“Inportantea da denak Baionako manifestazioan egotea, euskara azkarki atakatua delako”

  • Antton Curutcharry baigorriarra Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordea da; hala izan zen Jean-René Etchegaray zenean presidente eta kargu bera bideratu dio Alain Iriartek ere. Pirinio Atlantikoetako prefetak euskararen alde doazen delibero guztiak auzitan jartzen dituen honetan, ARGIAk solastatu nahi izan du berarekin. Egoera larria, tristea eta ulergaitza zaiola dio, eta horregatik zaio inportantea Euskal Konfederazioak antolaturiko manifestazioa, prefetari erakutsiko zaiolako "euskarak duen indar sozial handia".       

Antton CurutcharryIrulegiko Irratia
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Zergatik orain datoz prefetaren eraso horiek eta zergatik hain masiboki?

Preseski hau da ez dudan erantzuna! Anitz gauza ez ditugu ulertzen, koherentziarik ez da. Alde batetik, aitzinamenduak ditugu Hezkuntza Nazionalarekin, baxo elebiduna sortzeari dagokionez. Gaur egungo Barne ministroa [Laurent Nuñez] Baionako suprefeta izandakoa da, EEPn egondakoa, eta ez zen batere horrela portatzen. Beldurra dugu modu libroan uzten direla prefeta eta suprefeta. Beharbada inozentea naiz eta beste zerbait bada jokoan, baina ez dut ikusten zer eta oraingoz beste inork ez dit eman bestelako arrazoi seriorik. Edo Euskal Hirigune Elkargoko buruaren [Alain Iriart, ezkerrekoa eta abertzalea] kontra egin nahi dute Hala bada, tronpatzen dira, ez dute lortzen. Ez dugu ulertzen.

Zuri entzun nizula uste dut... euskarari buruzko orain arteko kontsentsua hausteko interesa dagoela hor.

Galdera bat da, galdekatzen ditut suprefeta eta prefeta: azken 20-25 urteetako kontsentsua hautsi nahi duzue? Ez gaituzte tratatzen solaskide eta lankide bezala, eta hori da harrigarriena. Nahi badute kontsentsua hautsi, funtsezko galdera da zergatik? Aitzineko prefeta, Jean-Marie Girier biziki-biziki gogorra zen, bagenekien nondik heldu zen eta nolako jarrera zuen aitzin, demagun, sare ekologisten kontra. Posizio biziki bonapartista du; Napoleonek sortu zituen prefetak, eta orduko moldea segitzen du, biziki autoritarioa da, goitik eta zentrotik begiratzen dio guziari. Oraiko suprefeta molde berekoa da. Ukan ditugu prefeta eta suprefeta batzuk arrunt desberdinak, solaskideak eta lankideak izan direnak; ardura ez ginen ados, baina artetan aitzinarazi dituzte gai batzuk. Adibidez, duela hiru urte zertifikazioei buruzko kontu administratibo bat desblokeatu ziguten, eta horri esker konpondu zen EGA Euskara Gaitasun Agiriari buruzko arazo bat. Erran nahi dudana da lanean ari garela beraiekin, EEPren biltzar nagusietan hor direla, Barne Ministeritzaren ordezkari gisa, eta beraien rolean izanda ere, lagundu izan gaituzte. 

Herriko etxeek euskarari bultzada emateko bide oro mozten du prefetak. Alta, orain artean ere izan dira euskararen aldeko gisa bereko deliberoak harturik.

Suprefetak eta prefetak –nik biak aipatzen ditut beti, tandeman ari direlako– jarrera biziki zerratua dute, eta euskarari buruz hurbiletik segitzen dute dena, euskararen aldeko urrats guziak atzemateko eta guzien kontrako erantzun administratibo edo juridikoa emateko. Aldi oro Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua erabilita. Harrigarria da oroitzen garelarik zertako idatzia izan zen artikulu hori. Angeluko auzapez eta Ipar Euskal Herriko diputatu izandako Alain Lamassoure [politikari eskuindarra] izan zen emendakina proposatu zuena [Maastrichteko Ituna izenpetzeko Konstituzioa moldatu behar izan zuten 1992an, eta orduan gehitu zuten frantsesa zela "Errepublikaren hizkuntza"], argi utzita horrek ez zuela tokiko hizkuntzen kontra joan behar, baina ingelesaren parean babesteko zela. Harrigarria da ikustea gure unibertsitateetan tesi doktoralen %60 ingelesez pasatzen den honetan, debekatzen zaigula barne araudi bat dioena euskarazko erranaldiak frantsesera itzuli behar direla. Arrunt desbideratua izan da 2. artikulua. Paul Molaci [diputatu bretoia] entzun diot erraten Konstituzio Kontseiluaren saldukeria baten aitzinean garela, 2. artikulua desbideratu duelako. Sistematikoki erabilia da tokiko hizkuntzen kontra, ez zelarik hori hastapeneko xedea. 

Nola ikusten duzu Paul Molacek eta Peio Dufauk aurkezturiko lege proposamena?

Aterabide bat da. Konstituzioko 2. eta 34. artikuluak aldatzea proposatzen dute, eta 34. artikuluarena interesgarria da, agente publikoei buruzkoa delako eta horiek direlako hunkiak gaur egun prefetaren errekurtsoekin. Baigorriko Herriko Etxea ere auzitara eraman gaitu [Baigorriko auzapeza da Curutcharry] eta azpimarratzen digu agente publikoa "modu esklusiboan" mintzatu behar dela frantsesez. Lege proposamen horrek badu sustengua, Max Brissonek [senatari eskuindarra] ere erran du babestuko duela eta ez da guti. Erakusten digu euskarak batzen gaituela eta kontsentsua ez dela hautsi. Prefetak eta suprefetak hunki ditzakete hiri handiak, herri ttipiak, eskuinekoak, ezkerrekoak ala abertzaleak... kontsentsua ez da hausten. Jendarteak barneratuta du euskara ez dela iritzi bat, euskara hizkuntza bat dela eta denek defenditzen dute. Aski da begiratzea Ifop iritzi-zundaketei, sostengu handia du euskarak. 

Eta Legebiltzarrean? Uste duzu nahiko babes lortu dezakeela lege proposamen horrek?

Ikusi dugu murgiltze ereduari buruzko Molac Legearekin nola aldatu den legegilea, bai Senatuan baita Legebiltzarrean ere. Gehiengo handiz bozkatu zuten murgiltze eredua legeztatzearen alde. Indar jakobino batzuk aldatzen ari dira; LFI Frantzia Intsumisoa, adibidez, alderdi horren buruzagia luzaz izugarri jakobinoa izan da, baina aldatzen ari da. Lortu dezaketela sinesten dutela erran digute Dufauk eta Molacek, eta nik ere uste dut posible dela. Baina, denbora da arazoa. Denbora nahikoa ukanen ote dute? RN alderdia ere arazo bat da. Eskuin muturrak mitologia nazionalista du, amesten du sekulan existitu ez den Frantzia bat, hizkuntza eta historia bakarreko Frantzia bat. Traba bat dira.

Arazoa denbora dela diozu, presidentzialak direlako laster?

Bai, eta legealdia ere laster bukatuko zaielako.

Zer garrantzi bideratzen diozu azaroaren 21eko manifestazioari?

Ikusiz azken asteetan Barne Ministeritzako ordezkariak etengabean ari izanak direla euskararen kontra, zinez momentu aproposa da erakusteko euskararen alde indar sozial handia badela. Balioko du ere erakusteko herriko etxeei ez direla bakarrik. Iruditzen zait baitezpadakoa dela denak manifestazioan izatea, euskara azkarki atakatua delako. Ataka horiei erantzun behar zaie, bete ditzagun karrikak.

Euskal Hirigune Elkargoak ere kongresu bat antolatu du abenduaren 3rako. Zein da helburua?

Barne Ministeritzako ordezkariek administratiboki eta judizialki begiratzen diote euskarari, baina guk arrunt beste begirada batetik begiratu nahi diogu. Euskarak batzen gaituela erakutsi nahi dugu, molde positiboan hartu nahi dugu gaia. Horrez gain, momentu biziki ofizial bat bideratu nahi diogu euskarari. Elkargoak bere sostengua erakutsiko dio euskarari, baina finean, orain artean emandako urrats guzien multzoan sartuko da kongresu hori. 

Eusko Jaurlaritza ere jomugan hartu du prefetak. Lurraldea ezabatzeko jarrera ageri da hor.

Tristea da. Hexagonoaren mugen kanpotik datorren dirua ikusi du eta administratiboki begiratu dio, Kanpo Arazoetako Ministeritzatik. Ez du kontuan hartzen hemendik eraiki duguna –ituna Eusko Jaurlaritzarekin, beste bat Eusko Jaurlaritza eta Nafarroko Gobernuarekin–. Ez du kontuan hartzen aitzin eraikitakoa eta horregatik da larria, kapable delako guzia desantolatzeko eta zalantzan emateko EEPk 21 urtez eraikitakoa. Hori guzia, hitz biziki tristeak erabiliz, eta gainera, Europa kontuan hartu gabe! Uste dut lotua dela orain ditugun pertsonalitateei; baina goragotik, Parisetik heldu bada manua, orduan gure parlamentariek Barne Ministeritza galdekatu beharko dute, zinez grabea delako gertatzen ari dena. 


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.