Sezesioak botoen eta boterearen erdian

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Galesko Plaid Cymru, Eskoziako SNP eta Ipar Irlandako Sinn Féin alderdietako buruzagiek Cardiffen sinatutako adierazpenak aldaketa konstituzionala errazteko eskatu dio Londresi. Egun gutxira, Quebeceko hauteskundeak Alderdi Quebectarra independentistak irabazi ditu. Gutxiengo gobernua osatuko badu ere, Quebec Solidarioko bederatzi diputatuak gehituta, indar subiranistek gehiengo osoa dute Batzar Nazionalean. Bi gertakariek autodeterminazioa agenda politikoan kokatu dute berriz.

Cardiffeko adierazpenak paradoxa bat erakusten du: beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duten nazioek Erresuma Batuko gobernuari eskatzen diote hura gauzatzeko bidea ireki dezala. Quebecen ere garaipenak independentziaren auzia indartu du, baina ez du berez erreferenduma, are gutxiago estatu berria, ekarriko.

Hor dago sezesio-prozesuen muina. Independentziaren alde bozkatzea funtsezkoa izan daiteke proiektu baten zilegitasunerako, baina botoek ez dituzte berez estatu berriak sortzen. Erreferendum batek borondate politikoa neurtu eta ezezkoaren kostua handitu dezake. Ez du, ordea, erabakitzen nork kontrolatzen dituen lurraldea eta erakundeak, estatu matrizeak zer erantzungo duen edo nazioarteak estatu berria aitortuko duen.

Horixe erakusten dute azken mendeko esperientziek. Islandiak 1944an independentzia berretsi zuen, Danimarka okupatuta zegoenean eta uharteko erakundeek benetako agintea zutenean. Faroe uharteek ere isolamendua eta autogobernua bizi izan zituzten britainiar okupazioan. Baina independentziaren aldeko erreferenduma 1946an egin zen, Danimarkak ordurako lurraldearen gaineko agintea berreskuratua zuenean. Testuinguru geopolitiko berri horrek emaitzaren estutasunean eragina izan zezakeen eta, edonola ere, Kopenhageri ahalbidetu zion emaitza baztertzea eta independentzia gauzatzea eragoztea.

Sezesioa ez da barne demokraziaren auzia soilik. Dimentsio geopolitiko erabakigarria du

Sobietar Batasuneko errepubliken botoek ere ez zuten berez sezesioa eragin: desegiten ari zen estatuaren gaineko errealitate politiko berria legitimatu zuten, eta errepublika guztiek ez zuten bozkatu ere egin. Kosovok, berriz, independentzia aldarrikatu eta aitortza dezente lortu zuen 2008an, erreferendumik egin gabe, Serbiak kontrola galdu eta Mendebaldeko potentziek prozesua bultzatu ondoren.

Kontrako adibideak ere argiak dira. Katalunian, 2017ko urriaren 1eko bozketak mobilizazio indarra erakutsi zuen, baina Espainiako Estatuak kontrol instituzionala, fiskala eta judiziala mantendu zuen, baita Mendebaldeko estatuen babesa ere. Egun batzuk lehenago, Irakeko Kurdistanen, independentziak botoen %92,7 lortu zuen; hala ere, Bagdadek Kerkuk berreskuratu zuen, inguruko estatuek prozesua baztertu eta nazioarteko potentziek ez zuten babestu. Botoek ez zuten botere-harremana aldatu.

Sezesioa ez baita barne demokraziaren auzia soilik. Dimentsio geopolitiko erabakigarria du. Estatu matrizearen ahultasunak edo absentziak independentziarako aukera ireki dezake; haren itzulerak, berriz, aukera hori itxi. Estatu berrien sorrera botere orekaren, aliantzen, segurtasun interesen eta aitortzaren mende ere badago. Horregatik, antzeko emaitza duten erreferendumek ondorio desberdinak izan ditzakete.

Cardiffeko adierazpena eta Alderdi Quebectarraren garaipena ez dira helmuga, indar politikoaren metaketaren adierazle baizik. Biek presioa handitu dezakete, baina inflexio-puntua Londresen eta Ottawaren kalkulua aldatzea izango da, baita nazioarteko eragileen jarrera ere. Botoek independentzia legitimatu dezakete; estatu berri bat sortzeko, ordea, botere-harreman eta testuinguru geopolitiko egokiarekin bat egin behar dute. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Nazioartea
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.