Udaren amaiera eta ikasturte hasiera. Bizimoduan aldaketaren bat egin nahian dabiltzanentzat garai aproposa. Gustuko zereginen bati heltzeko, beharbada, ohitura desegokiren bat alboratzeko, agian. Hausnarketa, saiakera eta promesa ugariko garaia izaten da udazkenekoa.
Hiruzpalau gertakizunek jarri naute ni ere aurtengo udazkenean trantze horretan. Gertakizunak modu kronologikoan kontatuko ditut, ez hainbeste haiek eragindako emozioen neurriaren arabera.
Lehena taberna batean gertatu zitzaidan. Barrako paretan halaxe zioen kartel batek: “Hemen euskaraz eska dezakezu”, kanpaina baten ikurra azpian zuela. Haserre bizian, horixe bakarrik falta zitzaigun, euskaraz ezin eskatu izana!, pentsatu nuen nire kolkorako.
Kartelak iraun zuen hilabete gutxi haietan konturatu nintzen, ordea, bezero askorentzat, jarri zuenarentzat bezala, euskaraz eskatzeko gonbita adierazten zuela kartelak. Nolabait ere aurreko “hemen eskatu euskaraz” lehor hura baino zerbait goxoagoa, garai hauetara hobeto egokitzen den proposamena, alegia. Eta euskararen aldeko ahalegin bat behintzat bazela. “Badira gutxiago egiten dutenak…”.
Niri haserrea eta mina eragiten zizkidan.
Bigarrena jatetxe batean izan zen. Izen bat daukan jatetxe dotore batean. Janarien zerrenda bi edo hiru hizkuntzatan zegoen. Euskaraz txikian. Euskaraz eskatu genuen eta hala zerbitzatu gintuzten. Harritu egin ginen eta izan zen amaieran eskerrik asko eman zienik ere, hizkuntza aldetik ondo tratatuak izan ginelako. Haserre puntua sumatu nuen nire barnean, konformidade egoera horretara iritsiak ginelako.
Barrako paretan halaxe zioen kartel batek: “Hemen euskaraz eska dezakezu”, kanpaina baten ikurra azpian zuela. Haserre bizian, 'horixe bakarrik falta zitzaigun, euskaraz ezin eskatu izana!', pentsatu nuen
Hirugarren gertakizunak Zinemaldia izan zuen kokalekua. Film pare bat ikusi genituen, biak azpititulatuak. Azpititulu nagusia gaztelaniaz, handian, beheko aldean erdi-erdian. Beherago eta dezentez txikiago, euskaraz eta ingelesez. Lanak ziren euskarazkoa jarraitzeko. Neure buruarekin haserretu nintzen, traizioa egiten ari nintzaiolako, begia gaztelaniazkora joaten baitzitzaidan etengabe. Ondokoa sentitu nuen txundituta euskaraz ere bazeudelako azpitituluak. Aurrerapen handia iruditu zitzaion.
Haserrea, mina, konformidadea… Enric Larreula filologo eta militante katalanari 2011n ARGIAk 2287. zenbakian egindako elkarrizketa etorri zait gogora eta berrirakurri egin dut. Katalan hiztunek sufritzen dituzten min eta haserreei buruzko liburua idatzi zuen 2002an Larreulak, Dolor de Llengua, eta bertan kontatu zituen zein ziren eta nola bizi zituen min horiek. Gai horren harira elkarrizketatu zuen ARGIAk. Minak ez ditugula kontatzen dio berak, etengabe gezurra esaten dugula ondokoa deseroso ez sentitzeko, ondo gelditzeko edo lotsa sentitzen dugulako, baina agerian jarri behar direla, esan egin behar direla. Sufritzea ez dela ona eta oinazez beteta egotea saihestu behar dela ere esaten du, baina etengabe egon behar dela erne ongi ez dauden egoerak salatzeko. Minik ez sentitzeari, ordea, beldurra dio Larreulak eta Irlandaren kasua aipatzen du. Jada ez omen die minik ematen ingelesez hitz egiteak, eta minik ematen ez duenean ez daukazu defentsarik guardia egiteko eta ekintzarako.
Datorren ikasturteko nire erronka hauxe izango da: ondokoei lasai adieraztea nire haserrea.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.