Pengo Bossio Wangik 26 urte zituen eta urriaren 23an zendu da Trappesen (Frantzia), gizon zuri arrazista batek tirokaturik. Beste andana kolpatu ditu gizon armatuak, guztiak beltzak edota beltzaranak. Helburu arrazista asumitu du hiltzaileak, eta zehaztu du urriaren 17ko Jaka Horien manifestazioen kari hondaturiko eta lapurturiko dendariak "mendekatzeko" tirokatu dituela pertsona arrazializatuak. Arrazakeriaren normalizazioa nabaria da Frantziako Estatuan, eta beltzak zein musulmanak delinkuentziarekin eta segurtasun-ezarekin lotzen dituzten diskurtsoek geroz eta leku gehiago dute gobernuan, komunikabideetan eta hortik, eguneroko solasaldietan. Vincent Bolloré ultra-aberatsaren hedabideak badira eskuin muturreko ideien bozgoragailu, eta mugimendu antirrazistak horiek jo ditu Bossio Wangiren hilketaren errudun nagusitzat.
Garrasi artean kanporatu dituzte CNews telebista kateko hiru kazetariak Paris ondoko Trappes hiri zentrotik: "Lotsa zuen aldean dago! Lotsa zuena da! Eskuak odolez estalita dituzue, lotsa zuena! Kriminalak zarete!". Iharduki gabe, isilean alde egin dute, onartzen balute bezala hein batean badirela gertatutakoaren erantzule. Urriaren 24a da, Frantziako Estatuko hirietan bizi baldintza duinen aldeko protesta eguna dute eta Trappesen bezperako tiroketa salatzeko elkarretaratzea dute. Orotara 128 metraileta bala jaurtiki ditu 39 urteko gizon zuriak Trappes eta La Verrière hirietan barna, eta jomugan hartu ditu beltzak, musulmanak eta arabiarrak. Pengo Bossio Wangi 26 urteko gaztea hil du, beste zazpi larriki kolpatu ditu eta dozenaka dira sakonki traumatizatuta.
Kexua, etsipena eta nazka dute nagusi bertakoek, hilketa arrazista bat gertatu zitekeela arras ongi zekitelako. Bere diskurtso arrazista zabaltzeko, eskuin muturrak aspaldian duelako Trappeseko errealitatea bere alde manipulatzen. RN alderdiko presidente Jordan Bardellak ere ondokoa adierazi zuen 2022an: "Trappes Islamiar Errepublika bat da miniaturan, jihadaren Europako hiriburua. Eta Frantzia osora zabalduko da, kontrola berriz hartzen ez badugu". Diskurtso horren bozgoragailu dira Vincent Bolloré ultra-aberatsaren komunikabideak –tartean, CNews–, eta horretaz doa ARGIAren 2.966. zenbakiko Bolloré inperioa, eskuin muturreko ideiak burmuinetan txertatzeko erreportajea. Bolloréren eskuetan den BFMTVko zuzenezkoan gogorki salatu du konplizitate hori Trappeseko auzapez Ali Rabehek: "[Bolloréren] telebista platoetan eraikitzen da, halaber, gizon horri edota gisa horretako besteei atentatu bat antolatzeko eta planifikatzeko bultzada ematen dien diskurtso ideologikoa, eta hori barne-etsai baten aurkako gerraren izenean".
Hitzek hiltzen dute. Justizia Pengo Bossio Wangi eta Trappeseko biktima guztientzat irakurri daiteke elkarretaratzeko banderolan. Hain justu, behin eta berriz ari dira errepikatzen "ordezkapen handia" badatorrela eta zibilizazio zuriari gailenduko zaizkiola arabiarrak eta beltzak; orduan, gertatu daiteke zuriek armak hartzea beraiena defenditzeko. Are gehiago munstro, gaizkile edota mehatxu gisa definitua denean beltz, arabiar edota musulmana. Are gehiago azken protestetako denden arpilatzeak eta suntsiketa bortitzak banlieue edo hiri inguruetako auzoetako gazte arrazializatuei lotu zaizkielarik. Lotura sinplistegia denik ez erran; Trappeseko hiltzaileak berak argitu duelako "beltzak eta arabiarrak jomugan hartu" dituela, "urriaren 17an arpilatuak izan diren komertzioak mendekatzeko". 39 urteko gizon zuri hori, Kévin T. izenekoa, atxilotu dute eta ikerketa abian da, eraso terrorista eta arrazista leporaturik.
Erasotik hiru egunera, Frantziako Legebiltzarrean eskaini du prentsaurrekoa Trappeseko auzapezak, eta CNews-eko kazetariei debekatu die parte-hartzea. Ondoan du Benjamin Lucas-Lundy diputatu ekologista, ahoan bilorik gabe hitz egin duena: "Badira urteak Trappes eta oro har Trappesen bidez beste auzo popular guztiak erabiliak direla beraien fantasma arrazistak barreiatzeko. CNews dabil etenik gabe eta inpunitate osoz bere herra eta arrazakeria zabaltzen, barne-etsaiaren kontra defenditu beharraren mezua sustatzen dabil". Mikrofonoa hartu eta ondokoa gehitu du auzapezak: "Garbiketa egin beharra dago, CNews komunikabide bat dela errateari utzi behar diogu, CNews-eko kazetariak ez dira kazetariak".
Egun berean hitzartzeak egon dira Legebiltzarrean eta "arrazakeriak hiltzen" duela oroitarazirik, minutu bateko isiltasuna egin dute diputatuek –RNko Marine Lepen ez da bertan egon– eta bertaraturiko Bossio Wangiren senideek. Gobernuari bideraturiko galderen unean, Lehen ministroak hein berean jarri ditu Bossio Wangiren hilketa eta antifaxistek otsailean hildako Quentin Deranque neonaziaren kasua, eta horrek minduen haserrea hauspotu besterik ez du egin. Giroa eztitu nahian-edo, Trappeseko biktimen oroimenez "omenaldi nazional" bat bideratuko duela jakitera eman du biharamunean Emmanuel Macronek.
Egiari zor, gobernukideak ere badira arrazakeriaren normalizazio horren arduradun, azken urteetan bere egin dituelako eskuin muturreko ideia, adierazpen eta proposamen politiko andana. Eta gertatu zitekeena gertatu den honetan, bi aldeak ari dira errua besteari botatzen: Macronek leporatu die RNkoei "arrazakeria desinhibitu" izana eta "gorroto ideologiak zabaltzen utzi" izana, berriz, eskuin muturrak presidenteari.
Abuztu bukaeran abiaturiko lizeotarren mugimenduari emandako erantzun politikoa eta mediatikoa ez doaz gertakizun arrazista horretatik aparte. Paris inguruko auzoetatik abiatu zen mugimendua, eta bertako gazteen kriminalizazioa izan da gobernuak emandako erantzuna. Frantziako iruditegi hegemonikoaren parte da gazte arrazializatua delinkuentziari lotzeko joera arrazista. Eta iruditegi hori sustatzea, elikatzea eta zabaltzea du helburu Bolloré taldeak.
polizia eta milizia faxistak eskuz esku
Urriaren 17an Jaka Horiak batu zitzaizkien gazteei eta haserre batuketa horrek erakustaldi gogoangarria utzi zuen, 500 eta 800 mila lagun inguru batuz manifestazioetan. Matxinada gogorrak egonik –eta Poliziaren errepresio bortitza, tartean bi hildako eraginda–, elkarretaratzeko debekuak eta etxeratze aginduak bideratu zituen gobernuak ondoko egunetan. Urriaren 24ko protestei begira, ezohiko elkarlan bati utzi zion bidea irekita: eskuin muturreko miliziak ikusi ziren hainbat hiritan eta Poliziarekilako elkarlana nabaria izan zen. Poliziak ez zuen faxisten kontra jo, baina hori dagoeneko ez zaigu hain harrigarria... Afera da miliziak aritu zirela poliziaren lana egiten eta manifestariak poliziaren esku uzten. Zer pentsatua eman zuen egun argiz bideraturiko elkarlan horrek.
Giro horretan gertatu da Trappeseko atentatua. Eta erreportajea idazten ari naizela, zabaldu da berria: Paris ondoko Seine-Saint-Deniseko komisaldegian hil da 44 urteko gizon bat. Egia argira ekarri nahian, familiak salaketa jarri du. Angolarra zen, beltza zen.