Urriak 18 zituela hasi ziren Eguberriko argiak paratzen nire kalean. Urriaren 18an, igandearekin, eta ilunduta, gaueko bederatziak pasata. Ez da lehen urtea, hala da duela lau urtetik hona gutxienik, baina beti harrapatzen nau ustekabean: langile bat nire balkoiaren parean oihuka hizketan lankideekin. Andaluzieraz, argien enpresa hangoa baita.
Ez zait inporta nongoa den jendea, baina ezin diot galderari ihesi: soldatak ere hangoak izanen dira, hango bizi-mailakoak? Izan daiteke: lehiaketak irabazteko, langileen irabazietan eragiten da maiz.
Munduko izugarrikeria gero eta handiagoek izutzen eta gupidatzen gaituzten honetan, arinkeria irudituko zaizue halako gai ilupa ateratzea. Izan daiteke, baina izugarrikeria handiek itxuraz funsgabeak diruditen aldaketak ezkutatzen dituzte.
Eta aspalditxotik datozen aldaketez ari naiz: gizakion bizi-denboren eta bizilekuen eragabetzeaz.
Ez da Eguberriko kontuekin bi hilabete lehenago hastea soilik (edo abuztuaren bukaeran agertzea Halloweenen iruditeria saltokietan). Aisialdiaz nola eta noiz eratu behar dugula erakusteaz gain, gero eta nabarmenagoa da eraldatzen dizkigutela bizi- eta lan-baldintzak, sistema ekonomikoaren hobe beharrean beti.
Oihuztatzen direnean jendeak ongi bizitzeko zaindu behar dituen alderdiak, isilpean gordetzen da gauza horiek beste batzuen esku dauden inguruabarrek baldintzatzen dituztela askitan
Esaten zaigu bizitzeko modurik hoberena dela present egotea, arreta paratuta egiten dugun horretan, baina hori posible egiten duten egiturak (ordutegi eta loaldi erregularrak, adibidez) desagerrarazten dituzte. Ohartarazten zaigu sare sozialen arriskuaz, gazteei (helduei ez?) aditasuna galarazten dietelako, baina inork ez ditu aipatzen familien bizimoduan lan-ordutegi edo bizi-baldintza desarautu eta zailek eragiten dituzten kalteak. Eta ia inork ez ditu jotzen atentzioaren kontrakoak bigarren hezkuntzako 50 minutuko saioak edota ikasleak ikasgelaz ikasgela etengabe ibiltzea (Hegoaldean, ez baitakit nola den Iparraldean).
Beste adin batera joanda, mezu ofizialek “zahartze aktiboa” eta norberaren zaintza aldarrikatzen dituzte, eta aldi berean “normaltzat” (luxu?) jotzen da adineko batek ohiko bizitokia abandonatu beharra norbaiten diru-goseak obligarazita.
Oihuztatzen direnean jendeak (gazte, heldu edo zahar, nor bere adinean) ongi bizitzeko zaindu behar dituen alderdiak –buru-osasuna, kirola, sozializazioa…–, isilpean gordetzen da gauza horiek beste batzuen esku dauden inguruabarrek baldintzatzen dituztela askitan. Eta zirkunstantzia horiek diru-mozkinak dituztela sustrai.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.