Liburu gorri, separatista, masoi eta pornografikoak

1936ko abuztuaren 11n, Tolosako Plaza Zaharrean frankistek euskarazko eta euskal kulturari buruzko liburuak erre zituzten publikoki, tartean Ixaka Lopez Mendizabal euskaltzalearen inprimategikoak. Argazkia: Wikipedia
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Donostia, 1936ko urriaren 19a. José María Arellano Gipuzkoa eta Bizkaiko gobernadore zibilak, honako dekretua sinatu zuen, faxistek hiria okupatu eta gutxira: "Berehala konfiskatu eta suntsituko dira liburuak, liburuxkak, aldizkariak, egunkariak eta, oro har, izaera marxista, nazionalista, erlijioaren aurkakoa edo pornografikoa duten bestelako propaganda inprimatuak, edo ideia disolbatzaileak eta ordena sozialari edo moral kristauari eraso egiten dioten doktrinak zabaltzen dituztenak".

Eskolak eta liburutegiak ongi miatzeko agintzen zuen dekretuak, eta zortzi egun ematen zizkien herritarrei, halako materialen bat izanez gero San Telmo museoko liburutegian entregatzeko, "isun oso gogorrekin" mehatxu eginda. Arellanok sinaturiko testuak zioenez, aurreko urteetako inprenta askatasunak ideia "subertsiboak" zabaltzea eta, "hain kultuak ez diren herritarren kontzientziak usteltzea" ekarri zuen. 

Baina dekretu horren aurretik, jadanik, Millán-Astray militar altxatuen prentsaburuak "Hil dadila inteligentzia!" garrasia esana zuen eta faxistak toki askotan liburuen kontrako gorrotoa erakusten ari ziren. Adibidez, Tolosako (Gipuzkoa) Plaza Zaharrean, abuztuaren 11n, publikoki erre zituzten Ixaka Lopez Mendizabal euskaltzalearen inprentako zientoka liburu, bai eta euskarazko zein frankisten ideien aurkako beste lan ugari ere, argazkian ikusten den moduan.

Ondoren, 1938an, Francok hainbat lege onartu zituen argitalpenen aurretiazko zentsura ezartzeko, eta hala, 40 urteko kultur eta jakintza zapalkuntza hasi zuen. Baina Ferrolgo diktadorea ez zen ezer asmatzen ari, laurehun urte lehenago Felipe II.ak ere antzeko zerbait egin baitzuen. 

Francok hainbat lege onartu zituen argitalpenen aurretiazko zentsura ezartzeko, eta hala, 40 urteko kultur eta jakintza zapalkuntza hasi zuen. Baina Ferrolgo diktadorea ez zen ezer asmatzen ari, laurehun urte lehenago Felipe II.ak ere antzeko zerbait egin baitzuen

Bere agintaldian, espainiar monarkak antzokiak itxiarazi eta jendeak atzerrian ikastea eragotzi zuen, eta liburuen zentsura ere ezarri zuen. 1558ko lege pragmatiko batean, erlijiosoak ez ziren liburuak inprimatzea debekatu zuen; gainera, haren bidez, atzerritik liburuak inportatzea ere debekatu zuen, liburuzainen funtsak miatzea agindu, eta debekatutako liburuen zerrendak argitaratu zituen.

Bere kezka iturri nagusia protestantismoaren zabalkundea zen, horregatik nahi zuen "doktrina faltsuak edo gai desonestak eta eredu txarrak dakartzaten liburuak aurkitzea, edozein modutakoak direla ere, latinez, erromantzez zein beste hizkuntza batzuetan". 

Baina, atzera begira badaude adibide gehiago: Fernando VII. ak 1815ean prentsa debekatu zuen, Isabel II.ak 1867an euskarazko antzerkiak, eta Canovas del Castillok 1876an foruei buruzko liburuak, batzuk aipatzearren. Zerrendan azkena, Gaztela eta Leongo (Espainia) Vox-eko Kultura kontseilaria dago, "adoktrinatzen" duten filmei laguntza kendu baitie. Franco eta Felipe II.aren ondoan jarri beharko dugu. 


Historia kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.