‘Garagarrak irabazi!’

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Garatzen goaz jaiotzen garenetik, ia denok. Garaituz garatzen gara, baita garaitua izanez ere. Erortzea eta erotzea guk garatzen dugun egoera izan daiteke, eta hor asko lagun gaitzakete gure lehiakideek, inguruak, lagunek, izaerak... Izan, bagarenaz eta bagarelako, izan nahi dugunaz hausnartzeak heldutasuna eskatzen du eta egitea komeni den ariketa da.

Badakit aho korapilo bat dela izenburua eta aurreko paragrafoa, baina ideia bera eskaini zidan irudi txundigarri eta aberats bezain oinarrizko batek, urriko lehen igandean, Tolosako Usabal kiroldegian jokatu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan. Lehia eta jokoa da, ezinbestean, Bertsolari Txapelketa. Serio, zorrotz, lehia erabatekoa. Inor ez doa txapelketara jolasera, txapela jokatzera baizik, beraz, berriketa gutxi!

Kantatu zuten lau bertsolariek oholtza gainean eserita elkar besarkatuz osatu zuten lanaren emaitza, eta bizitako tentsioa askatu, nolabait esateko

Ganbarako saioan ari ziren eta bi bertsolari falta ziren beren lana burutzeko. Bitartean, kantatu zuten lau bertsolariek oholtza gainean eserita elkar besarkatuz osatu zuten lanaren emaitza, eta bizitako tentsioa askatu, nolabait esateko. Niri ikaragarri aberatsa iruditu zitzaidan irudia; elkar animatzen eta inor eror ez zedin ahaleginean, goxo, batera, erantzukizunez jokatuz. Gai jartzailea begira zutela bere aulkitik. Bere lekuan egoten asmatu zuen, ordura arteko lanean bikain jardunez, eta une horretan ere bai, kantu-kideak beste bizipen batzuk konpartitzen ari zirela jabeturik. Beste saioren batean konturatu naiz gai jartzailea kantu lanak amaitu dituenarengana hurbildu eta, egoera askatu edo goxatu nahirik, bestelako animoa sortzen lehiakideen artean, nahiz eta denok ez garen aldarte berekoak edo ez ditugun behar berdinak. Une horietan bakoitzak bere munduan murgiltzeko joera izatea normala iruditzen zait, baina laukotea edo seikotea ekipo modura aritzea, bakoitzak bere onena ematen asma dezan, horrek ez dauka parekorik.

Ni ere saiatu naiz, baina ez dut maila horretako txapelik irabazi sekula, hala ere, txapeldun batek aitortu zidana ez daukat ahazteko: “Ez haiz sailkatu finalerako eta min hartu diagu. Sumatuko diagu hire falta oholtzan saioa ongi bideratzeko, gure arteko giroa sortzen eta goxatzen”. Asko esan zuen nire saio kopurua jaisteari buruz ere, baina igarle baten pare asmatu zuen nire barrua lasaitzen eta emaitza erlatibizatzen. 

Ez da erraza atzera geratu denari animoak ematen. Hori egia da, eta nik ere ez nuen askorik beharko nire ezina goxatzeko, baina gogoan daukat, eta saiatu izanaren poza ere bai. Ni naiz gu garelako eta gu gara ni naizelako. Txapelketako norgehiagokaren emaitza ez da berdina izango gu-tik begiratu ala ni-tik osatu. Osagaiak gozagai bihur daitezke eta bakarra ekipoko parte. 

*Garagarrak irabazi: ad.-lok. Astoez, zaldiez eta kidekoez mintzatuz, lurrean iraulkatu. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.