New York, 1932ko irailaren 20a. Rockefeller Center 256 metroko etxe orratza eraikitzen ari ziren langileei argazkia atera zieten aldamio baten gainean, hamaiketakoaren atsedenaldian. Hurrengo egunetan New York Herald Tribune egunkariak argitaratu zuen, eta XX. mendeko hirigintzaren irudi ikonikoetako bat bilakatu zen Lunch Atop a Skyscraper (Hamaiketakoa etxe orratz gainean) izenekoa.
Argazkian 11 langile ikusten dira lasai ederrean jaten, erretzen eta likorea edaten, inongo babes neurririk hartu gabe, azpian amildegia dutela. Argitaratu eta berehala, eszena horrek lan-segurtasunaren inguruko eztabaida piztu zuen, eta AEBetako kapitalismoaren gorakadaz, migratzaileen esplotazioaz eta klase elkartasunaz zer pentsatua eman zuen. Hain juxtu, 1932an Franklin D. Rooselvelt hautagai demokrata Etxe Zurira iritsi berria zen, eta 1929ko krakari aurre egiteko New Deal inbertsio politikaz gain, neurri sozial ugari jarri zituen martxan. Irudi horrek lagundu zuen etxe orratzen eraikuntzan lehen aldiz langileak sokak erabiltzen hastea.
Argazkia ez zen espontaneoa izan, Rockfeller Center eraikinaren publizitate kanpaina batentzat aurrez prestatua baizik: irudian ikusten ez den arren, langileen azpian, metro gutxitara, eraikitako azken solairuaren zorua zegoen
Argazkia ez zen espontaneoa izan, Rockefeller Center eraikinaren publizitate kanpaina batentzat aurrez prestatua baizik: irudian ikusten ez den arren, langileen azpian, metro gutxitara, eraikitako azken solairuaren zorua zegoen. Corbis agentziak kontrataturiko hainbat argazkilari aritu ziren argazki-saio hartan, eta orduan ohikoa zen bezala sinadurarik gabe argitaratu zenez, ezin da ziur jakin egilea zein den, nahiz eta hainbat hautagai egon.
2021ean jakin genuen beste langile bat –ezkerretik hasita bigarrena– euskalduna zela: Natxo Ibarguen balmasedarra. Derrigorrezko soldadutzatik eta Rifeko gerratik ihesi joan zen 1919an Argentinara, eta ondoren New Yorkera egin zuen lan bila
Baina langileak bai dira benetakoak, eta garai hartan AEBetara iritsitako migratzaileen ekosistema ezin hobeto ordezkatzen dute. Haietako gehienen izenak ere anonimotasunean geratu zaizkigu, baina jakina da tartean irlandarrak eta eslovakiarrak zeudela. Eskuinean botilarekin dagoena –kamerari begiratzen dion bakarra–, adibidez, Gusti Popovic eslovakiarra zen. Eta nola dakigu? Postala bidali ziolako emazteari, honako esaldiarekin: "Ez arduratu, Mariska, ikusten duzun bezala, ni beti ongi botilarekin".
2021ean jakin genuen beste langile bat –ezkerretik hasita bigarrena– euskalduna zela: Natxo Ibarguen balmasedarra. Euskadi Irratian bere senide batek azaldu zuenez, Ibarguen derrigorrezko soldadutzatik eta Rifeko gerratik ihesi joan zen 1919an Argentinara, eta ondoren New Yorkera egin zuen lan bila. Boluntario deitzen zioten, Bigarren Gerra Karlistan aritutako osaba bati ere hala deitzen ziotelako, eta senideek diote antzekotasun fisiko handia zuela. Ibarguen igeltsero lanetan aritu zen urte luzez, eta 1957an hil zen AEBetan, gaur migratzaileak ostikoka bidali eta deportatzen dituen etxe orratzen herrialdean.