Zortzi egun jabeentzat

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Etxebizitza berriro dago gai zerrendaren buruan, eta zortzi urte agintean daramatzatenen kezka nagusi bihurtu da, dirudienez. Etxegabetzeak etengabeak dira, baina horietako bat izan da gainezka egiteko falta zen tanta (edo hauteskunde-inkestak ote?); eta orain bai, PSOEk bi dekretu eraman ditu Espainiako Kongresura. Apirilean alokairuak luzatzeko dekretua erortzen utzi zuen; orain, Kongresuaren (aurreikusitako) ezetzaren ondoren, hain dira garrantzitsuak dekretu horiek, non hauteskundeetara joatea erabaki duen.

Gizarteko beste hainbat esparrutan bezala, bozketa hartan bi interes ezinbestez kontrajarri zeuden mahai gainean: alokairua ordaintzen dutenena eta kobratzen dutenena. Lantokian plusbalioa uzten dugu, eta etxean, soldataren zati bat. Bigarren esplotazio horrek ere norabide bera du: lan egiten dutenengandik, lanik egin gabe jasotzen dutenengana.

Klase-gizarte batean ez dago adostasun posiblerik, ez enplegatzaileen eta langileen artean, ez errentadunen (gutxiengo bat, ikusi dugunez) eta langileen artean

Zenbat lan ematen diegu gure etxeen jabeei? 2025eko INEren Bizi Baldintzei buruzko Inkestaren arabera, Nafarroan eta EAEn, alokairuan bizi diren eta errenta txikiena duten gizarteko familien %20k ia zortzi egun egiten dituzte lan hilero jabearentzat: hilabetearen laurdena. Errenta txikiena duen %60aren artean, sei eta zortzi egun artean. Transferentzia hori dago, ziurrenik, maizterren hazkundearen atzean. Hilero soldataren laurdena jabeari ematen dionak nekez aurrez dezake, eta jabetzarako bidea itxita du. Errenta txikiena dutenen artean, 2008an, lautik bat bizi zen alokairuan; gaur, bostetik bi baino gehiago. Ekoizpen-bideen jabetzarekin gertatzen den bezala, etxebizitzaren jabetzak ere sarrera-hesiak ditu, eta hesi horiek klase-egitura bera indartzen dute. Bidean pobrezia sortzen du: etxebizitza ordaindu ondoren, pobreen proportzioa seitik bat izatetik lautik bat baino gehiago izatera igotzen da.

Txanponak beste alde bat du: alokairuan ordaintzen diren 1.268 milioi euroetatik %55 errenta handiena duen %20ak jasotzen du. Talde horretan hiru familiatik batek kobratzen du alokairua; errenta txikiena dutenen artean, hamabostetik batek. Etxebizitza bat baino gehiago dituena gutxiengoa baita: familien %12 (Familia Aurrekontuen Inkestaren arabera). Hiru edo gehiago dituztenak, %1 baino gutxiago.

Hauteskundeen aurretik zein ondoren, argi izan behar da: egoera hau iraultzeari heltzen ez dion etxebizitza-politika oro errentismoaren eta oraingo klase-egituraren aldeko apustu sistematikoa da, lanaldia murriztearen edo soldatak igotzearen aurka egitea bezala. Ez da ezer berria, edonola ere. Klase-gizarte batean ez dago adostasun posiblerik, ez enplegatzaileen eta langileen artean, ez errentadun (gutxiengo bat, ikusi dugunez) eta langileen artean. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.