Fenomenoa ez da berria, sare sozialetatik deialdiak sortu parekoekin ekintza bat egiteko: denok leku batean dantzatzeko, hondartzako zaborra biltzeko, topaketa batera joateko, musika bera duen animazio bat sortzeko, manifestazio batera elkarrekin joateko... baina, denok hiriko saltokietako generoa lapurtzeko geratzea? Horrelakorik nik ez dut gogoratzen.
Komunikabideek diotenez, adingabe horiek institutuetan dituzten baldintza txarrak salatzeko helburuarekin hasi zen mugimendua. Baina, badirudi nonbait mezua eraldatu edota beste helburu baterako baliatu zela. Ostera, nola sinetsi adingabeek Bartzelonan egin dutena euren institutuak hobetzeko ekintza dela? Zapalkuntzaren aurka joatea optika bateko betaurreko guztiak lapurtzea dela? Gainera, gaur egun ereduak ditugu puri-purian, azken hilabetean etxegabetzeek inguruan eragin dituzten gizarte mugimendu antolatuak bezalakoak. Horregatik, nik ez diot Bartzelonan gertatu denari ez hankarik ez bururik ikusten. Nire buruan soilik hitz bat dabil bueltaka: manipulazioa.
Komunikabideek diotenez, Europako beste herri batzuetako ikasleek egin dituzten protestak eredu hartu dituzte, baina, Bartzelonako mugimenduan bilera askorik egon al da? Asanbladarik egon al da? Antolaketarik? Ala soilik buru berotzeak izan ote dira, potentzia handien boterearen menpe dauden sare sozialen baitan? TikTok, Whatsapp eta Telegram bezalakoak, publizitate eta propagandaren negozio ereduetatik bizi diren plataformak. Aurkitu ote du faxismoak sare sozial hegemonikoetan herriak ezegonkortzeko behar zituen sistema eta morroiak?
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.