Airbnb-ren ‘Pueblos’ (Herriak) iragarkia
Airbnb, &Rosàs agentziak ekoitzia (2026)
Zer: Iragarkia
Herrialdea: Espainia
Iraupena: Minutu bat
-----------------
Ordainpeko zerbitzu batean serie bat ikusten ari nintzela, iragarki bat agertu zitzaidan begien parean; orain, iragarkiak ikusten ditugu ordainduta ere. Zeinen iragarki ederra, ordea; A24 ekoiztetxearen pelikula batetik ateratako irudiak ziruditen planoek. Herri txiki bateko baserri eder bat, gazte batzuk baserrian sartzen eta norbaitek mahaian utzitako mezutxo bat irakurtzen: “Ongi etorri herrira. E.”. Beraien aitona edo amonarena ote? Planoak horren ederrak izanik, herri txikietako bizitza aztertzen eta goraipatzen duen pelikula xalo horietakoren bat izango da, akaso.
Off-eko ahots batek dio: “Nire ustez, belar izpi batek ez du izarrek egindako bidaia batek baino garrantzi gutxiago...”. Eta herrietako eszena ederrak agertuko dira segidan: belardi berde bat, gizon bat lasai-lasai bazkaria prestatzen, gazte batzuk dunak esploratzen, umeak karrikan jolasean, erraldoiak herriko kaleetan dantzan, petanka jolasa... Muntaia azkarraren bidez, herriek duten lasaitasun eta izaera kontenplatiboa erakutsi ditu, hamar segundoan. Kolore beroak, oso ongi muntatutako eszenak, eszenografia eta kamera lan aparta. Pelikula baten iragarkia zela uste nuen, baina azkarregia zen trailer bat izateko. Espainiako Gobernuak herrien alde egindako iragarki bat ote da, orduan? Beti esan izan da herriak hustearekin arazo handia daukala Espainiak.
Atzeko musika azeleratzen ari da apurka-apurka, irudiak gero eta azkarrago doaz: herriko bandaren kontzertua, bide erdian bazkatzen ari den behi handi baten erruz atzeraka doan autoa, etxean umeek egindako antzerkia eta itzalekin egindako txotxongilo saioa... Eszena bakoitza aurrekoari espazioa kendu nahian, esanahiz lepo kargatutako plano labur orkestratuak: bai, Espainiako Gobernuaren iragarki bat izan behar da, fijo.
Musika geratu da. Neska gazte baten ahotsak dio: “Herriek gogorarazten digute ez garela urrutira joan behar, hurbilera iritsi baizik”. Eta ba al dakizue azken planoan, gari zelai infinitu berdearen gainean, zer jartzen duen? Airbnb.