Etorkizuneko gizakiak horrela gogoratu gaitzake: “Erabilera bakarreko produktuak erabiltzen zuen belaunaldia”. Kuriosoa da ez gaudela hain urruti eskuartean zuen objektuari ahalik eta erabilera gehien ematen zion eta erabilpen-aldiak biderkatzeko ekintzak praktikatzen zituen belaunalditik (fraka barrenaren belaunaldia). Eskasia garaiarekin lotzen bada ere, dagoenarekiko sentsibilitate zehatz baten gisara uler genezake. Oihal zati batekin, arrain zati batekin edota egur zati batekin zer egin eta probetxua nola handitu lan bat bilakatzen zen, material bakoitzaren ahalmena hedatu eta biderkatzeko asmoz. Baliabide materialarekiko errespetu handia erakusten zuen jarrera batez mintza gaitezke. Urritasuna gainditzen duen ondorengo aroan bizi gara eta oparotasunak itsutu egin du baliabide materialarekiko arreta eta mimoa. Berez, baliabideen narotasunak ez luke sentsibilitate galera ekarri behar, ez baitira ekintza kontrajarriak. Izan ere, baliabideak eskuratzeko erraztasunak aprobetxamendu aukerak zabaltzeko bidea izan beharko luke, ez probetxuaren ukamendua. Erabilera bakarrean materiala suntsitzeak materialtasunarekiko mespretxu keinu bat du ezkutuan, nolabait.
Alegia, behar-beharrezkoa bakarrik erabiltzea abilezia bat dela, ez dela eskasiaren ondorengoa. Behar-beharrezkoa soilik erabiltzeak edertasuna eta inteligentzia erakusten ditu, eskasia egoera batek eratorritako konplexua gainditzen badugu. Euste ariketa bat ez da ukapen bat, baliabideari potentziala irabazteko modu bat baizik. Behar-beharrezkoari doitzeko ariketak sentsibilitatea eta adimena biltzen ditu. Lan zehatza eskatzen du, arreta jakin bat eta erabaki bakoitzean xehetasun handia. Ezagutza eta obserbazio entrenamendu sakon bat eskatzen du baliabide eta testuinguruarekiko, erabilera eta gastu bakoitzaren mugimendua oso neurtua baitago, harrapatu behar da non dagoen biderkapenerako gaitasuna. Ez gehiegi, ez gutxiegi. Behar-beharrezkoaren dotorezia.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.