Duela gutxi arte, 18 urte ingururekin ateratzen zuen jendeak gidatzeko karneta. Autoa zen adinez nagusi bilakatu izanaren ikur nagusietakoa. Gaur egun, baina, 24-25 urteak beteak dituztenean eskuratzen du gazte geroz eta gehiagok. Gidabaimena lortzea garestia baita askorentzat, garestia autoa erosi eta hura elikatzea. Frantziako Estatuan izen bat jarri diote batetik bestera duintasunez bidaiatzerik ez duen jendearen ezinari: "Mugikortasun prekarioa".
Duela 25 urte, Espainiako Estatuan gidabaimena lortzen zuten gehienek –lautik hiruk– 18 eta 24 urte artean zeuzkaten, eta gaur egun erdia inguru dira adin tarte horretakoak. Lan mundura jauzi egitean erabakitzen du gazte andanak karneta ateratzea. Lantoki asko industriaguneetan-eta daude, eta horietara heltzeko autoa (ia) erabat beharrezkoa da, garraio publikoak ez dituelako jendearen beharrak asetzen. “Aldaketa sozial eta urbanistikoek bultzatu dute joera hori”, irakurri diogu El Temps aldizkarian Vicent Borràs soziologo valentziarrari: “Urte luzeetan, Espainiako Estatuan, beste herrialde batzuetan gerta zitekeenaren kontrara, autoak balio sinbolikoa izan du, baina galdua du gaur egun”. Lehengo gazteei “askatasuna” ematen zien autoak: “Espazio bat zen, non egin zezaketen etxean egiterik ez zeukaten hori, lagunekin elkartu edo sexu-harremanak izan, adibidez”. Familiak, baina, aldatu egin dira, eta aukera dago lagunekin edo bikotekideekin gurasoen etxean elkartzeko. “Aske” izateko, zentzu eta neurri batean bederen, autorik ez dute behar gazteek.
Eta, ez dute behar, besteak beste, ikasketak egiten ari diren bitartean garraio publikoa baliatuta txukun antzean moldatzen direlako. “Lehen, 14 urte betetzean ziklomotor baimena ateratzen zuten gazteek; orain, patinetearekin, jada ez dute behar”, dio Sergio Serranok, Valentziako Autoeskolen Elkarteko (AVAE) presidenteak. Autobusa, trena, metroa, taxia, Uber moduko zerbitzuak, patinete eta bizikleta elektrikoak... Jendeak aukera ugari du batetik bestera joateko, hiri handietakoek bereziki –norberak, bizi duen esperientziatik, nahi beste “baina” edo “bai zera!” erantsi ditzake–. Bakoitzaren bizilekuaren araberakoa da neurri handi batean garraio publikoaren erabilera, El Temps-ek jaso duenez. Landaguneetan, esaterako, ez da hainbeste sumatu gazteek gidatzeko karneta beranduago ateratzen dutenik, konplikatuagoa baita haientzat trenean edo autobusean mugitzea.
Landaguneetan ez da hainbeste sumatu gazteek gidatzeko karneta beranduago ateratzen dutenik, konplikatuagoa baita haientzat trenean edo autobusean mugitzea
Eta, ez dute autorik behar, edo ezin dute eskuratu edo ez dute nahi, aparkatzeko muga geroz eta gehiago daudelako edota erakunde publikoak ingurumen etiketak banatzen hasi direlako, besteren artean. Bilbon, adibide bat jartzearren, 2024ko ekainean jarri zen abian Emisio Gutxiko Eremua (EGE), gehien kutsatzen duten autoei erdigunera sartzea debekatzen diena. Hainbat kolektibo ekologistak, Sukar Horiak tartean, onartzen du neurri horien helburuak kutsaduraren eta klima aldaketaren aurka egitea direla, baina auto ekologikoaren mitoa indartzen duela dio, alegia, kotxe batzuk –ECO eta C etiketa dutenak– garbitzat hartzen direla, euren ustez "auto" eta "ekologiko" kontzeptuak bateraezinak direnean. Beren ustez neurriak kutsu klasista du, gainera: “Auto zahar baten jabea Bilbo erdira garraio publikoz hurbildu ahal bada, zergatik ezin du gauza bera egin Iberdrola dorrera doan exekutibo batek?”. Sukar Horiak proposatu du, besteak beste, autoen sarbideak mugatzea norberaren beharren arabera, gaitasun ekonomikoaren menpe izan beharrean. “Hirietan, autoa luxuzko objektua da”, adierazi du Vicent Borrás soziologo valentziarrak.
Mar Lladosak, Valentziako Unibertsitateko ikasleak, argi du autoa gutxiago erabiltzeak mesede egiten diola ingurumenari, baina gazteek ez dutela ingurumenari mesede egiteagatik erabakitzen autoa gutxiago erabiltzea. Zergatik, bada? Aipatu ditugu garraio publikoa, ingurumen etiketak eta autoa aparkatzeko zailtasunak. Horiei gehitu behar zaie karnetaren prezioa. Unibertsitatea ordaindu behar baita, ikasle-pisuaren alokairua... Gastua handiegia da etxe askotan, Fernando Larak, ANAES Espainiako Autoeskolen Elkarteko presidenteordeak, El País-en adierazi arren ezetz, karneta ateratzea ez dela garestia, sagartxoa daukan telefono eramangarria erosteko gehiago ordaintzen dutela gazteek. Eta ez direla kexatzen. Prezioarena alde batera utzita, Sergio Serranok, Valentziako Autoeskolen Elkarteko (AVAE) presidenteak, egoera konplikatzen duen beste osagai bat gehitu du: “Irakasleak falta dira, eta, bereziki, aztertzaileak”.
Frantziako Estatuan, 18 eta 24 urte arteko gazteen %36k ez dauka gidabaimenik, Wimoov erakundeak irailean plazaratutako datuen arabera. Haietako askok “arrazoi ekonomikoak” aipatu dituzte, garestia zaiela karneta atera eta autoa elikatzea. Bizitzaren garestitzea. Lan prekarietatea. Frantzia sutan. Le Figaro-n irakurri dugu autoeskoletako ibilgailuek 50.000 bat kilometro egiten dituztela urtean. Gasoil litro asko da hori. Horregatik erabaki dute karneta ateratzeko prozesua 200 bat euroan garestitzea, 1.800 euro inguruan kokatzeko. Dirua aurrezteko eskola batzuk auto elektrikoen alde egiten ari dira, baina oraindik ez dira benetako alternatiba.

Gazteen erdia, mugikortasun prekarioak kalteturik, dio gaiaren bueltako Le Monde-ren erreportajeak. Wimoov-en txostenaren arabera 17 milioi lagunek dituzte zailtasunak batetik bestera mugitzeko, 2024an baino bi milioi gehiagok. Pobrezia-mugaren azpitik dauden pertsonak, lan bila dabiltzanak, familia gurasobakarrak eta landaguneetan bizi direnak daude kaltetuenen artean. Baita gazteak ere. Inkestari erantzun dioten 18-24 urte bitarteko herritarren %47k adierazi dute bidaiatzeko askatasun nahikorik ez dutela, edo bidaia batzuk egiteari uko egin behar izan diotela. Landaguneetako gazteen artean %64koa da zifra.
Hernja Gérard ikertzaileak ikuspuntu berezi batetik heldu dio gaiari. “Mugikortasun prekarioa urtez urte handitzen den bitartean, existitu ahal izateko mugimendua behar duen eredua hauspotzen jarraitzen dugu”, idatzi du Mediapart hedabidean: “Bada garaia ez mugitzeko askatasuna aldarrikatzen hastekoa, hura praktikara eramango dutenak gizartetik baztertuak izan gabe”. Dioenez, garraioen sektoreak, finantzen munduak babesturik, jarraitzen du aurkezten mugikortasuna “askatasun” edo “autonomia seinale” gisa. “Baina, benetako askatasuna al da, erabakia murrizten denean mugitzeko modu bat ala beste aukeratzera?”, galdetu du. “Askatasuna izaten jarraitzen al du, mugimendua bera inposatua denean? Non dago autonomia, gidatzeari uzten dioten landaguneetako pertsona nagusiei soluziorik eskaintzen ez zaienean?”.
Eredua irauli behar dela uste du ikertzaile frantziarrak: “Benetako askatasunak ezin du bizirauteko mugitu beharraren menpe egon. Ez naiz ari mugikortasuna eta gelditasuna kontrajartzen, ezta nagikeria glorifikatzen ere. Ari naiz aldarrikatzen gizarte justu batek eskubideak bermatu behar dituela: osasun arreta, lana eta hezkuntza; eta eskubideok eskuratzeko baldintza bakarrak ezin duela izan mugikortasun etengabeko, inposatu eta geroz eta eskuragaitzagoak”.
Zer pentsatua ematen dute Gérarden hitzok, garai hauetan non egunero-egunero egiaztatzen dugun zein gauza ederrak diren Brinkola-Irun trenaren gora-behera-beherak pairatzea, N1 errepideko auto-ilaretan harrapaturik geratzea edo Tolosa-Donostia autobus-zerbitzua murriztu dutenei esker geltokietan zain eta zain egotea, ezagunak zaizkigun esperientziak aipatzearren. Ez mugitzeko eskubidea. Duin mugitzeko eskubidea. Erabakiak hartzen dituzten politikari eta teknikarien artean, zenbat ibiliko ote dira egunero garraio publikoan?