Ultzamako Abauntz kobazuloan (Arraitz-Orkin, Nafarroa) neandertal gizaki baten eskuko sei hezur aurkitu dituzte. Hiru hezur metakarpoak dira, bat falangea, eta beste bi hezur zati proteinen analisi bidez identifikatu dituzte. Karbono-14 frogak egin dizkiete eta duela 44.000 eta 49.000 urte artekoak direla ondorioztatu dute.
Indusketa lanak egin dituen arkeologo taldea gidatu duten Mikel Arlegi eta Andion Arteagak azaldu dutenez, aurkikuntza garrantzitsua da, DNA bikain mantendu delako eta, horrek, duela 40.000 urte neandertalen garapena eta desagerpena nola izan zen ulertzen gehiago lagunduko duelako.