argia.eus
INPRIMATU
2026ko urriaren 28a
Richard Stallman:
“Etsaia indartsua da, baina askatasunaren onerako eragozpenak jasateko prest egon behar dugu”
  • Richard Stallman informatikaren eta askatasun digitalaren mugimenduko pertsonarik eraginkorrenetakoa da. 1953an jaio zen New Yorken (AEB), eta ezaguna da batez ere software librearen aldeko mugimendua sortzeagatik eta 1983an GNU Proiektua abian jartzeagatik. Ekimen horren helburua sistema eragile erabat librea garatzea zen, edonoren eskura egongo zena eta lankidetza irekiaren printzipioetan oinarritua. Bere lanak eragin handia izan du mundu osoko milioika pertsonak teknologia, programazioa eta eskubide digitalak ulertzeko moduan.

GNU Proiektuaz gain, Stallmanek Free Software Foundation erakundea sortu zuen, askatasun informatikoa sustatzeko eta software pribatuaren mugak salatzeko helburuarekin. Era berean, GPL lizentzia sortu zuen, mundu teknologikoko garrantzitsuenetako bat, milaka proiektuk erabiltzen dutena kodeak libre eta irekia izaten jarrai dezan bermatzeko. Adibide gisa, korporazio batek ezin du GPL lizentzia daukan programa bat hartu, software ez-askea bihurtu eta saldu. GPL lizentzia duen programa bat beti izango da software librea, enpresa batek kode zatiak aldatzen badizkio ere. Izan ere, “software librea” kontzeptuak ez du esan nahi softwarea doakoa denik, baizik eta erabiltzaileek askatasuna dutela erabiltzeko eta banatzeko, beste askatasun askoren artean.

Stallmanen eragina programaziotik harago ere badoa. Bere ideiek eztabaida handiak piztu dituzte pribatutasunari, monopolio teknologikoei, zaintza digitalari eta ezagutzaren irisgarritasunari buruz. Bere eragin historikoa ukaezina da. Gaur egungo tresna eta sistema asko bere lanari esker existitzen dira, GNU/Linuxeko eta Interneteko oinarrizko osagai asko barne. Teknologiaren kontrol korporatiboaren aurkako erresistentziaren sinbolo da, baita informatika etiko, garden eta erabiltzaileen askatasunen defendatzaile nagusietakoa ere. ARGIAk online elkarrizketatu du, software librea soilik erabilita, Stallmanek berak horrela eskatuta.

Duela 40 urte baino gehiago software librearen aldeko mugimendua abiarazi zenuen. Egun, GNU/Linux milaka milioi gailutan ari da funtzionatzen eta munduko zerbitzari gehienak elikatzen ditu. Zergatik uste duzu askatasun digitalaren aldeko borroka orduan baino galduago dagoela?
Software libre asko dago, baina askeak ez diren programa asko ere bai, erabiltzaileen askatasuna ukatzen dutenak. Askatu ez ditugun uharteak dira. Askotan zaila izaten da “uharte” horiek askatzea, programa horiek enpresek garatu eta abiarazten dituztelako, eta enpresa horiek nahita sarrarazten dizkietelako erabiltzaileei enpresa horien borondatea inposatzeko funtzionalitateak. Programa libre batean, aldiz, erabiltzaileak libreki molda dezake nahi duena eta enpresaren kontroletik ihes egin. Baina enpresek libreak ez diren programa horiek egiten dituzte, erabiltzaileek ez dezaten ezer aldatzeko aukerarik izan. Ez dago botere bidegabe horretatik ihes egiteko modu errazik.

Beraz, ez dut ikusten nola hurbildu garaipenera. Antolaketa politikoa behar duten lanek ez dute behar adina pertsona bultzaka. Horregatik naiz ezkorra. Baina bada okerragorik: gobernuak legez kanpo ari dira hainbat gauza egiten software ez-askea erabilita, erabiltzaileak kontrolatzeko, zaintzeko edo mugatzeko diseinaturiko funtzionalitate maltzurrekin. Mugimenduak maiz ez du  nahikoa indarrik lege horiek garaitzeko. Gainera, ingelesezko “free" hitzak anbiguotasun mingarria du. Gaztelaniaz eta euskaraz bi hitz desberdin dituzue; batek ez ordaintzea esan nahi du, eta besteak askatasuna. "Software libreaz" ari naizenean askatasunaz ari naiz, ez prezioaz. Prezioak ez du axola.

Enpresa askok software ez librea egiten du dirua bildu nahi dutelako. Baina, nire ustez, arrazoi horrek ez du garrantzirik. Ez da zuzena pertsonei funtsezko askatasunak ukatzea. Programa baten erabiltzaile orok merezi dituen funtsezko lau askatasunak ondokoak dira: Zerogarren Askatasuna, programa nahi duzun bezala exekutatzeko askatasuna da; Lehenengo Askatasuna, programaren iturburu-kodea aztertzeko askatasuna da, benetan zer egiten duen uler dezagun; Bigarren Askatasuna, kopiak egiteko eta beste batzuei banatzeko askatasuna da —nahieran, emanda edo salduta—; eta Hirugarren Askatasuna, zure bertsio aldatuen kopiak banatzeko askatasuna da eta beraz, zure beharretarako egin zenituen aldaketak beste batzuentzat eskuragarri egon daitezke. Lau askatasun horiek batera kontrola ematen diete erabiltzaileei. Norbanako gisa, zerogarren eta lehen askatasunen bidez, eta kolektiboki, bigarren eta hirugarren askatasunen bidez.

Aurtengo protesta bat Buenos Airesen (Argentina) Palantir multinazionalaren aurka. E. Lasalvia / Getty Images

Eusko Jaurlaritzak Palantir enpresa estatubatuarrarekin akordioa sinatu berri du. Enpresa hori zelatari lanak egiten ari da CIA-rentzat. Enpresa hori Trumpen gobernuarekin elkarlanean ari da datu biometrikoak, geolokalizaziokoak eta jokabideak biltzen dituzten zaintza masiborako sistemak eraikitzeko. Ikusten al duzu paralelismorik duela urte batzuk NSAri buruz esan zenuenaren –pertsonak gaizkileak izan gabe zelatatzen eta kontrolatzen ari zela– eta orain Palantir bezalako enpresa pribatuekin gertatzen ari denaren artean?
Bai, erabat. Datuak gobernu batek ala nazioarteko korporazio batek prozesatzea berdin du. Zelatzea beti da txarra demokrazia eta askatasunarentzat. Onartu behar dugu zaintza masiboa bateraezina dela gizarte librearekin. Jendeak hori jakin behar zuen 1984 liburua argitaratu zenetik, zelata errepresioaren tresna delako. Gobernuek enpresei obeditzeko joera duten mundu honetan, enpresa erraldoi hauek pertsonak azpiratu nahi dituzten mundu honetan, zaintza-sistemak aurkituko dituzu enpresei jendea gobernatzen laguntzeko.

Google, Amazon eta Metak guri buruzko datu gehiago dituzte edozein gobernuk edo agentziak baino. Datuak truke-moneta diren gizarte batean, nola bizi daiteke pertsona arrunt bat, Interneti erabat uko egin gabe eta pribatutasuna bermatuta?
Nik Internet egunero erabiltzen dut, baina ez dut ezer ere egiten enpresa horiekin. Ez dut inoiz Amazonen ezer erabili. Ez dut inoiz Meta produkturik erabili (Facebook, Instagram eta Whatsapp) erabili. Existitzen direnetik erabiltzaileak erabili dituzte, haien datuak salduta. Google-ren kasuan, badira batzuetan erabili ditudan gauza batzuk , anonimoki erabiltzeko aukera izan nuenean, eta libre ez den softwarea exekutatu gabe. Webgune askok programa ez-libreak bidaltzen dituzte ezkutuan nabigatzailera, eta han exekutatzen dira. "Isilean", ez dakizulako zer ari den gertatzen. Nabigatzaileak ez dizu esaten librea ez den programa bat ari dela bidaltzen. Programa horrek, ordea, zure datuak har ditzake: non egon zaren, zenbat denbora egin duzun webgune batean, eta abar. Ondoren datu-base erraldoietan sailkatzen zaituzte. Dena jakin dezakete, baita bankuan zenbat diru duzun eta zertan gastatu zenezakeen, ez zertan gastatu duzun soilik. Nabigatzailean gehigarri bat dut instalatua, eta software ez librea aurkitu eta blokeatzeko aukera ematen dit, esplizituki baimendu ezean exekutatu ez dadin. LibreJS deitzen da, software librea da eta edonork instala dezake. Webgune askok ez du funtzionatzen horregatik, baina nahiago dut hori software itxia badute. Nahiago dut huts egitea, ni zelatatzen arrakasta izatea baino.

Zelata oso sotila eta sofistikatua izan daiteke. Demagun enpresa batek nor zaren jakin nahi duela. Ez duzu zure izena idazten bere webgunean, nola jakin dezaete? Zure ordenagailuaren IP helbidea [Internet-en nabigatzean erabiltzen den zenbakia, telefono zenbakia balitz bezala] zurekin lotzea lortuz gero, nor zaren jakingo dute. Baina nola egiten dute hori? Sarri, zerbitzari berean hainbat webgune ostatzen dira, azpiegitura bera erabiltzen dute eta informazioa elkar trukatzen dute, erabiltzailearen baimenik gabe. Demagun zure izena eskatzen duen webgune bat dagoela eta idatzi egiten duzula. Webgune horrek jakingo ditu zure izena eta IPa, eta zerbitzari berean dauden gainerako webguneekin partekatuko du informazio hori. Hala jakingo dute IP hori zurea dela. Baina makinek IP helbideak aldatzen dituzte, beraz, zerbait gehiago ere erabiltzen dute: zure ordenagailua ezagutzen dute, baita IPz aldatzen denean ere. Eragiketa batzuk zertxobait azkarragoak dira makina batzuetan, pixka bat motelagoak beste batzuetan. Hori kalkulatuta, ordenagailua identifika dezakete. Zure nabigatzailera proba-programak bidaltzen dituzte, gauzak zein abiaduratan egiten dituen neurtzeko. 10 edo 50 aldiz egiten dute hori, eta hala zure ordenagailua identifikatzen duten neurketak lortu. Hainbat webgunek hori egiten badute, zure ordenagailua ezagutu dezakete, eta webgune horietako baten batek zure izena lortzen badu, denek jakingo dute.

​

GNU eta Linux bikotea

Jende askok Linux hitza erabiltzen du sistema eragile osoa izendatzeko, baina teknikoki hori ez da guztiz zuzena. Richard Stallmanek eta software librearen aldeko mugimenduak urte askoan azpimarratu dute Linux ez dela GNU, nahiz eta bi proiektuak askotan batera erabiltzen diren. Izan ere, gaur egun erabiltzen diren sistema gehienak “GNU/Linux” deitu beharko lirateke.

GNU eta Linux proiektu desberdinak dira, helburu eta jatorri propioekin. GNU Proiektua 1983an hasi zuen Richard Stallmanek sistema eragile libre oso bat sortzeko helburuarekin. Garai hartan sistema informatiko gehienak software pribatuan oinarritzen ziren, eta erabiltzaileek ez zuten programak aztertzeko, aldatzeko edo partekatzeko askatasunik. Horri aurre egiteko, GNU sistema eragile baten osagai nagusiak garatzen hasi zen: konpiladoreak, editoreak, komando interpreteak, liburutegiak eta tresna administratiboak. GNUren helburua ez zen soilik teknikoa; filosofia etiko eta sozial bat ere bazen, erabiltzaileen askatasuna defendatzeko.

Bestalde, 1991n, Linus Torvalds ikasle finlandiarrak Linux izeneko kernel bat sortu zuen, hau da, nukleo eraginkor bat. Hasieran proiektu pertsonal txikia zen, baina Internet bidez beste programatzaile askoren laguntza jaso zuen eta azkar garatu zen. Linuxek hardwarearekin komunikatzeko beharrezko funtzioak eskaintzen zituen, baina ez zuen sistema eragile oso bat osatzen. Kernel bat bakarrik zen.

Momentu horretan elkartu ziren bi proiektuak. GNUk sistema eragile baten osagai gehienak zituen, baina kernelik ez. Linuxek, aldiz, kernel funtzionala eskaintzen zuen. Biak bateratzean sortu zen gaur egun milioika pertsonak erabiltzen duten sistema: Linux kernela +  GNU sistema eragile librea eraikitzeko proiektu zabala eta filosofia soziala, Stallmanek defendatzen duena.  

Euskal Herrian liburutegi publiko bateko ebook bat irakurri nahi baduzu, Adobe multinazionalean kontu bat sortu behar duzu DRMk [baimenik gabeko kopiak ekiditeko Digital Rights Management lizentzia] babestutako liburuak eskuratzeko. Hala, Adobek zure datu hauek biltzen ditu: zein liburu irakurtzen duzun, zenbat denbora ematen duzun orrialde bakoitzean, portzentaje osoa... Ez al genuke anonimoki irakurtzeko eskubidea izan behar, liburutegi fisiko batean bezala?
Bai, ebook horiek bidegabeak dira. Ez dut software hori erabili nahi. Ez dut inoiz ebook-etarako Adoberen softwarea erabili, eta ez dut inoiz erabiliko. Legez kanpokoa izan beharko luke. Praktika horri DRM deitzen diot: Murrizketa Digitalen Kudeaketa eta ez Eskubide Digitalen Kudeaketa [ingelesezko hitz-jokoa darabil Digital Right Management, Digital Restriction Management bihurtuta, eskubide hitzaren partez murrizketa erabilita]. Bere helburua irakurleak mugatzea da. Jakina, "Eskubide Digitalen Kudeaketa" diote, baina zeu mugatzeko eskubidea defendatzen ari direlako. Ez dut uste eskubide hori dutenik, eta praktika hori amaitu beharko genuke. DRMa delitu larri bihurtu beharko genuke. Ezin dugu azpiratzea eta pertsonen irakurketa zelatatzea onartu.

Batzuek diote software libreaz egiten duzun defentsa idealista dela, jendeari ez zaiola askatasuna axola teknologiak funtzionatzen badu. Zer diozu?
Argudio horretan distortsio ergel bat dago. Lehenik, bai, idealista da. Idealista izateak epe luzerako kontu garrantzitsuen alde borrokatzea esan nahi du, berehalako komenentziari uko eginda. Baina ez da egia pertsona gehienei ez zaiela askatasuna axola, axola ez balie bezala jokatzen dutela baizik. FSF fundazioan (Free Software Foundation ingelesez, Software Askearen aldeko Fundazioa) pertsonekin hitz egiten dugu askatasunaz. Pertsonak antolatzen ditugu eta adibideak jartzen ditugu gure askatasuna ez dezagun sal. Gauza horiek azaltzen saiatzen naiz nire hitzaldietan.

Zer egin beharko luke pertsona arrunt batek, ez programatzaile batek, oraintxe bertan pribatutasuna eta askatasun digitala berreskuratzeko? Errealista da, ala guda galduta dago?
Google, Meta, Apple, Amazon eta halakoek murrizketak ezartzean arrakasta dutenean, ondorengo argudioa darabilte: "Ezin duzu irabazi nire boterearen aurka, beraz, eman amore". Baina horren aurrean norbaitek esaten duenean "eutsi diezaiogun", beren erantzuna da: "Ez zaitez inozoa izan, ez zaitu inork entzungo, hasi aurretik garaituta zaude". Batzuetan boterean daudenek, derrotismoa arau bezala ezarrita, irabazten dute.

Sistema bidegabeetan lan egiteko modu “klandestinoak” ere badaude, noski. Nik ez ditut inoiz programa bidegabeak erabiltzen software librea bakarrik exekutatzen dudalako, eta sistema bidegabeak software ez librean oinarritzen direlako.

Askatasun digitalak oso azkar galtzen ari garela dirudi. Zer kezka duzu?
1980ko hamarkadan ez nuen horrelakorik imajinatu ere egiten. 1990eko hamarkadaren amaieran hasi nintzen larritzen, DRMren bidez software librea debekatzeko planak ikusi nituenean. Zientzia-fikziozko ipuin bat argitaratu nuen, Irakurtzeko eskubidea izenekoa. Uste dut Communications of the ACM aldizkari akademikoan inoiz argitaratu den zientzia fikziozko lehen ipuina eta bakarra dela, kar, kar, kar. Nire artikulua ilargiko biztanleen matxinada bati buruzkoa zen eta etorkizunean mende bat aurrerago zegoen girotuta. Software ez-librearen derrigorrezko erabileraren aurka borrokatzen ziren ilargiko biztanle horiek, "irakurketa pirata" debekatzen zuten legeen aurka. Orduan hasi nintzen software ez-librea tiraniarako eraikuntza-bloke gisa irudikatzen.

Euskal Herrian software librearen aldeko jarraitzaile asko burujabetza digitalerantz eta datu publikoen erabilera askerantz ari dira mugitzen. Gobernuak benetako alternatiba izan daitezke Google, Amazon eta Facebooken aurrean?
Zure udalean edo gobernu txiki batean presioa egin dezakezu software librea bakarrik erabiltzeko eta burujabetza digitala eta datu publikoak izateko. Agian hori da erantzuna, pixkanaka-pixkanaka behetik gora politikan eragitea. Uste dut horrek partzialki balio duela, baina nahasmena egongo da bi alternatiba bakarrik daudela onartzen badugu: Google edo Microsoft bezalako enpresak ala gobernuak. Askoz aukera gehiago dago. Beste aukera bat zure ordenagailua da, zure datuak zurean bakarrik egon beharko luketelako. Jakina, zure datu horien segurtasun-kopia bat eduki nahi duzu zure ordenagailua dagoen tokitik kanpo. Adibidez, zure etxeak su hartzen badu ez duzu dena galdu nahi. Konponbidea? Enkriptatu zure datuak eta bidali segurtasun-kopietarako zerbitzu batera. Enpresa horrekin fida zaitezke zure datuak ikusteko ahalmenik ez badute eta software librea erabiltzen badute.

Askatasunaren alde egiten dudan beste gauza bat eskudirutan ordaintzea da, beti. Ez dut ezer eskatzen Internet bidez, ezin baitut eskudirutan ordaindu. Horrela, nire jarduerak ez daude nire izena eta helbidea dituen datu-base batean.

"Ordenagailua pertsonarentzat, ez pertsona ordenagailuarentzat", esan izan duzu. Nola berreskura dezakegu autonomia hori?
Ez dut errezetarik. Etsaia indartsua da. Baina askatasunaren onerako, eragozpenak jasateko prest egon behar dugu. Presio sozialak jendea software ez librea inposatzen duten sistemak erabiltzera darama, Whatsapp adibidez. Boterearen menpeko sareetan hainbeste lotzen direnez, ezin dute gero ezetzik esan, ezin dira irten edo oso nekeza bihurtzen da. Ezinezkoa dela uste dute gehienek.

Badira horrez gain pertsonak zelatatzen dituzten sistemak, korporazio handien aurka ari zaren ala ez kontuan hartu gabe. Kaleko kamerek aurpegiak ezagutzeko sistemak dauzkate, adibidez. Sistema horien erabilerari arau zorrotzak ezartzeak izan behar du soluzioak, gobernuetatik etorri behar luke eta ez dira ari.

Grabazio guztiak tokian bertan dagoen disko gogor batean egin behar direla uste dut eta beraz, segurtasun-kamerak eta zaintza-kamerak ezberdintzen ditut. Segurtasun-kamera batek grabazio lokalak egiten ditu, egunean 24 orduz kameraren ondoan gordeta, eta ez Interneten edo kontrolik gabeko sare batean. Haietara iristeko modu bakarra norbait hara joatea da, disko gogorra dagoen tokira. Krimen larri bat gertatzen denean, norbait joan daiteke eta grabazioa eskuratu gaizkilea harrapatzeko. Kamera horiek baliagarriak dira helburu horretarako, baina ez dira eraginkorrak pertsona guztiak zelatatzeko. Krimen larrien aurka segurtasun publikoari laguntzen diote, baina ez dute etengabeko zelatarako mehatxurik egiten tokian tokiko segurtasun kamera horiek.

Zaintza-kamerak sarera konektatuta daude ordea, eta grabazioak datu-zentroetara igortzen dituzte, pertsona bakoitzaren aurpegi-azterketa eginez eta guztien mugimenduak etengabe arakatuz. Hori beste kontu bat da.