Garrak, gitarrak eta hard-rockaren tentazioa

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Rock And Roll Flames
The Inductions
Balio dute, 2026

---------------------------------

Duela gutxi ezagutu dut talde gipuzkoar rockero hau ia kasualitatez, eta harrituta gelditu naiz, 2007tik martxan baitago. Irungo eta Azpeitiko (Gipuzkoa) hainbat lagun rocka eta bluesa egiteko elkartu ziren orduan. Gerora, 2012an, taldekide aldaketa bat medio bestelako soinuetan murgildu ziren, 2000ko atarian halako iraultza sortu zuen Eskandinabiako rock gitarreroan hain zuzen ere. Koordenada horietan hiru lan luze kaleratu dituzte bidean, eta taldeak martxan jarraitzen du. 

Duela gutxi Espainiako Estatuko hainbat zigiluk konbentzituta ia oharkabean gelditu diren kantuak batu eta bilduma berezi hau argitaratu dute 2012tik 2025era landutako kantuetako batzuk batuta. Bada, bai, taldekideek hainbeste aldarrikatzen dituzten Hellacopters eta Turbonegro-ren haritik tiratu dute, baina esango nuke bestelakorik ere badagoela inglesez abestutako ia dozena pieza hauetan.

Brother wolf ukitu hard-rockero handia duen punk-rocka da, Backyard Babies-en arima eta ugari batzen dituena. Sergeant Albatross-ek ere badu punk, hard-rocketik eta The Cult-en harropuzkeriatik. Back in town-ek dirudi The Hot Dogs!-en esentzia sleazy-aren oinordekoa. Hi-fi councils-ek men egiten dio izenari tarteka Oblivians eta Headcoats-en primitibotasunari keinu eginda, gerora distortsioa gailentzen bada ere. Say it now power-poperoagoa eta itsaskorragoa da eta erritmikoki oso berezia; niretzat lan honetako hit!a. 7 days 7 nights punk-hard-rock patroiduna eta melodikoagoa da. 

Diskoaren B aldea Nobody knows-ek zabaltzen du Suediatik ikasitako punteoekin, tenpo erdiekin eta rock pisutsuarekin. Serial killer dance-k edaten du Brian James-en dotoreziatik, 1977ko punketik eta westernetik; a ze saltsa! (Hey hey) I´ll go my way da punk-rock-and-roll esentzia heavy-arekin borrokan, Glueciferren antzeko orekan. My girlfriend-ek dirudi, haien neskalagun baten oroitzapenaz gain, Turbonegro-ren Apocalypsy dudes -i gorazarre benetazkoa. Eta, bukatzeko, Fast food da rock gogorra, oso melodikoa eta oso gitarreroa. 


Irakurri gehiago: Disko kritikak Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.