Bada Adimen Artifizialaren eremuan espresio bat: “Loro estokastikoa”. Espresio horrekin, AAren erantzunak, beti dutelako erantzun bat, probabilitateari lotuta daudela adierazi nahi da, eta berez AAk esaten duena ez duela ulertzen.
Asteburuan Latzen taldearen kontzertu bat entzuteko aukera izan dut. “Mezua hil aurretik” abestia jotzen ari zirela, letraren zati bati erreparatu diot: “Ideia berdin askok ez du esan nahi arrazoi....” letrak orain dela gutxiko pasartea ekarri dit burura. Lantzen nabilen proiektu bateko hornitzaileetako batek egindako gomendioa gogorarazi dit: “Instagramen proiektua saretzen ez baduzu, ez du zure proiektua inork ezagutuko”. "Ja", esan diot hornitzaileari, ulertu egin baitut bere asmoa ona zela, baina "ez ba" pentsatu dut neure baitan; zuk ez duzu ezagutzen nire herrian ahoz ahozkoak duen boterea, onerako zein txarrerako, ziur naiz proiektua ezagutuko dela, eremu digitalean atzamar bat ere jarriko ez badut ere.
Antzeko sentsazioa izan dut Elhuyar aldizkarian Ekai Txapartegik idatzi duen Salbatu euskara artikulua irakurtzetarakoan. Eremu digitala euskaraz osotasunean bizitzeko garatu diren teknologiak medio, euskaren inguruan gauzatzen diren harremanez hausnartzen du bertan: “Euskaltzaleon helburua euskal lurrean euskaraz mintzatzea da, herrikideekin euskaraz mintzatzea. Modu autistan hesituko bagaitu, euskarazko lainoak ez gaitu herri bezala indartuko”.
Guztiz ados nago Ekaik idatzitakoarekin eta nik ere ideia horri heltzen diot. Proiektua sareetan zabalduko dut, bai, fedibertsoari loturikoak, noski, baina zorionez gure herrian ez garenez autismora heldu, ahoz ahozkoak indar gehiago izango duela ziur nago.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.