Buenos Airesko Filba literatura jaialdian izan da Uxue Alberdi idazlea, besteren artean, kosmobisio bakoitzak nola eta nondik idazten duen hausnarrean. Camilo Ballena poeta witxiarekin egin du bat topaketetan, bere hizkuntzan lehen abesti ez elizkoia idatzi zuen poetarekin. Honako hau da Ballenarekin izandako topaketan sortutako hausnarraren kronika.
Eser al naiteke hemen?”, galdetu dit. Goiza da Palermo auzoan. Bart Bolsonarok aurrea hartu zion Lulari Brasilgo presidente izateko lehian, eta gaur Pedro Sánchezek Espainiako hauteskundeak aurreratuko dituela iragarri du. Hemen gaude, Mileik gobernaturiko herrialdean gosaltzen. “Traba egingo al dizut esertzen banaiz?”, galdetu dit. Camilo Ballena da (Sausalito, 1975), witxi komunitateko poeta eta kantaria. Atzo ezagutu genuen elkar, Buenos Airesko Filba literatura jaialdiko Cosmovisión y lenguaje mahai-inguruan. Dani Zelko artista, idazle eta editorearekin batera aritu ginen hizketan.
Antolatzaileak “hitz gutxiko mendiko gizon bat” zela esan zidan Camilo Ballenari buruz, nik hura ezagutu aurretik; baina oraintxe esan berri dit bere lurra laua dela erabat, ez dagoela mendirik han.
Elkarren aldamenean eserita gaude Clásico hoteleko kafetegian, eta eguzkia sartzen da leihateetatik. Txokolatezko pastelak hartu ditu berak; facturak eta olo ahia nik. “Han ez dugu horrelakorik jaten”, esan dit, “gure amak laurogeita hamasei urte ditu eta betaurrekorik gabe ehuntzen du oraindik. Baditu bere errezetak…”. Hala ere, gogoz irensten ditugu azukrea, manteka eta irin findua. Betaurrekoak daramatzagu biok.
“Aizu”, ausartu naiz, “zuk gaztelaniaz hitz egiten duzunean ere witxiz pentsatzen al duzu?”. “¿Hablas traduciendo?”, galdetu diot zehazki, hala iruditu baitzitzaidan bart. Irribarre egin dit. Eskuak ahoaren aurrean dituela mintzo da, hortzak ezkutatu nahi balitu bezala, baina aldamenetatik ihes egin diote ezpain ertzek. “Zuk ere bai?”, galdetu dit bueltan. Irribarre europarrarekin erantzun diot.
Malba museoko auditorioan aritu ginen atzo, gaztelaniaz, eta geure liburuen itzulpen-prozesuez galdetu zigun Eugenia Zicavok. Ez dakit entzuleak ohartu ote ziren Camilo eta biok egiten ari ginen bat-bateko itzulpen-ariketaz; agian, pentsatuko zuten geurez garela motelxeagoak, menditarrak, hitz gutxikoak. “Euskaraz pentsatzen dudanean hitzak erreka dira niretzat”, esan diot –gizon indigena xarmatu nahian ari ote naiz?– , “gaztelaniaz, berriz, puzzle bat”, eta eskuak mugitu dizkiot airean, ahokatzeko piezen bila. “Gauza bera da niretzat”, aitortu dit, berak ere “handik eta hemendik” arrantzatu behar izaten dituela hizkuntzaren puskak gaztelaniaz ari denean.
Kazetari argentinar batek nire nobelaren azalean Traducción: Irati Majuelo irakurri eta, harriturik, “…pero, ¿entonces en qué lo escribíste?”, galdetu zidala kontatu diot. Gure hitzak nondik datozen enigma zaio askori. Hortaz ere aritu ginen atzo: hizkuntza gutxituetan idazteaz eta testuok hizkuntza hegemonikoetara itzultzean gertatzen denaz. Ez baita gauza bera literaturaren urak minorizaziotik hegemoniara edo hegemoniatik minorizaziora eramatea. Zadorra Ebron edo Ebro Zadorran hustea, ez da gauza bera.
Autoak joan datoz hoteleko beiratearen aurretik. Siembra izeneko kafetegia dugu parez pare auzo gentrifikatuan.
Gaztelaniaz koskortutakoan ikasi zuela kontatu dit Camilok, eskolan, “ez liburuetatik; airetik, baizik”. Neuk bezalaxe. Kontatu diot egun hauetan ohartu naizela gaztelaniaz ez naizela gai aldi berean hitz egin eta gogoratzeko. Nire burmuinaren energia guztia behar dudala gaztelaniazko esaldiak sortzeko, hitzak ekartzeko eta antolatzeko, eta ez naizela gauza hizketan ari naizen bitartean buruan beste zerbait –segidan esango dudana, adibidez– gordetzeko. Euskaraz, bai. Urrutira joan gabe, bertso guztien amaierak gordetzen ditut memorian bertsoa goitik behera sortzen ari naizen bitartean, eta puntu bat kantatu ahala antolatzen dut hurrengoa buruan, azkena ahaztu gabe –ia beti–.
Camilo Ballenak Argentinako poesia indigenaren saria irabazi du Tañhi iyahinpho / Cuando despierta el monte liburuarekin. Ballenaren lana hautatu zuen epaimahaiak witxiz, guaranieraz, mokoitez, selk’namez, maputxez eta txanaz idatzitako hainbat testuren artetik.
Medialuna-ri kosk, witxiak eta gaztelaniak esaldien egitura berdin-antzekoa al duten galdetu diot. “Ez! Erabat alderantzizkoa!”, esan dit dibertiturik. Bere liburu sarituak ele bitan dakartza poemak, witxiz eta gaztelaniaz, eta Camilok berak itzuli ditu. “Baina itzulpena ez da baliokidea”, esan zuen atzoko hitzaldian, “no hay equivalencia de miradas”. Esandakoa azaltzen saiatu zen: “Arbola esaten dugunean ez dugu gauza bera ikusten zuek edo guk, witxiok: guretzat arbola subjektua da; zuentzat, ordea, objektua da”. Ikusten ez denarekiko harremana eta pertsonen eta naturaren arteko elkarrekikotasun-printzipioa arakatzen ditu Ballenak poemetan. Eta hala pentsatzen du hizkuntzaz ere: “Witxi hizkuntza ez dago naturatik, territoriotik eta espiritualitatetik bereizita: dena da bat”.
"Aizu", ausartu naiz, "zuk gaztelaniaz hitz egiten duzunean ere witxiz pentsatzen duzu?"
Uxue Alberdi
Antzeko zerbait esan zuen Bartzelonan bizi den Mafe Moscoso idazle ekuatoriarrak ere San Telmo auzoko La Libre liburu-dendan elkarrekin egin genuen liburu-aurkezpenean. Kontatu zuen kazetari espainiar batek baino gehiagok iradoki izan diola La Santita (consonni, 2024) liburuko ipuin zoragarrietan diminutibo gehiegi erabiltzen dituela, haien ustez txikigarriek irakurketa kaltetzen zutela, infantilizatu egiten omen zutelako testua. Moscosok, ordea, irmo defendatzen du dimitutiboa, beretzat inguruarekin terneziaz lotzeko era bat delako, kosmobisio kitxuatik datorrena, zeinak ez dituen bereizten giza mundua eta natura; biziak eta hilak; ikusten dena eta ez dena. Beretzat ez da gauza bera café, sol edo agua edo cafecito, solcito eta agüita esatea.
Egunotan asko hitz egin dugu gauzak izendatzeko moduez. Buenos Airesko azken gosarian, bere komunitateko kideek izen witxirik izaten ote duten galdetu diot Camilo Ballenari. “Guretzat izena ez da inportantea”, erantzun dit, apal. “Gure komunitatean, normalean, haurrei ez zaie izenik ematen hizketan hasten diren arte; haur bakoitzak barrutik ateratzen du bere izena”, azaldu dit. Haize fin bat, garondo zurian.
Gogoratu dut, aspaldi, Mari Luz Estebani aditu niola bazirela Brasilen komunitate batzuk haurrei lau urte bete arte izenik jartzen ez zietenak. Oker ez banabil, jaioberriei izenik ez jartzea haurren heriotza-tasa altuarekin lotzen zuen Estebanek, umeekiko atxikimendu berantiarrarekin, bizirik iraungo ote zuen jakin ez eta, prudentziaz, izenak geroagorako uztearekin. Hala, antropologoak zalantzan jartzen zuen haurra sortu eta berehala –edo sortu aurretik–, naturalki, sortzen zenik amen kumeekiko atxikimendua, eta maitasunezko lotura hori kulturala zela eta bizi-baldintzek eta kosmogoniak moldatzen zutela defendatzen zuen.
Camilok beste era batera azaltzen du: “Izena ez da gurasoek umeei jartzen dieten zerbait; bakoitzari sortzen zaio”. Bere amaren izenarekin jarri dit adibidea: Camilo Ballenaren amaren izenak witxiz txitxarra esan nahi omen du, edo zehatzago: txatxirra. Intsektu horren witxizko izena –titsilh– trabatu egiten omen zitzaion amari txikitan, ezin omen zuen zuzen esan, eta hala gelditu zitzaion betiko: Tsilkit. Txitxar txiki txatxirtu bat mingainean trabatua eta izanari itsatsia.
Komunitateko beste kide batzuek, aldiz, paperak egitera joandakoan jaso omen zuten izena. “Igerilekuan apuntatzera joan eta 'zein da zure izena?'galdetzen zieten, 'ez dakit' erantzuten zuten, eta orduan igerilekuko langileak asmatzen zien bat”. Bere kide batzuek bi izen omen dauzkate, witxia eta gaztelaniazkoa, “paperak egiteko orduan funtzionarioek ez zutelako izen witxia ulertzen”. “Eta zuk?”, galdetu diot. “Nik ez daukat izen witxirik”. Ospitalean jaio zen bigarren umea izan zen bere familian, eta erizain batek jarri omen zion Camilo Cienfuegosen ohoretan.
“Eta abizena?”, galdetu diot. Kosk egin dio txokolatezko pastelari. “Ez dugu erabiltzen”, erantzun dit irensten amaitu duenean. Mundu-ikuskera Mendebaltartutik hala eskatzen zaienean bakarrik ematen dutela ulertu diot. Esaterako, poema liburu baten azalean jartzeko: Camilo Ballena. “Dena den, gure aitona Valle zen; aita, Ballén, eta ni Ballena”. Hizkiak aldatu eta gehitu dizkiete belaunaldi bakoitzean. “Hemendik aurrera ez dakit zer gertatuko den”, dio, kontuak berarekin zerikusi handirik ez balu bezala.
"Gure komunitatean, normalean, haurrei ez zaie izenik ematen hizketan hasten diren arte; haur bakoitzak barrutik ateratzen du bere izena"
Camilo Ballena
Kantuaz eta bertsolaritzaz hitz egin dugu. Kontatu dit berea dela witxi hizkuntzan idatzitako lehenengo abesti ez eliztarra. Lehen kolpean ez dut ulertu zer esan nahi zidan. “Ebanjelizaziora arte, kanta witxiek ez zuten hitzik izaten; soinuak bakarrik”, azaldu dit. Hatsa hartu du, eta gorputzean asentatzen utzi dio. Nekea da? Bere kosmobisiotik nirerako itzulpen-ariketaren zaila? Patxada tristurarekin lotzeko joera daukadala ohartzen naiz, eta ez zait gustatzen. “Ebangelizazioarekin, eliz kantuak witxi hizkuntzara itzuli ziren, eta guk witxiz kantatzen genituen; baina elizatik kanpo ez zegoen letradun abestirik witxiz, gure kantuek ez zuten hitzik”. Gorputzak salto egin didala ohartzen naiz. “Nola ez zutela hitzik?”, galdetu diot, “soinuak bakarrik? Zer soinu mota, ordea? Fonemak? Soinu guturalak?”.
“Zaila da azaltzen”, esan dit, eta isilik gelditu da. Ni ere bai, aldamenean. Handik denbora batera erantzun dit: “Witxiak hegaztiengandik eta intsektuengandik hartzen zuen kantua. Naturako soinuak imitatzen zituen, garaian garaikoak, gure kantuak diferenteak ziren neguan edo udaberrian…”. Beirateen atzeko zuhaitz mutuei begiratu diet.
Norberaren hizkuntzan lehen aldiz musika bati hitzak jartzea zer ote den pentsatzen dut, eta zer gertatzen ote den hitzak naturako soinuak ordezkatzen dituenean. “Nolatan bururatu zitzaizun?”. Kontatu dit bere eskolan, horman itsatsita, bazela poema witxi bat, bat bakarra, eta poema hura behin eta berriz irakurtzen zuela umetan, liluratuta. Musikaria zenez, egun batean pentsatu omen zuen: “Eta nik ere musikarentzat hitzak idatziko banitu?”. Halaxe sortu zuen witxizko lehen kanta ez eliztarra, gaur egun witxi komunitateko ereserkia dena.
Bat-batean, hizkuntza indigenez arduratzen den gizon hiritar bat sartu da kafetegian. Abiadura dakar. Camilo Ballenaren bila dator, elkarrizketa batzuk egin behar dizkiote, joan beharra daukate. “Bueno”, esan du Camilok. Hatsa hartu eta erortzen utzi die sorbaldei. Bolsonaro, Milei, dirulaguntzak, komunikabideak, aurkezpena, irratiak, dio porteñoak. Etengabea da giza kirrinka asmoetan, erritmoan, espresioan. Mendiko gizonak pazientziaz hartzen gaitu azelerazioaren kumeak. Ulertzen ote gaitu? Distantziatik begiratzen digu.
Hain zuzen ere, ez ulertzearen garrantziaz aritu ginen atzoko mahai inguruan. Irudimenari barruan kabitzen zaiona baino gehiago emateaz. Itzulpenetan galtzen denaz, irabazten denaz, entendimenduak ehizatu ezin duen irekidura horretaz, nondik sartzen den diferentea denaren arnasa, nahiz dena ulertu ez, areago: dena ez ulertzeari esker.
Una pregunta como un vientito en la cara, dio gaztelaniazko itzulpenean Camilo Ballenaren poema batek –vientito, ez viento–, eta halaxe itxi da hoteleko atea, mundua eskuinerantz biratzen ari den bitartean kirrik eta kirrik, lurrerantz, pausarantz, zalantzarantz putz egiten duen haize fin batekin.