Beti esan izan dut poesia gutxi saltzen dela, eta nik ere gutxi saltzen nuela, liburu dendari batek esan zidan arte batez bestekoaren gainetik nagoela eta pozik egon nintekeela. Areago, nire azkeneko poema liburuaren bigarren edizioa egin behar izan genuen. Edizio txikia, hori ere esan beharra dago. Baina egia da oro har jakin-min gutxi dagoela poetekiko, famatu bihurtu zen iragarki hark esaten zuen bezala, oso kafe zaleendako kafea baita. Baina bada gauza bat berriki gertatu zaidana. Espainiako argitaletxe, esan dezagun, handi batekin plazaratu nuen besteak baino gehiago saldu den liburu hura. Eta batek baino gehiagok, poeta batek baino gehiagok esan nahi dut, nola lortu nuen galdetu zidaten. Espainian argitaratzea. Eta galdera horiek lotu ditut Koldo Almandozek errepikatzen duen ideia batekin. Espainiari begira gaudela. Espainian argitara gaitzatela nahi dugula, Espainian itzuliak izan. “Espainia da gure gudu zelaia eta inork ez du onartzen”, esan zuen noizbait. Alabaina, maiz ez gara ezer gure mugetatik kanpo, eta gure liburuak erdi ezkutatuta daude liburu denda handi batean. Edo biltegi batean, zain.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.