Toni Erdmann
Maren Ade (2016)
Zer: Filma
Herrialdea: Alemania
Iraupena: 162 minutu
Non ikusi: Hegoaldean: Filmin. Iparraldean: Canal+ eta Apple TV
---------------------------------
Ez dut aitzakia zehatza ondo gogoratzen, baina gutako batek mimoak eskatu zituen. Uda garaia zen. Oraindik eguna ilundu gabe zegoen eta bero handia egin zuen egun hartan ere. Goxotasunaren alde, elkarrekin gordetzea adostu eta kasik automatikoki Arrazolako (Bizkaia) baserri hartako logela txiki-zine-areto bihurtzeko ekintzen sekuentziatzea martxan jarri genuen. Batak pertsianak jeitsi, beste biek oheko koltxoia lurrera bota, kuxin eta manta arinak bildu, besteak ordenagailua-proiektorea eta ordenagailua-bozgorailuak konexioak egin eta eltzea sutan jarri zuen azkenak, arto aleak saltoka hasi arte.
Ez genekien ondo zer ikustera gindoazen. Toni Erdmann? Tituluak ez zigun gauza handirik eragin. –Izaki ilun eta iletsu erraldoi bat besarkatzen ari den gazte ilehoria– ez genuen posterra ondo ulertu. –162 minutu– iraupenak pixka bat beldurtu gintuen akaso. –Aita eta alabaren arteko harremana– nahiz eta hirurok zeharkatzen gintuen gaia izan zitekeen. –Tragikomedia– eta posible da behar genuenaren antza hartu izana ere. –Sandra Hüller– azkenik, erraza egin zitzaigun aktore alemaniarrarekin ados jartzea.
Winfried Conradi (Peter Simonischek) txakur itsu eta zahar batekin bizi den gizon handikotea da. Ile sendo eta zuriduna. Egun batzuetako bizarra mantentzen duenetarikoa. Alemaniako sesentayochista ohi bat izan zitekeen. Jubilatzear egongo den haurren irakaslea da eta piano klaseak eskaintzen dizkio auzokide gazteari. Gezurretako hortzak daramatza beti poltsikoan. Nahikoa du horrekin, edozein momentutan jantzi eta pertsonaia komiko bat performatzeko. Umorearen bidez egiten dio aurre ezerezari.
Ines (Sandra Hüller), bere alaba, Bukaresten bizi da. Enpresa alemaniar bateko merkatari sofistikatua da. Lana, bizitzaren gainetik. Mugikorra bere eskuaren atal bat gehiago izan zitekeen. Gorpuzkera zurruna du eta alkandorak eta trajeak janzten ditu. Bekokerra da bere keinu errepikakorrena eta laneko atsegintasun merkantiletik haratago, gutxitan egiten du irribarre.
Alabaren lanarekiko itsutasunak arduratuta, Bukarestera joango da inpultsiboki Winfried gezurretako hortz eta guzti. Bertan hasiko da bi bizimoduen arteko kontrastea. Absurduaren eta errealitatearen arteko talka etengabea. Merkatuko gose jokoen performancean bizi diren enpresariak alde batetik. Eta alabaren bizi grina berreskuratzeko asmoz, performacean ezkutatzen den adar-jotzea, bestetik. Ahazteko zailak diren eszenak.
Zentzugabekeria zentzuzko bihurtu zaigun honetan, mundua zentzugabetuko dute. Gogorra ez ote da ba errazago hausten? Auzolotsatik eta ternurikara doan bidea, barre algaraka igaro genuen txiki-zine-areto goxo hartan. Betazalak umel eta masaileko giharreko min arinarekin irten ginen gordelekutik. Baliabide desesperatu gisa, botikinean gordeta daramagu arratsalde eder hura.