Euskara barik, unibertsitatera

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ados: epaileek esan dute Euskara ikasgaiaren selektibitateko nota kontuan hartu behar dela, unibertsitatean plaza bat lortzeko. Eta?

Selektibitateak, EAEko Hezkuntza Sailak eta EHUk elkarlanean antolatzen duten proba erabakigarri horrek, jarraituko du ikasleek euskaraz dakiten neurtu barik, eta jarraituko du euskaraz ez dakitela frogatzen duten ikasleak aprobatzen. Ez al da hori euskal hezkuntza sistemaren porrot onartezina? Hiru urterekin sartu HHn, 18rekin amaitu batxilergoa… eta euskaraz ikasi ez.

Hori bai: B ereduan ikasi dutenek poltsikoan B2 mailaren ziurtagiria daroate, 2. hizkuntza-eskakizuna. Bikain.

Hezkuntza Sailak eta EHUk erdibana-edo antolatzen duten euskara-azterketa hori helburu gabea da: zertarako behar dugu ikaslearen euskara maila neurtzen ez duen euskara-azterketa? Zertarako behar dugu ikaslearen jakintza maila neurtzen ez duen edozein azterketa?

Ez da bakarrik (eta bada marka!) selektibitateko euskara-azterketak ez duela ahozkoa neurtzen, ezta entzunaren ulermena ere: EAEn, Nafarroan ez bezala, euskara-azterketa berbera egiten dute A ereduko ikasle euskara bakoek eta D eredukoek.

Selektibitateak jarraituko du ikasleek euskaraz dakiten neurtu barik, eta jarraituko du euskaraz ez dakitela frogatzen duten ikasleak aprobatzen

Zergatik hori? Bada, D ereduaren neurrira eginiko euskara-azterketa integral batek are ageriago utziko lukeelako A eredu osoak eta B eredu gehienak ez dutela balio:

• Legea betetzeko: “Derrigorrezko bigarren hezkuntza amaitzean, Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 maila lortu beharko da bi hizkuntza ofizialetan”. 17/2023 legean.

• Eskubideak bermatzeko: “(…) biztanle guztiek dute bi hizkuntzok [euskara eta gaztelania] jakiteko eta erabiltzeko eskubidea”. 3/1979 legean.

Selektibitateko euskara-azterketaren absurdoa koxka bat gehiago igota, Hezkuntza Sailak eta EHUk, biek elkarrekin, erabaki dute ahozkoa eta entzunezkoa ez neurtzea, baina soziolinguistika eta literatura bai. Hori horrela, selektibitatean nota onena lortzeko, euskarari bizkar emanda bizi diren ikastetxe kontzertatuek ez diote minutu bat eskainiko ikasleen ahozkoa nahiz entzunezkoa hobetzeari. Haien ikasleak testuak irakurri eta irakurri ariko dira, idazlanen bat edo beste eginda.

Hori bai: DBH B ereduan (nominalean) egin dutenek, B2 poltsikoan. Buruan? Ez. Ahoan? Are gutxiago. Baina oposizioetan euskara egiaztatu behar izatetik salbuetsita.

Argi dago Ebaluazio Diagnostikoak eta selektibitateak ez dutela neurtuko gure ikasleen benetako euskara maila. Egingo al dugu irakasleok neurketa, Katalunian legez? Beste inork ez baititu benetako datuak bilatuko, badaezpada ere. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Euskara Hezkuntza Gizartea
Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.