Etorkizuneko gorputzak

DOM CAMPISTRON
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Pertsonez hitz egitean, maiz, pertzepzioa gorputzaren bidezkoa da. Alta, azken denboretan, badirudi gorputzaren/izakiaren kontsideratzeko moldeak aldatzen ari direla maila sozialean eta lan munduan bereziki, eta, hain zuzen, gorputz edo izaki fisikoa ez kontsideratzera garamatzala. Horren lekuko dira azken egunetan entzun eta ikusi ditugunak, bai kargudunen adierazpenetan, bai manifestaldietako jokamoldeetan, bai diskurtso politikoetan: etorkizunak bilatzen ditu gorputzik gabeko izakiak.

Mobilizazioetan ikusi dugu: aurpegia ematen duen manifestariak begia galtzen duenean, edo eskua, ez da gorputz horren kontsiderazioan denbora xahutzen, baizik eta azpimarratzen eragin diren kalteak, erakundeen eta legearen errespetu eza.

Lanean, onartzen da pertsonek, langileek, gorputzak ukan ditzaten, baina bakarrik baliagarriak direnean. Jendea kontratatzen da indarrarengatik, bizkortasunarengatik, energiarengatik, irribarrearengatik. Eta sailkapen hori hautaketa-prozesuetan hasten da, kontratatzeko unetik beretik, lan-deialdietan pertsona prestuak, beti eskuragarriak, jendearekin ongi moldatzen direnak, itxura ona dutenak eta presioari aurre egiteko gai direnak bilatzen dira. Haatik, irizpide horiek ez dituzte gaitasunak deskribatzen.

Kandidatu eta kargudunak pertsonez hizketan ari direla oroitzen saiatu beharko da, gu denen gorputz adarrez, gure akiduraz, gure osasunaz eta gure denboraz

Eta berdin zabaltzen da debate publikoan, erabakiak eta politikak definitzeko momentuan: pertsonez hitz egiten da haien izaeraz abstrakzio eginez, edo trabagarria dena saihestuz. Gisa berean, hauteskunde kandidatuen kasuan, adimena bezainbat baloratzen da gaztetasuna, bizkortasuna, presentzia, oldarkortasuna, itxura, diskurtso ideologikoa baino gehiago. Eta une berean, ideal horrekin –gizon gazte kirolari indartsu bizkor eta prestuarena– bat egiten ez duten zenbait alde bazterrean uzten dira edo bazterrean ezartzea eskatzen da: adibidez, nekea, hilabetekoak, haurdunaldia, eritasuna, adina, elbarritasuna agertzen duten gorputzak. Hobe horiek guztiak lantokiko atarian edo kanpainatik kanpo uzten badira, eta debate publiko edo politikotik kanpo. Alta, norma, justuki, bestea da: perfektua ez dena, akitzen dena, aspertzen dena…

Gai sozialak –guri dagozkigunak– pil-pilean egonen dira ondoko asteetan. Denon gorputzak agerian egonen dira, kanpaina eginen dutenena, manifestaldietan salatuko dutenena, ahanzten diren horiena. Eta gorputzaren bidez eta gorputzari buruz mintzatuko da. Edo ez, preseski.

Karia horretara, entzunen dugu gauza anitz: hala nola produktibitatea, defizita, erretiroa hartzeko baldintzak, erretiro adinaren gibelatzea, zergen emendatzea, lansarien izoztea, seguritate sozialaren zuloa eta erremedio gastuak, asteko lan denboraren emendatzea, hazkurri krisia. Baina deus gutxi entzunen dugu, adibidez, lanen zailtasun mailaz, erritmoaz, bizi esperantza ezberdintasunaz, osasun arazoez, gorputzen higaduraz, kutsaduraz. 

Orduan, garaia eta kanpaina aitzinatu ahala, ariketa egin beharko da, biziki kasu eginez, eta indar egin, kontzeptu eta ideia horien guztien gibelean, gorputzak irudikatzeko, pertsonak, errealitateak, eta kandidatu eta kargudunak pertsonez hizketan ari direla oroitzen saiatu beharko da, gu denen gorputz adarrez, gure akiduraz, gure osasunaz eta gure denboraz, hezur andeatuez, estres kronikoaz, ordutegiez, goseaz –zentzu konkretuan–. Izan langile, langabetu, ikasle, hargin, laborari, irakasle, bulegari, gure baitakoaz, bizipenez eta orbanez abstrakzio eginen baita, behin eta berriz. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.