekurik eduki behar politikagintzan. Printzipio etikorik ez izateak zera esan nahi du: nor bere helburuak lortzeko edozer egiteko prest egotea, mugarik eta eskrupulurik gabe; eta, jakina, behar izanez gero, lotsaren arrastorik gabe gezurra esatea.
Bada, ez didazue ukatuko ustez "moralki goitik" zeudenen ikuskizuna jasanezina izan dela. Begi-bistakoa izan da: onura komuna bilatzen dutela aldarrikatzen zuten bitartean beren interes propioaren bila zebiltzan; fartsa ikaragarria, irensteko zaila. Hain zuzen, Florentziakoaren de facto-ko jarraitzaileetako baten kontra, orrialde hauetan idatzita daukat ezkertiarrok ez garela hobeak… Hala ere, ez nuen espero hain urrun iritsiko zirenik, hobeak ez izateak ez du derrigor esan nahi lokatzetan ibili beharra. Zinez, ezin esan Espainiako Estatuko ezkerreko buruzagi asko Makiaveloren ala Fouchéren ondorengoak diren.
Finean, estetikak ere garrantzia du. Gauza batzuk itsusiak dira; benetan, ez egin. Desatsegina da. Portzierto: gorputz-hizkuntzaren eta esaten ari garenaren artean kontraesanik badago, hartzailearen garunak lehentasuna emango dio gorputzak adierazten duenari. Gezurra esatea erraza da hitzekin; gorputzarekin gezurra esateko, antzezle ona izan behar. Baina, azkenean, fartsa agerian gelditzen da. (Ez horregatik).
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.